Liburuak, lasaiago bizitzeko

Xabier Mendiguren / 2019-04-02 /385 hitz

1967. urtea geroztik, apirilaren 2an ospatzen da Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna, Hans Christian Andersen danimarkar idazlearen jaiotegunean hain zuzen; ikastetxe eta liburutegi askok ospatzen duen urteurrena.

Kestutis Kasparavicius-ek lituanieraz idatzi eta irudiztatu du 2019ko mezua, eta Iñaki Mendigurenek ingelesetik euskaratu.

Presaka nabil! … Ez dut astirik! … Agur! … Ia egunero entzuten ditugu horrelakoak, Europaren erdi-erdian dagoen Lituanian ez ezik, munduko beste leku askotan ere bai. Eta ez gutxiagotan, entzuten dugu informazio-gainkarga, presa eta zalapartaren aroan bizi garela.

Baina liburu bat hartzen baduzu eskuetan, berehala igarriko duzu aldaketa. Badirudi liburuek berezitasun zoragarri hauxe dutela: erritmoa mantsotzen laguntzea. Liburua zabaldu eta bere sakonera lasaietan murgildu orduko, ez zara beldur ez ote zaizun dena ziztu bizian igaroko, zoratzeko abiadan, ezer ikusteko aukerarik gabe. Bat-batean, hasten zara sinesten ez daukazula deabruak hartuta bezala ihesi joan beharrik presako baina garrantzi gutxiko lan bat egitera. Liburuetan gauzak isil eta bare gertatzen dira eta zehatz antolaturiko hurrenkeran. Agian bere orrialdeak zenbakiturik daudelako, beharbada orriek leun eta lasaigarriki xuxurla egiten dutelako zuk pasa ahala. Liburuetan, iraganeko gertaerak lasai elkartzen dira oraindik gertakizun direnekin.

Liburu baten unibertsoa zabal-zabala da; liburuak pozik batzen du errealitatea irudimen eta fantasiarekin. Eta batzuetan galdetzen diozu zeure buruari ea liburu batean ala bizitzan ohartu zinen zelako edertasunez erortzen zen teilatutik tantaka elur urtua, edo zein atsegina den begietarako auzokoaren harresia goroldioz estalia. Liburutik ala errealitatetik dakizu zuk otsalizarraren baiak ederrak ez ezik mikatzak ere badirela? Liburu batean ala errealitatean egon zinen udan belarretan etzanda, edo eserita zangoak gurutzaturik, zerua zeharkatzen zuten hodeiei begira?
Liburuek presaka ez ibiltzen laguntzen digute, gauzei erreparatzen irakasten digute, eta aldi batez esertzera gonbidatzen, edo behartzen, gaituzte. Normalean eserita irakurtzen dugu, liburua mahai gainean edo eskuetan dugula, ezta?

Eta esperimentatu al duzu beste mirari bat, hots, zuk liburu bat irakurtzen duzunean, liburuak zu irakurtzen zaituela? Bai, noski, liburuek irakurri egin dezakete. Liburuek zure bekokia, bekainak, ezpain-ertzak irakurtzen dituzte hauek gora eta behera dabiltzanean, baina, lehenik eta batez ere, liburuek zure begiak irakurtzen dituzte. Eta zure begietara so eginez, beraiek ikusten dute… Tira, zuk badakizu zer!

Ziur naiz liburuak sekula ez direla aspertzen zuen eskuetan daudenean. Irakurriz gozatzen duen norbait, haurra nahiz heldua, askoz interesgarriagoa da liburuak axola ez zaizkiona, beti erlojuaren kontra dabilena, sekula esertzeko astirik ez duena edo bere inguruko gauza askoz ohartzen ez dena baino.

Haur Liburuaren Nazioarteko Egunean, hauxe da nire desira gu g

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude