Euskaltzaindiaren webgunea


Ezinbesteko kontsulta iturria dugu hau. Euskaltzaindiak hainbat zerbitzu eta material jarri ditu denondako eskuragarri bere webgunean: www.euskaltzaindia.net. Post honetan batzuen berri soilik emanen dugu, luzeegi joko baitu bestela: Arau eta gomendioak, Hiztegi Batua, Jagonet kontsulta zerbitzua, Onomastika (izendegiak), Literatura terminoen hiztegia. Ezagutzen ez badituzue, animatu eta proba itzazue.

Jarraitu irakurtzen

Euskaltzaindiaren arauak: “Araugintza”

EIBZren webgunean, Baliabideak atalaren barnean, Araugintza izeneko argitalpena daukagu.

Hainbat urtetan Euskaltzaindiaren Araugintza I eta Araugintza II ikastaroak antolatu ditugu EIBZn, eta bi ikastaro horien bilduma da honako material hau:

araugintza I

Araugintza I                                             araugintza II   Araugintza II

Geroztik, Euskaltzaindiak arau berriak argitaratu ondotik, honako beste item sorta hauek prestatu ditugu:

  • Araugintza III: Euskal Herriko toponimia
Jarraitu irakurtzen

Partitiboa dela eta (II)

Partitiboa eta GABE postposizioa:

     Bi esaldi hauetan zein da zuzena?

a) Gatz gabe jateko agindu dit sendagileak.
b) Gatzik gabe jateko agindu dit sendagileak.

Zenbaiten ustez b) aldaera bakarrik da zuzena. Uste dute “gabe” postposizioarekin nahitaezkoa dela partitiboa. Uste okerra da, ordea. Bi aldaerak dira zuzenak eta esanahi bera dute. Ikus Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan datorren sarrera:

Okerra beste hau da: *Gatza gabe jateko agindu dit sendagileak.

C letra

Zenbaiten ustez, “C” (ze) letra ez da euskal alfabetoko letra. Uste okerra da hori.

Euskaltzaindiaren 17. arauan, Euskal alfabetoaren letren izenak deiturikoan, zehaztuta daude euskal alfabetoa osatzen duten letrak, eta C ere hor dago. Ze du izena.

Arauan, alfabetoaren 27 letren zerrenda osoa eta izenak eman ostean, ohar hau txertatu dute Euskaltzaindikoek: “Letra hauetatik c eta honen aldaera ç (c hautsia), q, v, w, eta y ohiko euskal hitzak idazteko erabiltzen ez diren arren, kanpotar izenak transkribatzeko beharrezkoak direlarik, euskal alfabetoan sartzen dira”.

Jarraitu irakurtzen

*eta abar luze bat: kalko desegokia.

Gaztelaniaren eraginez-edo, maiz entzun edota irakurri izan ditugu esaldi honen antzekoak:

*Eskualdeko artea, literatura, historia, etnografia eta abar luze bat landu ditugu ikastaroan.

Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan sarrera hau dator “abar” hitzaren azpian:

eta abar (eta abar luze bat kalko desegokia da; erabil horren ordez eta abar, eta abar)

Jarraitu irakurtzen

Okerrak: *etentzen, *etentzea, *etentzeko…

Esaldi hauek ez dira zuzenak:

  • *Aldioro etentzen du klasea galderaren bat egiteko.
  • *Kontratua etentzea erabaki dute.
  • *Lesioa zela eta, partida etentzeko eskatu zuen jokalariak.

Honela behar dute zuzenak izateko:

  • Aldioro eteten du klasea galderaren bat egiteko.
  • Kontratua etetea erabaki dute.
  • Lesioa zela eta, partida eteteko eskatu zuen jokalariak.

Jarraitu irakurtzen

Munduko neska jatorrena = Munduko neskarik jatorrena

Superlatiboa eta partitiboa:

      Bi esaldi hauetan, zein da zuzena?

a) Munduko neska jatorrena zara.
b) Munduko neskarik jatorrena zara.

Zenbaiten ustez, b) aldaera bakarrik da zuzena. Uste dute superlatiboaren aurrean nahitaezkoa dela partitiboa. Uste okerra da. Biak dira zuzenak eta biek esanahi bera dute.