Egia da: gezurra erakargarriagoa da egia baino

sustatu.eus / 2018-04-06 / 238 hitz

Gezurrak bizitza laburra ei du, baina tira, guztiok dakigu zein erraz zabaltzen diren gure herriko txutxumutxuak lagun eta ezagunen artean. Bada, sarean ere antzeko zerbait gertatzen dela erakutsi du orain gutxi Science aldizkarian argitaratu duten ikerketa batean. Twitterreko datuak erabiliz, ondorioztatu dute gezurretako albisteak, fake newsak, benetakoak baino bizkorrago hedatzen direla. Arinago eta urrunago. Albiste bat gezurrezkoa bada, benetako bat baino %70 aldiz errazago zabalduko da Twitterren.

Twitterreko datuak erabiliz egin du ikerketa MITeko talde batek. 2006-2017 bitarteko 126.000 txio-kate jaso eta aztertu dituzte. Guztira 3 milioi txiolariren mezuak zeuden tartean, albisteak eta istorioak jasotzen zituztenak. “Fake News” eta antzeko terminoak zituzten txioak baztertu egin zituzten ikerketatik. Ondoren, gainontzeko txioak “egia” eta “gezurra” kategorietan sailkatu zituzten automatikoki (eta baita eskuz ere batzuk, kontrolerako).

Emaitzak argiak dira: gezurrezko albisteak askoz arinago eta urrunago hedatzen dira, batez beste, benetakoak baino. Lehenago ere egin da antzeko ikerketarik, jakina, baina egileen arabera hauxe da orain arte datu-base zabalena erabili duena eta emaitza fidagarrienak eman dituena.

Fake-ak zabaltzeko orduan Bot automatikoek euren eragina izan dezaketela ere ikusten da datuetan, baina eragile handiena pertsonak dira, “benetako” pertsonen jarduna (ez Bot errusiarrak). Gezurra erakargarriago (edo partekatzeko deigarriago) iruditzen zaigu benetako albiste “aspergarriak” baino. Aldea nabarmena da, gainera. Albiste bat gezurrezkoa bada, benetako bat baino %70 aldiz errazago zabalduko da Twitterren. Benetako albiste bat gutxitan birtxiokatzen da 1.000 aldiz, baina gezurrezko albiste nagusien kasuan ohikoa da 1.000-100.000 birtxio lortzea. Gainera, gezurrezkoak 6 aldiz bizkorrago iristen dira 1.500 txiolarirengana.

Gezur zuria atsegin dugula, alegia!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude