Kontuz baginan sartzen dugunarekin

Ainhoa Mariezkurrena / 2017-01-30 / 423 hitz

Errutinak betiko moduan jokatzera garamatza, zergatik eta nola bizi garen zalantzan jarri gabe. Hilekoa jaisten zaigunean jarraitu behar ditugun pausoak modu batean ematera ere ohitu gara. Zer da, ordea, baginan sartzen duguna? Zer ezkutatzen da?

Tanpoiak eta konpresak erabili ohi ditugu hilekoa dugun emakumeok. Jendarteak, erlijioak, enpresek zein komunikabideek zuri eta garden –edo urdin– irudikatzen dute finean odola dena, emakume orok bizitzen duen prozesua desnaturalizatuz, isilean eraman beharreko lotsatzeko moduko zerbait  delakoan. Are gehiago, naturarentzako zein osasunerako kaltegarriak diren osagaiak dituzte produktuok.

Tanpoiak eta konpresak zuriztatzeko produktu kimikoak erabiltzen dira, dioxina tartean, kloroa duen osagaia. Tanpoien zeregina baginan dagoen guztia xurgatzea da, ez odola bakarrik. Hala nola, infekzioetatik (emakumeetan hain zabaldua dagoen kandidiasi infekziotik, esaterako) babesten gaituzten PHa eta fluxu baginala ere xurgatzen dituzte. Behin erabiltzekoak dira eta ezin dira birziklatu. Datu bat ematearren: urtean batez beste 3.000 milioi tanpoi eta konpresa erabili eta botatzen dira Espainiako Estatuan.

Badira, ordea, bestelako hautu bat egin nahi duenarentzako alternatibak: Hilekoaren kopa (Mooncup izenekoa da ezagunena) eta konpresa berrerabilgarriak, esaterako. Garbiñe Tolosa donostiar artisaua gaiarekin eta bere gorputzarekin kezkatuta hasi zen konpresa berrerabilgarriak egiten: “Ama izan nintzenean hasi nintzen pardelak ekoizten. Ez genuen zaborra sortu nahi, haurraren osasunak kezkatzen gintuen, bere azala ukituko zuten produktuak organiko eta naturalak izatea nahi genuen. Berriz ere hilekoa izaten hasi nintzenean urrats bera eman nuen, inguruan ez zegoelako horrelako eskaintzarik”.

Horrela, bere marka sortu zuen Tolosak duela sei urte: Maripuri Tijeritas. Inguruan inork ez zuen horrelako produkturik eskaintzen eta behar horri erantzuteko hasi zen lanean. “Behin hasita, beste mota bateko kontsumoa planteatzen duzu: lokala, ekologikoa, kalitatezkoa, iraunkorra, osasuntsua, biodegradagarria…”, dio. Konpresa hauek barnealdean kotoi organikoa dute eta kanpoaldean ehun transpiratzaile eta iragazgaitzak.

Ekonomikoki garestiak dirudite hasieran. Konpresa batek 13 euro inguru balio du eta egunero sei bat beharko lirateke. Hilekoaren koparekin uztartuz erabili daitezkeela dio Tolosak. 85-100 euro inguruko kostua ekarriko luke, baina lau bat urtetarako baliogarriak dira. Tanpoi eta konpresekin 75 euro inguru xahutzen dira urtean, Tolosak egindako kalkuluen arabera.

Higienea eta garbitasunaren inguruko aurreiritziak hautsi ditu: “Konpresa berrerabilgarrien kasuan, usaina odolarena berarena da; sintetikoek dauzkaten produktuek usain txarragoa dute. Finean garbitasun ikur bezala saltzen digute barrutik zikina dena”. Gainera, erosoak, iraupen handikoak eta politak direla esaten digute. “Prozesuaren jabe bihurtzen gaituzte”.

Horren guztiaren aurrean “kontzientziaz eta koherentziaz” jokatzea aholkatzen du artisauak: “Erabili eta zaborretara botatzea oso erraza da, baina gure ekintzen jabe ere bagara; janzkera, elikadura, zaborra, errespetua, osasuna, baloreak. Gure jarrera da, finean, planeta hau ez suntzitzeko dugun bide bakarra, gure bidearen erantzule izatekoa”. Horretarako aurreiritziak suntsitu eta kontsumo propioen jabe izateko beharra azpimarratu du. “Behin hasita bizitzako esparru guztietara hedatuko duzu”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude