Osasunaren memoria

Jakes Goikoetxea / 2016-11-09 / 195 hitz

Futbolak ez dauka memoriarik». Esaldia Pedja Vasiljevic Osasunako kirol idazkariarena da, Enrique Martin Monreal entrenatzailea kaleratu izana zuritzeko. Zintzoa izatekotan, memoriarik ez daukatenak futbol taldeen kudeaketa eta kirol arduradunak direla zehaztu beharko luke: ez Vasiljevic berak duela hilabete eskas esan zuelako Martin haien entrenatzailea zela, beregan konfiantza zutela eta lasaitasuna behar zela; ez Luis Sabalza taldeko presidenteak duela bi aste nabarmendu zuelako klubeko kide guztiak Martinen alde zeudela, «hiltzeraino». Jakina da futbol taldeetako arduradunen hitzak hauteskundeetako hautagaienak baino gutxiago balio duela.

Enrique Martin Monrealek 2015eko maiatzean hartu zuen Osasuna, eta 2. B mailara jaistea saihestu zuen —berak eta jokalariek—. 2015-2016ko denboraldian, seigarren bukatuta ere, taldea Lehen Mailara igotzea lortu zuen. Eta bai, Lehen Mailan azken-aurrekoa da, garaipen bakarrarekin eta zazpi punturekin; baina Lehen Mailari eusteko postuetatik hiru puntura, harrobian oinarritutako taldearekin, erdipurdiko jokalariekin eta aurrekontu apalenetakoarekin. Hamaika jardunaldiren ondoren, bukatu zaie pazientzia hasieratik Martini buruzko zalantzak zituztenei. Memoriak hamaika jardunaldi iraun die, entrenatzailea telefonoz kaleratu aurretik.

Eta Martin entrenatzaileak bertute bat baldin badu, zintzotasuna da. Ez dauka gezurrik esan beharrik, eta zaleei argi eta garbi esan die zein den Osasunaren lekua, eta zein egin beharreko bidea.

Sufritzen dutenek memoria izaten dutela esan ohi da. Ez guztiek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude