Edertasunaren gezurrak jomugan

Eihartze Aramendia Iparragirre / 2017-11-16 / 1053 hitz

Anorexiaren aurka egiteko asmoz, ‘Photoshop dekretua’ indarrean jarri du Frantziak; publizitatean agertzen diren modeloen gorputzak tresna horrekin moldatuz gero, hala egin dutela adierazi egin beharko dute publizistek. Edertasun eskuraezinen irudiak saihestu nahi dituzte neurri horrekin.

Frantzia eta anorexia. Bi hitz horiek elkartuta, segur aski izen bat nagusitzen da askoren oroitzapenetan: Isabelle Caro. Marseillako (Okzitania) modelo ohia 2010ean hil zen, hamabost urte luzez anorexiari aurre egin eta gero. Zirrara handia eragin zuen haren gorputz biluziak. Italiako arropa marka bateko publizitatearen irudia izan zen, eta anorexiaren ondorioak erakutsi nahi izan zituen. «Argaltasunak heriotzari bide ematen dio, eta dena da, salbu edertasuna», zioen Carok. Frantziako Estatuak orain anorexiaren kontrako beste urrats bat egin nahi izan du Photoshop dekretuaren bidez. 2015ean onartu zuten legea, eta aurtengo urriaren 1ean jarri da indarrean, helburu jakin batekin: «edertasun eskuraezinen idealak sustatzea saihestu eta gazteen artean anorexiari aurrea hartu». Legea aurkeztu zuenean esan zituen hitzok Marisol Touraine Osasun ministro ohiak. Hala, publizitatean azaltzen diren modeloen gorputzak tresna horrekin moldatuz gero, argazkian «Moldatutako irudia» testua jarri beharko dute publizistek.

Baionako CMMP Zentro Mediko Psikopedagogikoko psikiatra Gilles Bibetteri Frantziak hartutako erabakia gazi-gozoa iruditu zaio. «Ongi da gezur bat ikusiko delako, baina modeloen gezurra izango da, hau da, arazoa ez da hainbeste modelo batek ikusten dugun baino kilo gehiago dituela, baizik eta modeloa ikusten dugula publizitatean, eta hori ez da errealitatea», adierazi du. Izozkiak iragartzeko publizitatea jarri du adibidetzat: «Modelo bat izozki bat jaten ikusten dugu, modelo argal bat. Lodi bat jarriko balute, ez lukete izozkirik salduko. Gainera letra txikian osasuntsu jateko esaten digute… Dena diskurtso bikoitz bat da, errealitatea erakusten ez duena». Bibettek esandakoarekin ados da Garbiñe Agirre Acabe Gipuzkoa Anorexia eta Bulimiaren aurkako elkarteko koordinatzailea. Dekretuaren balorazio ona egiten du, baina uste du gaia funtsean ez duela behar bezala tratatu. Izan ere, Photoshop dekretuak dio gorputzeko silueta moldatu denean soilik adierazi behar dela; alegia, aurpegiko azala leundu bazaio modeloari edo sudurra itxuraz aldatu, ez da adierazi beharrik izango. «Gainera, publizitateko argazkiez bakarrik hitz egiten dute. Dekretua hankamotz gelditzen dela iruditzen zait», esan du Agirrek.

Gaztetxoek abeslariei eta modeloei asko erreparatzen dietenez, ohartu behar dute argazkietan ikusten den argaltasun hori ez dela erreala, Agirreren arabera. «Haur bat handitzen ari denean, aldaketa asko izaten ditu fisikoki eta psikologikoki. Edozein nerabek ziurtasun falta du, eta horri eskuraezinak diren ereduak gehitzen badizkiogu, autoestimuan asko eragiten du. Eredu horiek imitatzen hasten dira hobeto sentitzeko, eta bide horretan gaixotu daitezke», esan du. Antzera mintzatu da Bibette: «Dena kanpoko irudia da; gure gizartean mehea izatea baloratzen da, eta hori lortzeko zuk egin nahi duzuna baino garrantzitsuagoa da zuk eman nahi duzun itxura. Gazteen helburua popularra izatea da, irudiari sekulako garrantzia ematen diote, eta hori haien kontra joaten da».

Frantziako Gobernuaren datuen arabera, 15 eta 24 urte bitarteko gaztetxoen artean bigarren heriotza kausa da anorexia, trafiko istripuen atzetik. CMMP Baionako psikiatrak adierazi duenez, anorexia kasuak 1960ko hamarkadan handitzen hasi ziren 1990eko hamarkada arte, eta gaur egun tasak egonkor mantentzen dira. 40.000 lagunek dute anorexia Frantzian, Radio France hedabideak zabaldu duenez.

