Grezian ez aurrera ez atzera geratu diren errefuxiatuek futbola maite dute

Patxi Gaztelumendi / 2017-02-11 / 606 hitz

Urrunetik etorritako gazte askoren ametsa da orain Europa. Batzuk harrapatuta daude Grezian, eta denbora da soberan duten gauza bakarra. Eta egoera horri aurre egiteko kirola da aukeretako bat. Bazter guztietako errefuxiatuek futbola maite dute, eta ametsak gauzatzeko zeregin ere bilakatu da beraientzat. Futbolean aritu, lana egin eta paperak lortzea da uneotan duten zeregin nagusia. Etorkizuneko proiektuak dituzte, baina ezin dute Greziatik mugitu. Horregatik denbora eramangarriago egiteko ekintzetan aritzen dira.

Gazteekin joan gara futbolera; Atenas hiriburuko Exarchia auzo gainera, muino batean dagoen kantxa txukunera, bertan ematen baitituzte orduak adin eta jatorri ezberdinetako errefuxiatuek.

Beraiek ere talde batean jokatu nahiko lukete, berriki Hope Refugees futbol taldekoek egin duten bezala, edo Alemanian jokatzen ari diren Lampedusa taldekoen antzera. Beraien istorioak batu ditugu lerrootan. Eta hurrengo partidarako hitzordua egin dugu. Hasi da partida!

Errefuxiatu eremu batean zeuden jokalariek osatu dute Hope Refugees taldea. Petros Kokallis Olympiakos taldeko lehendakariordeak sortu eta kudeatzen du taldea. Eta batez ere Skaramangas errefuxiatu eremuko jokalariek osatzen dute. Astero entrenatzen hasi ziren denboraldia hasi zenean, eta egun liga txapelketa bat jokatzen ari dira.

Entrenatzailea bera ere ez da edonor: Antonis Nikopolidis Greziako selekzioko atezain izandakoak hartu du Hope Refugees taldearen kirol ardura. 2004an Europako txapeldun izandako atezainak, aurretik Olympiakos eta Panathinaikos taldeetako ateak zaindu zituen. Orain, nahiago du astean hirutan 24 errefuxiatu gazteri aginduak eman, beraiekin denbora eman, gerra eta miseria atzean utzi nahi dutenei kirolean aritzeko aukera eskaini.

Gehien sufritzen ari direnen ondoan aritzeko hautua erraz eta azkar hartu zuen Antonis Nikopolidisek. Izan ere, berak aitortu digunez, bere arbasoak ere Turkiaren menpe zegoen Pontotik etorritakoak ziren. 1920ko hamarkadan heldu ziren Greziako hiriburura Itsaso Beltzeko Turkiako itsasertzetik. Orain berak hartu du lekukoa, Siria, Palestina, Afganistan edo Iraketik etorritako jokalariei euren bizitza berrian lehen urratsak egiten laguntzeko.

Europako mugak erabat itxi aurretik, itsasoz leku batetik edo bestetik Europara heldutako iheslari ugari Mediterraneoko Lampedusa irlan elkartzen ziren. Orduko irudiak ahaztezinak dira. Horietako askok Alemaniara jo zuten. Baina han ere egoera latzak bizitzera ohitu behar izan zuten. Hanburgo hirian zeuden errefuxiatu gehienak kale gorrian zeudela, elkartasuna zer den badakiten pertsona batzuek futbol talde bat osatu zuten beraiekin. Bertako Saint Pauli talde ezagunak hartu zuen horren ardura. Eta Lampedusa izena jarri zioten errefuxiatuen talde osatu berriari. Hiru neska dira taldea kudeatzen dutenak. Entrenamenduak eta ekipoaren gorabeheren araberako errekurtsoak antolatzeko ardura guztia beraiena da, eta hori bera ere gauza arrunt berritzailea da futbolean. Lampedusa futbol taldea ofiziala da gaur egun, eta bigarren mailan aritzen da Alemanian. Berriki Bartzelonaren kontra aritzeko aukera izan zuen, eta gazte askoren ametsa bete egin zen munduko jokalari onenen ondoan jokatzean.

Okupatutako hainbat gune daude Atenasen: City Plaza, Kanigos, Trikupi, Jazmina… Bakoitzak futbol ekipo bat osatu du. Errefuxiatuen bizitza eramangarriago egiteko guneak dira. Bizilekuak. Errefuxiatuen kanpamenduetan baino hobeto daude okupatutako leku horietan. Hirian bertan daude eta pertsonak bezala bizi dira. Hori da helburu nagusia. Eta horregatik, squat horietan laguntzen zuten Rapok eta Elenak errefuxiatuen taldeon arteko liga bat antolatzea pentsatu zuten. Esan eta egin!

Larunbatero partidak antolatzen dituzte, eta astean zehar errefuxiatuen talde ezberdinak entrenamenduak egiteko biltzen dira. Talde ezberdinentzat jantziak lortzen ari dira. Pozarren ari dira gazte errefuxiatuak beraien ligan.

Elenak txistua jo eta hasi da partida. City Plaza eta Jazmina elkarren kontra. Bi ekipoetan herrialde ezberdinetatik etorritako kideak daude. Baina bakoitzak bere gunea okupatzen du, siriar, kurdu, afganiar edo irakiar izanda ere. Lagun artean ari dira, hizkuntza eta kultura ezberdinak izan arren eguneroko bizitzan. Baina futbol kantxan arerio dira orain.

Partida ikustera errefuxiatu gehiago iritsi da. Beraien sorlekuetan futbolean aritutakoak dira errefuxiatuetako batzuk. Futbolzale amorratuak. Errefuxiatuei laguntzen aritzen diren boluntarioak ere etorri dira. Okupatutako gune ezberdinetako kideak dira ikusle gehienak. Exarchia auzoan garagardo bat edo kafea hartu eta lagun giroan bilduko dira ondoren Grezian harrapatutako futbolari errefuxiatuak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude