Apustuen herria

Kerman Garralda Zubimendi / 2018-04-18 / 956 hitz

Jokorako tradizioa aspaldikoa da Euskal Herrian, eta oso hedatua dago. Jose Antonio Azpiazu antropologoaren ustez, ohoreari, indarrari eta ausardiari garrantzi handia ematen zaio, eta horrek pizten du dema. Kirolariek, berriz, uste dute apustuak herri kirolen pizgarri direla. Ziur dira etorkizunean zaletasunak eutsi egingo diola.

Baietz», «ezetz». Taberna giroan, desafioak, hamaika bider paso eman dio apustuari Euskal Herrian. «Ez dakit beste toki batzuetan baino gehiago edo gutxiago, baina euskaldunek garrantzi handia ematen diote ohoreari eta hitzari. Esandakoa bete egin behar da», azaldu du Jose Antonio Azpiazu Juegos y apuestas en la historia de Euskal Herria (Jokoak eta apustuak Euska Herriko historian) liburuaren egileak eta antropologoak. Liburuan datuak, historia zaharrak eta anekdotak bildu ditu: kasurako, Markinako emakumeen karta jokoak, XVIII. mendeko Etumeta eta Irurriotz arteko idi probak eta 1890. urteko ondarroarren eta donostiarren arteko estropada: 25.000 pezeta (150 euro) jokatu zituzten zeharka egindako apustuak kontuan izan gabe, eta herri osoaren ohorea.

«Gustatzen zaigu euskaldunei apustuen liturgia», gaineratu du Xabier Orbegozo Arria V.a aizkolariak. Alatzne Etxaburua segalariak ere gozatu egiten du apustuetan, nahiz eta onartu lehia hasi arte gaizki pasatzen duela: «Epaileak hasteko agindua ematen duenean, segan gozatu egiten dut». Andres Osa Sakonaherri kirol kazetariarentzat, jokoa euskaldunen izaeraren parte da.

Ez da ohitura berria. «Seguru asko, apustuak zaharragoak dira, baina dokumentu ofizial zaharrenak XVI. mendekoak dira», dio Azpiazuk. Haserretu eta epaitegietan amaitu zuten apustuenak dira lehen dokumentu horiek. Jokoak anitz dira: idi probak, ahari jokoa, arrauna, billarra, dardoak, karta jokoak… «Jolasa gizakiaren izaeraren parte da. Eta jolasetik apustura, azkar jauzi egiten dugu», azaldu du antropologoak. Ofiziotik apustura ere, tarte txikia dago. «Joko gehienak baserriko eta itsasoko ingurukoak dira. Lana joko bilakatu zuten gure arbasoek». Balea agertzean, aurrena nor helduko, traineruen artean lasterketa hasten zen. Hala sortu ziren estropadak; idiak garraiorako erabiltzen ziren, larreak segatu egin behar ziren, harriak zulatu, egurrak moztu…

«Lan gogorrak ziren, eta sasoi onean egon beharra zegoen», nabarmendu du Azpiazuk. Haren esanetan, horregatik eman izan zaio garrantzi handia euskal gizartean indarrari.

Kirolariak bat datoz. Sakrifizio handia eta entrenamendu gogorrak egiten dituzte plazara ahalik eta sasoi onenean irteteko. «Hiru edo lau hilabetez jarduten dugu hartarako, entrenamendu gogorrak eginez, medikuarekin, prestatzaile fisikoarekin…», azpimarratu du Arria V.ak. Bere buruari, «atleta» deitzen dio.

Etxaburuak 2015ean Irati Astondoarekin egindako apustu mistoa gogoratzean, aipatu duen lehendabiziko gauza izan da zenbat entrenatu zen: «Asko, asko, asko entrenatu nintzen. Nire senarrari askotan galdetu nion ea merezi zidan horrenbesteko sufrimendua». Sakonak dio askotan entzun dituela ikusleak harmailetatik kirolariak gutxiesten. «Ikusleak ez daki apustu baten atzean zenbateko entrenamendua dagoen. Orain hasi dira jabetzen apustuak prestakuntza eskatzen duela, ez dela soilik plazara irtetea. Kirolariek asko estimatzen dute euren burua, eta ez dute inolaz ere galdu nahi». Entrenamenduen harira, Javier Clemente Athleticeko entrenatzaile zenekoa ekarri du gogora kazetariak. «Gaztediko sokatira taldea ikustera joan zen, eta harrituta gelditu zen entrenamenduen gogortasunarekin. Esan zuen bere mutilek ezingo zutela halakorik egin».

