Batera

Xabier Gantzarain / 2012-09-25 / 168 hitz

Ez dakit nork esan zidan, noiz entzun nuen, non irakurri: kontzertu askotan jendeari isiltzeko agindu behar izan ziola, orain sarritan gertatzen zaiola, eta ez duela ulertzen, paradoxikoa dela, justu entzutera joaten dela bat kontzertura, edo lehen behintzat hala zela, baina orain jendea hizketan hasten dela bera musika jotzen eta kantatzen ari den bitartean, burrundara sor batek hartzen duela aretoa, ikusi egiten duela jendea taldetan batuta, berriketan.

Tom Waits jarri nuen belarrira kantuan: Lana bilatu, gorde dirua, entzun Janeri. Denok dakigu aterkiak garestiago izaten direla euria ari duenean. Berriak oro txarrak dira, bada beste motakorik? Denak batera ari dira hizketan. Garai zailak dira batzuentzat, gozoak beste batzuentzat. Batzuek dirua egiten dute kaleetan odola denean. Ez hartu ezpainik. Arrastoan mantendu. Denak batera ari dira hizketan.

Ezin nuen ordea neuretzako bakarrik gorde kantua, eguneroko bizitzaren argazki ona iruditu zitzaidan, konpartitu egin behar nuen, zabaldu, neure burua goratu eta loriatu halako pentsamendu sakonak neuzkala erakutsita; Twitterren jarri nuen esteka, eta idatzi: Twitter: Denak batera ari dira hizketan.

Denok batera ari gara hizketan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.