Okerrak: *batetan, *batetako, *batetatik, *batetarantz, *batetaraino…
Zuzenak: batean, bateko, batetik, baterantz, bateraino…
Euskaltzaindiaren 12. arauari —Bat eta batzuk-en deklinabidea— jarraituta, euskara batuan testuinguru bakar batean ere ez dira zuzenak izenburuko forma horiek.
Hona hemen Interneten topatutako akats batzuk:
- *Euskaltzaleok ghetto batetan nahi gaituzte.
- *Udalak bilera batetara deitu ditu Arrobitxuloko bizilagunak.
- *Txalupa batetatik donostiarrei ateratako zuri beltzeko 54 argazki bildu dituzte erakusketa honetan.
- *Hiri handi batetako etorbiderik jendetsuenean gaude.
Esaldi hauek honela behar dute euskara batuan:
- Euskaltzaleok ghetto batean nahi gaituzte.
- Udalak bilera batera deitu ditu Arrobitxuloko bizilagunak.
- Txalupa batetik donostiarrei ateratako zuri-beltzeko 54 argazki bildu dituzte erakusketa honetan.
- Hiri handi bateko etorbiderik jendetsuenean gaude.