Arantza Lorenzo / 2012-09-25 / 528 hitz
Egunero kontsumitzen ditugun elikagaiek eragina dute garunean; esaterako, oroimenean, arretan, ikaskuntza gaitasunean, kontzentrazioan eta gogo aldartean. Garrantzitsua da egokiak diren elikagaiak aukeratzea.
Jada uda joan zaigu, eta horrekin batera, askorentzat amaitu dira oporrak. Ikasturte berriari ekiteko ordua heldu da. Eguneroko erronkei aurre egiteko, garuna martxan jarri eta egoerarik onenean mantentzen saiatu beharko dugu. Horretan elikadurak ere eragina du.
Egunero kontsumitu edo kontsumitzen ez ditugun karbohidrato, koipe, proteina, gatz mineral eta bitaminek eragina dute garunaren funtzionamenduan, hau da, oroimenean, arretan, ikaskuntza gaitasunean, kontzentrazioan eta gogo aldartean. Badira aipatutako prozesuak modu egokian egin daitezen laguntzen eta oztopatzen duten elikagaiak eta bizitza ohiturak. Jarraian, batzuk aipatuko ditugu.
Garuneko prozesuak mantentzeko gomendioak
Gure zeluletan oxigeno maila egokia mantendu behar da, batez ere garunean, oroimen prozesuentzat. Kontzienteki arnasa hartzen ikastea eta kanpoan, naturan, ekimenak egitea oso lagungarria izango da horretarako.
Gure garunak glukosa behar du behar bezala funtzionatzeko. Beraz, hipogluzemiak ekiditea garrantzitsua izango da. Horretarako, ezinbestekoa da egunero modu ordenatuan 4-5 otordu egitea, eta, zalantzarik gabe, ez ahaztu gosaria.
Lo nahikoa egin: haurren kasuan, 10-12 ordu, eta helduek, 7-9 ordu artean.
Norbere gaitasun eta mugei egokitutako kirola praktikatu.
Lagungarri diren elikagaiak
Koipe asegabeak. Izan ere, garunaren % 60 lipidoek osatzen dute —gure gorputzean koipe gehien duen organoa da—. Irensten dugun koipe motak garuneko zelulen egituran eragiten du, lehen aipatutako prozesuak erraztu edo oztopatuz. Eta ikerketek argi erakusten dute koipe aseek kalte egiten diotela egiturari, eta koipe asegabeek, aldiz, on egiten diotela. Horregatik, gomendagarriak dira orokorrean fruitu lehor koipetsuak —almendrak, intxaurrak, urrak, ekilore pepitak, ahuakatea…—; arrain urdinak —txitxarroa, berdela, antxoak, izokina, sardina, atuna—… eta barazki jatorriko olioak —oliba, ekilorea, artoa—.
B taldeko bitaminetan —B1, B2, B3, B6, B12, niazina, folatoak…— aberats diren janariak; haien gabeziak suminkortasuna, kontzentrazio falta eta oroimen urritasuna eragiten dutelako. B taldeko bitaminak oso zabalduak daude naturan: fruta, barazki, lekale eta zituetan. Besteak beste, horregatik ere garrantzia du gure dieta fruta eta barazkietan aberatsa izatea.
Zituak ere oso aberatsak dira aipatutako bitaminetan. Horien artean kontutan izatekoa da oloa, garuneko nekeari aurre egiteko, avenina izeneko alkaloide bat duelako. Eta galorratza, B taldeko bitaminak eta E bitamina dela eta, oroimenerako ezinbestekoa da. Beste zituen antzera gosarian, entsaladetan-eta sar daiteke.
Kaltegarri diren elikagaiak
• Azukre zuria: Gehiegizko kontsumoak urduritasuna eta hiperaktibitatea eragiten dituelako. Horrekin batera, gehiegizko azukrea duten janariak ekidin beharko ditugu: opilgintza eta gozogintza produktuak —gominolak, gozokiak, piruletak…—.
Koipe asea duten elikagaiak: behar baino kopuru handiagoan, ikaskuntza eta oroimen prozesuetarako kaltegarriak dira. Koipe horien iturriak haragiak, animalia jatorriko esnekiak, arrautzak eta, oso modu berezian, hestebete eta opilgintza produktu guztiak dira.
• Alkohola: Konexio neuronalak apurtzen dituenez, nerbio sistemaren narriatzea, kontzentrazioa gutxitzea eta emozio ezegonkortasuna eragiten ditu.
• Proteinak: Batez ere, haragi gorri eta gazta helduetatik eratorritako proteinen gehiegizko kontsumoak, triptofano eta serotoninaren ekoizpena murrizten dute, eta nerbio sistema gehiegi kitzikatu eta urduritasuna areagotu.
Eta zer esan erregina jelea eta horrelako osagarriei buruz?
Ikerketek erakutsi dute gure dieta aipatutako elikagaietan aberatsa bada eta inolako osasun arazorik ezean osagarri horiek ez direla ezinbestekoak. Orokorrean, garunaren funtzionamendua modu egokian mantentzen duena dieta orekatu osasuntsua, ariketa fisikoa, beharrezko deskantsua eta jardueratan diziplina eta motibazioa dira.
Bestalde, osagarri horiek beharrezkoak izan daitezke malnutrizio kasuetan eta hesteetako arazoak daudenean, non hartutako elikagaiak ez diren behar bezala xurgatu eta aprobetxatzen.