Plastikozko euskaldunok

Saioa Alkaiza / 2018-02-16 / 420 hitz

“Plastikozko” euskara horren hiztuna naiz. Solas “artifiziala” daukat. Nire mintzairak ez du sentimenduak adierazteko balio. Ez da naturala, ez da berezkoa, ez da betitik nire familian hitz egin izan dena. Ez dakit gure baserrian X eta Y nola esan izan diren, etxalderik gabeko sendi batekoa naizelako. EITBko fikziozko serie gutxi horiek ikusterakoan, hizkuntza ez zait arrotza egiten. Euskal literaturan irakurritako elkarrizketak ere ez. Komunikatiboa ez den euskara horren jabea naiz. Ez omen du besteen xarmarik, ez gertutasunik, ez kolorerik, ez ñabardurarik. Hiztegi lau bezain antzu baten erabiltzailea nauzue. Bai, aitortuko dut, euskara batua baino ez dakit. Horietako bat naiz ni.

Dena dela, askotan izan dut zalantzarako ohorea; uler bedi, euskarazko hedabideetan lan egiten dut, irratiko esataria naiz, ez ditut -z eta -s nahasten, -tt ahoskatzeko mingain mugimendua kontrolatzen dut eta ongitxo dakit non jarri behar den k. Horregatik, labeleko euskaldunek behin baino gehiagotan galdetu didate ea nongoa ote naizen. Iruñekoa. Horra, erantzuna. Orduan, arbasoen bila hasten dira: eta gurasoak? Badakit galdera deszifratzen, ordea: zalantza ez baita gurasoak nongoak ditudan, baizik eta ea herri euskaldun batekoak ote diren. Halakoetan harro erantzuten dut: erdaldunak. Eta erdaldunak direla nabarmentzen dut, zalantzan jartzen ari direna euskara bera delako, hiri bateko pertsona batek, batua baino ez darabilen batek, euskara zuzena eta egokia menperatzea.

Ez dut euskalkia versus batua eztabaidan alerik jarriko, ez dut bataren zein bestearen balioa gutxietsi nahi, ez naiz erregistro zein helburu komunikatibo kontuetan sartuko, ez dut ezbaian jarriko pertsona bakoitza eroso senti daitekeela era batean, areago ez dut esanen zer iruditzen zaidan baloi bati ostikoak ematearren gizon batek kobratu dezakeena gizon batek, bai. Barne arrakalak sortu dizkit eztabaidak, baina.

Nola sentitzen gara batua baino menperatzen ez dugunok ika-mika honen aurrean? —eta pribilegiotik diot hau: kazetaritzan lan egiten duen pertsona euskaltzale baten ikuspegitik, bertsotan aritzen den baten ahotik, hizkuntza ikasteko batere arazorik izan ez duen horren larrutik—. Nola sentituko dira gure institutuko klasean Nik naiz idatzita ere euskaraz ahalegintzen zirenak? Euskarazko prentsarik irakurriko ote dute? Zer sortuko zaie euskaltegiko ikasleei jakiterakoan inoiz ez dutela benetako euskararik jakinen? Zein hizkuntzatara joko du ergatiboa non jarri asmatzen ez dakienak, euskara egunero erabiltzen badu ere, entzuten duenean berea artifizio hutsa baino ez dela? Inguruko herri euskaldunetako euskalkia kopiatzen segituko al du soilik batua dakien gazte euskaldunak familia belarrimotz batekoa dela nabaritu ez dadin? Erdarara jotzea ez al da errazagoa inbentatutako euskara hori baino ez dugunok purutasunera eta naturaltasunera iritsiko ez garela jakinda?

“¡Qué jarto, primo, con tol tiempo que’usau pa politizar lo de usar el euskara yahora vuelvo al castellano!”. Zergatik ez? Total, niretzat hori da naturalena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude