“Txakur bat ez da aspertzean bota dezakezun kamiseta bat”

Oier Morras Aranoa / 2017-09-08 / 647 hitz

Arantxa Orkoien (Iruñea, 1973) Txikas de Etxauriko kidea da. Hamar urte daramatza txakur abandonatuen bizitza hobetzen eta harrera familiak bilatzen, inolako irabazi asmorik gabe. Etxauriko txakurtegian dihardu boluntario gisa. Sakrifizio handia eskatzen duen lan bat izan arren, oraingoz ez du asmorik amore emateko.

Nola sortu zen erakundea? Zein helbururekin?

Erakundearen sorrera ez zen izan ohiko erakunde batena bezalakoa. Nik, adibidez, ez nuen Etxauriko txakurtegia ezagutzen ere. Baina Interneteko foroetan ibiltzen nintzen, eta, behin, Bartzelonako lagun baten deialdi bat ikusi nuen. Zera esaten zuen: Etxauriko txakurtegian txakurrak sakrifikatzen ari zirela eta mesedez inguruko jendea hara joateko lehenbailehen, ahal bezainbeste txakur erreskatatzeko. Nire bikotekidearekin joan nintzen, eta hiru txakur atera genituen, baina guk jada etxean txakurrak genituenez, zaindegi batean utzi genituen. Ondoren, adopzioa bilatu genien, eta horrela hasi ginen. Animalien babesleak ziren beste bi lagun batu zitzaizkigun, eta lau horiek osatzen dugu gaur Txikas de Etxauri. Alabaina, ez gaude bakarrik: boluntario ugari etortzen dira gurera laguntzera.

Zein da zuen eguneroko lana?

Esan bezala, gure eginkizun nagusia da txakurrak txakurtegitik atera eta adoptatuko dituzten pertsonak bilatzea. Ahal ditugunak guk mantentzen ditugu familia bilatzen diegun bitartean, baina baliabide mugatuak ditugu horretarako. Izan ere, txakur bakoitza ateratzeko tasa bat ordaindu behar da, eta bilatu bitartean zaintzeak ere dirua balio du. Gure esku dagoena egiten dugu. Txakurtegian daudenean, egunero etortzen gara bizitza ahalik eta duinena dutela bermatzeko. Noski, txakurtegia bera arduratzen da elikaduraz, garbiketaz eta beste hainbat gastuz; guk argazkiak eta bideoak zabaltzen ditugu sareetan, etxea bilatzen diegu, ahal ditugunak atera eta mantentzen ditugu…

Oztopo handiak izan dituzue?

Hasieran bai, traba pila bat alde guztietatik; bidea zeharo zaila izan da. Baina, 2014tik, txakurtegiko kudeaketa animalista da, eta elkarlanean dihardugu. Hasi ginenean, ordea, infernu bat zen hau, hilketa zentro bat. Ostiralero hiltzen zituzten txakurrak. Gainera, janari txarra ematen zieten, garbiketa eskasa zen, eta ia ez zituzten kanpora ateratzen; hortaz, guk askoz ere lan gehiago egin behar genuen hutsune horiek guztiak betetzeko. Kudeatzaileak aldatu zirenean, haiekin hitz egin genuen: eskatu genien sakrifizio gehiagorik ez egiteko eta gu barruan egoten uzteko txakurrak zaintzen eta adopzioa bilatzen. Onartu zuten, azken finean lana errazten baikenien, eta ordutik hona ez dute txakurrik hil.

Ba al dago antzeko beste erakunderik Nafarroan?

Ez nago ziur, baina esan ahal dizut zerk bereizten gaituen: gauzak adierazteko dugun moduak, gardentasunak, konstantziak… Hasi ginenean, kontziente ginen bidean izango genituen zailtasun ikaragarriez, baina, hala ere, erabaki genuen aurrera jarraitzea, poliki-poliki, bihotzak esaten ziguna egiten.

Gehienak adoptatzen dituzte? Zer gertatzen da gainontzekoekin?

Horretarako egiten dugu lan, gehienak adoptatu ditzaten, baina, zoritxarrez, ez dugu guztiekin lortzen. Hala ere, gu txakurraren ondoan gaude bere bizitza osoan, lortu arte: berdin zaigu 2 urterekin edo 13rekin adoptatzen duten, edo ez badu inork hartzen; ahalik eta bizitza zoriontsuena izan dezan saiatuko gara, hil arte.

Zergatik uste duzu etikoagoa dela adoptatzea erostea baino?

Lehenik eta behin, animaliak ez direlako negozio bat. Batzuek uste dute luxuzko artikuluak direla, eta beren gustura aukeratzen dituzte, arrazaren edo tamainaren arabera. Txakur perfektua nahi dute, eta perfektuak ez garen lehenak pertsonak gara. Norberekeria hutsa da; ez dute txakurrarengan pentsatzen. Gainera, aspertzen direnean abandonatu egiten dituzte, objektu bat balitz bezala. Guk argi eta garbi esaten dugu: txakur bat ez da Zarako kamiseta bat, gustuko ez baduzu arazorik gabe itzul dezakezuna. Animaliek sentimenduak dituzte, eta adoptatu eta gero aspertu eta itzultzen baduzu, asko sufritzen dute.

Zure ustez, kontzientzia hedatzen ari da gizartean? Jendeak gero eta gehiago adoptatzen al du erosi ordez?

Bai. Zorionez, animalien eskubideen aldeko kontzientzia gero eta zabalduago dago gizartean, eta hori nabaritzen da. Adopzioak asko ugaritu dira azken urteotan; jendea txakurtegira hurbiltzen da txakurren errealitatea ezagutzeko… Hainbat arrazoirengatik adoptatu ezin duten batzuek txakurren egoera azaltzen diete ingurukoei, laguntzera anima daitezen.

Begetarianismoa edo beganismoa sustatzen saiatzen al zarete?

Erakunde gisa, ez dugu horren inguruko propagandarik egiten, gure lana txakurtegian zentratzen delako. Baina bai, gure artean gehienak beganoak edo begetarianoak gara, argi dugulako ez ditugula gure lagunak jan behar. Eta pozten gaitu gizartean gero eta jende gehiagok erabaki hori hartu izanak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.