Herri kirolen erronka

Horrenbesteko entrenamenduak egiten dituzte, besteak beste, kirolariek ez dutelako ofizio horretan lan egiten. «Baserritik geroz eta jende gutxiago bizi da, eta lan horiek galtzen ari dira. Gaur egun dauden baliabideekin, inor gutxik egiten du segan, eta kinka larrian da», dio Sakonak. Arria V.a bat dator: «Aizkoran ibilita, basoko ofizioa ikasi dut. Baina, egun, amaitua dago ofizio hori, eta egiten dena makinarekin egiten da. Aizkolari fabrikatuak gara».

Azpiazuk gizarte osoaren joera dela dio, baserriak txaletak bilakatzen ari direlako. Baserriko lanak galtzeak herri kirolei eta demei kalte egiten diela. Hura eta Arria V.a beldur dira herri kirolak ez ote diren soilik ikuskizun folkloriko bilakatuko.

Etxaburuak ez du horrela uste, bere burua kalekumetzat baitu eta herri kiroletan dabilelako. «Garrantzitsuena gogoa izatea da, eta laguntzaile on bat izatea: ni segan hasi nintzenean, Joxe Gabirondok erakutsi zidan sega zorrozten, ongi mantentzen, belarra mozten… Orain, Igor Esnaolarekin nabil, eta berak ere asko laguntzen dit entrenamenduekin. Niretzat, zailena laguntzaile on bat topatzea da».

Sakonak dioenez, atzetik badatoz gazteak, horietako batzuk gainera kalekoak, eta etorkizuna haiena dela uste du. «Bakoitzari bere neurrian, plazan duen guztia emateko eskatu behar zaio. Harri jasotzen, esaterako, gazte dezente datoz. Ez dituzte Perurena edo Saralegik egindako marka ikaragarriak hobetuko, baina biziago jasotzen dute harria. Gogor joko du harri jasotzeak datozen urteetan». Apustuak beharrezkotzat jotzen ditu horretarako.«Herri kirola hauspotzen duena apustua da. Txapelketak eta erakusketak behar dira, baina jendea apustuak erakartzen du».

Kirolariek ere nahiago dituzte apustuak lehiaketak baino. «Apustuak eragiten didan adrenalina horrek sua pizten dit barruan, eta hori ikaragarria da», dio Arria V.ak. «Munduko txapelketetan kanpoko aizkolariak etortzen dira. Baina apustua bota, bere liturgia guztiarekin, hori hemen bakarrik egiten da. Hori euskaldunon izaeraren parte da».

Arria V.arentzat, apustuak gizartearen isla dira: «Euskaldunak albokoa baino hobea izan nahi du. Uste dut horregatik dugula gizarte aurreratua, ez garelako konformatzen». Sakonaren ustez, zaila izango da apustuak desagertzea: «Oso barneratua dugu. Gureak sentitzen ditugu demak». Halere, berrikuntzak beharrezkoak direlakoan dago. «Antolatzaileen inertzia, askotan, betiko moldeak errepikatzea izaten da. Erronka berriak ongi etorriko dira». Aspaldidanik egiten diren arren, apustuak mistoak izango diren irudipena du: «Korrika, aizkoran, harri jasotzen, trontzan, lokotxetan… jendeak eskertzen ditu modalitate desberdinen arteko nahasketak».

Zaleeek ere nahiago dituzte apustuak txapelketak baino. Arria V.aren eta Iker Vicenteren arteko deman, esaterako, 2.500 bat lagun izan ziren. Gutxi gorabehera, Tolosako zezen plazako harmailen erdia bete zen. «Buruz buruko apustuak, normalean, Tolosan edo Azpeitian egiten dira. Ez da kasualitatea, baserri girotik gertu dauden hiriguneak dira», dio Azpiazuk. Halere, atzera begiratuz gero, ikusle gehiago bildutako demak ageri dira: 1977. urtean, Arria II.ak munduko txapelketa jokatu zuenean, Atotxan 17.000 lagun bildu ziren.

Egun, baina, kirol berriek eta bestelako entretenimenduek herri kirolei tokia jaten dietela uste du Azpiazuk. «Apustuak ere gutxitu dira. Gogoan ditut hilabetean hiru lehia izaten zireneko garaiak», oroitu da Sakona. «Oraindik, plazan egiten dira zeharkako apustuak. Ez dira baserriak eta halako erokeriak jokatzen, baina mugitzen da dirua. Artekariak gora eta behera ibiltzen dira, baina apustu egiteko makinek jaits dezakete giroa apur bat», gaineratu du. Apustu egiteko tradizio zaharraren forma berriak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude