Ergelen munduan

Irene Arrizurieta / 2012-09-23 / 1.131 hitz

Apaiz, militar, politikari eta ustez zintzoak diren beste hainbaten ibilerak kontatzen ditu Victor Moreno idazle nafarrak ‘Ilustres prendas’ (Alaja ilustreak) liburuan

Victor Moreno (Alesbes, Nafarroa, 1949) idazle eta irakasleak liburu berria du esku artean. Ramon Lapesquera goitizena baliatuz, Ilustres prendas (Alaja ilustreak) argitaratu du Pamiela argitaletxearekin. Nafarroako gizartean eta erakundeetan jazotako benetako gertaerak kontatzen ditu liburuan. Gertaeren protagonistak, maiz, ezezagunak dira. Beste askotan, berriz, gizarteak miretsitako lagun ezagunak. Itxurak itxura, guztiak ere, benetako iruzurgileak, gezurtiak, hiltzaileak, ustelak, poligamoak edo gaizkileak izandakoak.

Liburuan murgildu aurretik, Victor Morenok alaja hitzaren ohiko esanahi arrunta zehaztu du. «Pertsona azkarra eta argia» adierazteko erabiltzen dela gogoratu du. Liburuko pertsonaiek, baina, argitasun hori inguruan dituzten lagunengandik onura ateratzeko erabiltzen dutela ohartarazi du. «Gauzak zintzoki eta bide onetik egiteko erabiltzen du adimentsuak burua. Alajak, aldiz, duen adimena beti probetxu ateratzeko erabiltzen du». Gauzak horrela, liburuan agertzen diren alajak ez dira nolanahikoak, eta horien berri emateko han eta hemen zokomiran ibili da egilea. «Herrien historia lurraren arrasean kontatu behar da», iritzi dio Morenok. Kasu honetan, XIX. mende bukaeratik hasi eta XX. mendeko 1940. hamarkadara arteko gizartea aztertu du. Horretarako, hainbat artxibategitako izkribuak eta agiriak irakurri eta ikertu ditu. Udal artxibategiez gain, artzapezpikuetakoak eta parrokietakoak ere arakatu ditu, eta Nafarroako zein Espainia eta Kataluniako garai hartako egunkarietako hemeroteketan ere murgildu da. Lan horren helburua argia izan da. «Benetan jazo ziren hainbat gertakari azaltzea, ironia eta trufa ahaztu gabe, baina, batez ere, umorea erabiliz». Izan ere, «bizitza, oso maiz, tragedia bat da, eta umorea da horri aurre egiteko ezagutzen dudan antidoto bakarra», dio Morenok. «Liburuko historia batzuk oso gogorrak eta beltzak dira. Gizartean ez dago alaja bakarra eta berdina, eta liburu honetan ageri diren historiak benetakoak dira. Garai batean gertatutako historiak berriro kontatu ditut, baina ironia eta trufa erabiliz».

Ergelkerien protagonistak

Zozokeria edo ergelkeria da liburuak biltzen dituen historia guztien izendatzaile komuna. « Garai guztietako ezaugarria da ergelkeria», dio Morenok. Batzuek eta besteek egiten dituzten ergelkeriek ondorio berdinak ez dituztela nabarmendu du. «Ergelkeria horiek neurri eta eragin bera duten neurtzea da arazoa». Liburuarekin hori argitu nahi izan du. Lerro artean ageri diren alajak azkarrak dira, baina printzipioz bertutea den hori, onurak ateratzeko eta besteen bizkar probetxu ateratzeko erabiltzen dute». Morenok argi du liburuan agertzen diren batzuen ergelkeriak beste batzuenak baino larriagoak direla. Eta horren adibide aipatzen ditu eliza eta armada. «Gaiztoak dira. Egiaren jabe direla uste dute, eta zorigaitza besterik ez dute eragiten». Idazlearen irudiko, bi estamentu horiek oso eragin kaskarra izan dute Nafarroako gizartean. «Elizak eta armadak egin dute herri hau den bezalakoa, hutsaren hurrengoa, alegia», dio ironia ahaztu gabe. «Apaizek urteak daramatzate mesede besterik ez dutela egiten pentsatzen, baina hori ez da horrela». Hori baieztatzeko hainbat adibide ageri dira liburuan. Pedro Zirilo Uriz Labairu artzapezpikuaren kasua aipatzen du. «Iruñeko Artzapezpiku talibana», deitzen dio. «Hark Nafarroako liberalismoaren kontra 1865ean idatziriko gutunek antz handia dute gaur egun Rouco Valera artzapezpikuak eta beste batzuek idazten dituztenekin».

Elizako partaide direnekin jarraituz, Cortesko apaizaren eta Los Arcosko (Nafarroa) erretorearen ibilerak ere aipatzen ditu. Armada ere ez da «ergelkeriatik» salbu gelditzen. Moreno oso kritiko da militarrekin. «Seguruenik, altxor publikotik alferrik diru gehien gastatu dutenak funtzionarioak izan dira, eta ez dute sekulan deus onik egin. Beti gerran ibili dira, edo diru publikoa xahutzen».

Liburuan beste «pertsonaia edo alaja» batzuetaz ere hitz egiten da. Jende ergela da, baina azkarra. «Ergelak dira, eta jakinik besteak ere ergelak direla iruzurra egiten saiatu dira dirua ateratzeko. Sekulako istorioak asmatuta ere, harrigarriki, jendeak sinetsi egiten zituen». Gertaera latzak eta gogorrak ere aipatzen dira, gizakiaren ergelkeria krudelak eraginak: bortxatzaileenak, adibidez. «Nafarroan bortxaketa eta hilketa kasu asko gertatu ziren, baina askotan aske ateratzen ziren». Estellerriko Carcar herrian gertatutakoa, kasu. Nazario Santos Diaz herriko praktikante ezkonduak hamasei urteko neska haurdun utzi ondoren zeinen ankerki hil zuen gogoratzen da. Ume jaioberrien abandonatzea eta abortu kopurua ere handia zen, eta horren adibideak ere badira. «Abortistak, garai hartan haur-hiltzaileak deituak, asko eta asko dira Nafarroan». Ezbeharrak ere ez ziren falta, eta zorigaitzeko jende asko zegoen. Gogoratu behar da III. Guda Karlistaren ondoren, eta Kubako Gerrara joan zirenen artean, elbarri asko zegoela Nafarroan. «Beharrak bultzatuta, bizitzan aurrera egiteko piper ikaragarria zuten iruzurgileak asko ziren». Petrikilo ugarik gaitzak sendatzeko erremedio ikaragarriak eskaintzen zituzten, eta jendeak sinetsi egiten zituen. Ilarregiko petrikiloaren gertaera aipatzen du, adibidez.

Bitxikerietatik haratago joanez, liburuko historiak garai hartako Nafarroako gizartearen inguruko «gogoeta» egiteko baliagarriak direla dio Morenok. «Garai hartako gizartearen mapa bat da liburua, eta liburuko historiek gizartearen ezjakintasuna azaltzen dute. Bizitzari buruzko irizpide bat gailendu nahi dute batzuek besteen bizkar, eta hori islatzen da liburuan». Alde horretatik, ez du iruzurgilea salatu nahi, boterea duena baizik, Eliza eta armada, kasu. «Politikarien eta agintarien argitasun eta buru falta ikaragarria zen. Gizarte bat azkarra da dituen agintariak azkarrak diren neurrian, baina Nafarroan ez dakit zer gertatzen den». Nafarroako gizartea nola garatu den ikusteko egileari oso baliagarria izan zaio ikerketa lana. Liburua egiteko irakurri behar izan dituen zigor kodeak, adibidez, argigarriak dira. «Garai hartako gizartearen garapenaren isla dira kode horiek». Baina zigor kodeez gain, udal ordenantzek ere arreta erakarri diote. «Hiri baten historia ezagutzeko iturri hoberenetarikoa dira. XIX. mendekoak eta XX. mende hasierakoak ikusgarriak dira. Hirian nola jokatu behar den esaten duten kode moralak dira».

XIX. eta XX. mendeko alajak gogoan, gaur egungoekin ere beste liburu bat egiteko prest da Moreno. «Zarata» egiten duten sektore guztiekin bat egin daitekeela iradoki du.

Pertsonaiak

Artzapezpiku fundamentalista

Pedro Zirilo Uriz (Erriberri, 1799-Iruñea, 1870) Iruñeko barrutiko artzapezpiku izan zen zortzi urtez, 1862tik 1870era, hain zuzen ere. Gobernu liberalen politiken aurka sutsuki aritu zen. Harentzat, liberalismoa «beti bekatu» zen, eta idatzi zituen gutun gehienak aurrerakoien kontrakoak ziren. Nafarroa «Kristo aurretik ere kristaua» izan zela zioen. «Nafarroa zen, da eta izanen da katolikoa», da artzapezpikuaren beste esaldietako bat. Estatu akonfesional bat aldarrikatzen zuten liberalen eta irakasleen kontra asmahalak eta bi idatzi zituen. «Infernuak bidaltzen dituen irakasleak dira horiek», aldarrikatu zuen.

Ilarregiko petrikiloa

Martina Martinez Ezkurra (1841-1936), Ilarregiko petrikilo gisara zen ezaguna. Morenok dioenez, Nafarroan garaiko petrikilorik ezagunena zen. Argentinara emigratu eta bueltan etorri ostean, jaio zen Ilarregi herriko Kokoetxea baserrira itzuli zen. Ezkondu, familia izan, eta Argentinan ikasitako petrikilo ofizioari ekin zion. Herrian zabaldu zen erretorearen gaizki sendatutako besoa osatu zuela. Azkar zabaldu zen iaioa zela Ultzamako haranean hezurrak bere tokian birkokatzen. Anestesiarako baliagarriak diren belarrak erabiltzen ere bazekien. Haren bideari jarraitu zion biloba batek, Maria Diez de Ulzurrunek. Hura Auzako petrikilo gisara egin zen ezagun.

Falangista harroputzak

Luis Valero Bermejo Espainiako Gobernuko gobernadore zibil falangista izan zen Nafarroan. Bost urtez, 1949tik 1954ra, egon zen karguan. Foruen kontra aritu zen, eta Amadeo Marko diputazioko buruarekin ere izan zituen gorabeherak. Inongo agiritan ageri ez den gertakari baten eragile zuzena ere izan zen. Abertzale talde bat Aralarren biltzekoa zela, elkarretaratzea eragoztera falangista sail bat bidali zuen. Iruñera etorri ziren, eta hiriko tabernetan mozkortu eta gero, tiroka ibili ziren kalez kale. Miguel Gortari alkatearen aginduz espetxeratu zituzten. Gortarik, ordea, Valero gobernadorearen aginduak jarraituz aske utzi behar izan zituen.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.