OKERRAK: *ditzazket, *ditzazken, *ditzazkek, *ditzazke, *ditzazkegu, *ditzazkezu, *ditzazkezue, *ditzazkete

ZUZENAK: ditzaket, ditzaken, ditzakek, ditzake, ditzakegu, ditzakezu, ditzakezue, ditzakete.

Euskara batuan ez dira zuzenak hiztun askok eta askok erabili ohi dituzten forma horiek (*ditzazket, *ditzazken, *ditzazkek, *ditzazke, *ditzazkegu, *ditzazkezu, *ditzazkezue, *ditzazkete). Gaizki eratutako formak dira, NOR pertsonari dagozkion bi pluralgilez osatuak baitaude: -it- eta -z-.

Hona hemen Internet sarean topaturiko oker batzuk:

a) *Non aurkitu ditzazket bertso eskolak?

b) *Realak zortzi partida joka ditzazke urtarrilean.

c) *Irati ibaian uretako kirolak egin ditzazkezu.

d) *Loreak moztu ditzazkezue, baina ezingo duzue udaberria geldiarazi.

e) *Mugikortasun, ikusmen edota entzumen arazoak izan ditzazkete.

Beste modu honetan behar dute, zuzenak izateko:

a) Non aurkitu ditzaket bertso eskolak?

b) Realak zortzi partida joka ditzake urtarrilean.

c) Irati ibaian uretako kirolak egin ditzakezu.

d) Loreak moztu ditzakezue, baina ezingo duzue udaberria geldiarazi.

e) Mugikortasun, ikusmen edota entzumen arazoak izan ditzakete.

 

 

Iruzkin bat “OKERRAK: *ditzazket, *ditzazken, *ditzazkek, *ditzazke, *ditzazkegu, *ditzazkezu, *ditzazkezue, *ditzazkete” bidalketan

  1. Bittorio Lizarraga

    Bai hala da, euskara batuak ez ditu ontzat hartzen aditz forma horiek, baina, ez dut uste izugarrizko okerra denik. Hizkuntza guzietan pleonasmoak ohikoak dira. Euskarari dagokionez, pluraleko morfemetan, forma hauen berritasuna dela eta, ugari dira aditza plural egiteko erabiltzen diren morfemak (dezazket, ditzaket, ditiat, dizkiat). Lituzke bera ez al da bada, bi pluralgilez osatua? Behar bada, horren azpian pluralgile nabarmenaren beharra ezkutatzen da. Euskalki batean baino gehiagotan gertatu da ekar itzazu-tik ekar ezaittuzu-ra aldaketa. Alegia, euskara estandar, zuzenena okerra da, dudarik gabe, baina euskarari berari dagokion bilakabide analogikoa da eta nik uste beste maila bateko okerra dela.

    Erantzun

Utzi erantzuna Bittorio Lizarraga(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.