«Galeriara begirakoa»

Gari Garaialde Bostok Photoko argazkilaria da, eta, haren ustez, dekretua hankamotz gelditzen da. «Argazki guztiak moldatzen dira. Dekretu honetan moldaketa jakin batzuez ari dira, baina ez dute zehazten moldaketa jakin horiek zer diren», zalantza agertu du. «Galeriara begirako» lege bat dela iruditzen zaio Garaialderi, «ez dute nahi izan, edo agian ezin izan dute dena mugatu, arazoak egon daitezkeelako, baina muga estu horietan lortu nahi dutena ez dute lortuko». Kazetaritza arloan lan egiten du hark, eta, dekretuak eragiten ez badio ere, «haiek mugatu nahi dutena baino askoz gehiago mugatu dut nik neure burua», dio. «Ezin dut bertan ez zegoen ezer gehitu edo kendu; nik argi daukat nire esparrua zein den», azaldu du.

Nahia Garat Donapaleuko argazkilaria da (Nafarroa Beherea), eta gaur egun Bordelen bizi da. Kazetaritzan aritzeaz gain, publizitatean eta komunikazio agentzietan ere lan egin du. Garatek «ideia ontzat» jo du Photoshop dekretua, jendea lasaitzeko balioko duelakoan. «Emazte eder baten argazkian idatzia baldin bada «moldatutako argazkia» mezu azkar bat pasatuko da, eragin azkarra izanen du», haren ustez. Argazkilariaren erantzukizunaren aldetik, Garatek eta Garaialdek presio hitza nabarmendu dute. Biak ala biak argi dute argazkilariak badakiela zer egiten duen, osasunean eragin dezakeela haren lanak. «Argazkilariak badaki zer egiten duen, baina bera ere publizitatearen kodeetan sartua da, legeak betetzen ditu», Garaten esanetan. Biak ados dira anorexiaren gaia publizitatetik harago landu behar dela. «Gazteentzako komikietan, komiki femeninoak delakoetan, emakumeak hankaluzeak izaten dira, argalak… Beste euskarriei ez diete eskua sartzen, oso esparru murritzera mugatzen dira. Haurrentzat saltzen diren panpinekin zer gertatzen da? Horrek guztiak hor jarraitzen duen bitartean, ez du zentzu handirik argazki batzuei letratxo batzuk jartzea», nabarmendu du Garaialdek. Barbie panpinen inguruan irakurritako artikulu batez oroitu da Garat: «Barbiek dituzten neurriak pertsonei ezarriko balizkiete, pertsona deformatuak lirateke. Publizitatea baino lehen, haur denboran horrelako bideetatik jasotzen ditugu mezuak». Sare sozialei ere erreferentzia egin die, anorexia handik elikatzen dela esanez: «Bertan jartzen diren argazkiak ez dira moldatuak, baina itxura bat erakusten dute. Guk gazte garaian posterrak genituen ganbaretan, eta horiek moldatuak zeuden segur aski, baina eragin azkarrena sare sozialen irudiena da». Garatek Photoshop badaki noraino erabili: «Ezkontza batean argazkiak atera behar baditut eta batek azalean pinportak baldin baditu, kendu egingo nizkioke, berak bestela ere ez dituelako, eta justu egun horretan atera zaizkiolako. Aldiz, zimurrak dituzten pertsonak ukan ditut, eta ez dizkiet kendu, biziki ederrak iruditzen baitzaizkit».

Sentsibilizazioaren bidetik

Photoshop dekretuarekin anorexiaren gaia ez dela konponduko dio Acabe Gipuzkoako koordinatzaileak, «baina behintzat ez du zabaltzen lagunduko». Haren ustez, Espainiak horrelako dekretu bat egin beharko luke, saltzen dituzten irudiak errealak ez direla konturatzeko balio baitezake. goGorarazi du orain dela urte batzuk jantzien neurriekin asko borrokatu zirela: «46 edo handiago diren neurriak neurri berezi moduan ez tratatzeko eskatu zitzaion gobernu zentralari, baina dena ezerezean gelditu zen. Fabrikatzaileei-eta estutzen zaie, baina inork ez du eskurik sartzen hor».

Modeloei eskatzen zaizkien medikuen agiriak ere hizketagai izan ditu. Izan ere, joan den maiatzetik Frantzia eta Ipar Euskal Herrian modelo gisa lan egiten dutenek medikuaren agiri bat aurkeztu behar dute, argalegi ez daudela ziurtatzeko. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, pertsona bat oso argala da bere gorputz masaren indizea 18,5 baino gutxiago denean. «Pertsona bat 1,90 metro luze izan daiteke, eta 36 neurria eduki, baina ezin da eredu moduan jarri. Moda da saltzen dena, irudi bat, eta ez pertsona horren balioak. Orain, neurri bereziak dituzten desfileak ikusten dira, baina itxura garbitzeko dira, marketin hutsa», adierazi du Agirrek. Haren ustez, modaren munduan dabiltzan kolektiboak sentsibilizatu behar dira: hor ikusten du gakoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude