Odei Irigoien Aizpitarte / 2012-10-10 / 340 hitz
2001etik 2011ra bitarte argitaratutako hainbat artikuluren bilduma aurkeztu du Joxemari Iturraldek
2009. urtean, Euskal Herritik at «kasualitatez» elkartu ziren Aritz Galarraga eta Joxemari Iturralde, eta orduan sortu zen Iturraldek Gara egunkariaren Mugalari kultur gehigarriko artikuluen antologia bat osatzeko ideia. Hasierako asmoa lehendabiziko urteetako testuen aukeraketa bat egitea bazen ere, denbora aurrera joan ahala 2001etik 2011 artean Iturraldek argitaratutako artikuluez baliatzea erabaki du Galarragak.
Idatzi guztiak Iturralderenak badira ere, liburua «Aritzen ahalegin eta lanari esker» argitaratu dela adierazi du idazle eta artikulugileak. Kaleidoskopioa izena aproposa begitandu zaio; «figura geometriko batzuk ikusten dituzu, beti aldatzen doazenak eta osotasun bat ematen dizu. Baina gero ikusten duzu dena zatituta dagoela eta hori dena mugitzen doala» adierazi du, errealitatearen metafora modura.
Artikuluetan igartzen da irakaslea izan dela —duela gutxi erretiratu da—, behin eta berriz egiten baitio bere egunerokotasunari erreferentzia, eta hezkuntza ere sarritan ageri da hausnarketen jopuntu gisara. Ekonomia; artea; zinema; hizkuntzak, euskara bereziki, eta literatur gaiak jorratzen ditu Iturraldek, besteak beste.
Pozik agertu da idazlea, argitaratu den artikulu bilduma erabat berea duelako. Espazio hura betetzeko aukera eman ziotenean, baldintza bat jarri zuela esan du; «nahi nuena egingo nuela; betiere kulturarekin lotuta», nahiz eta «noizbehinka politika tanta batzuk ere sartzen nituen», esan du.
Iturralderen esanetan, ez du «erredakziorik» egiten; beti testu «atseginak» egiten saiatu izan baita, eta horretarako zee edo zer berria kontatu behar dela uste du. Erredakzioa deitzen die «gaur egungo egunkari askotako kolaboratzaileek egiten dituzten beraien iritzi subjektiboei», inolako datu konkreturik eman gabe. «Datu kultural konkretu bat izan daiteke liburu bat, edo film bat, edo musika obra bat… Orduan ez da erredakzio bat», Iturralderen ustez. Wikipediako informazioa arbuiatzen du, eta ematen dituen «datu» edo erreferentzia guztiak oso ondo ezagutzen dituen lanenak direla argi utzi nahi izan du, irakurleari baliagarri suerta dakion: «Bila dabilen jendearentzat lagungarri ».
Argitaratu zituen 484 artikuluetatik Aritz Galarragari erakargarrienak iruditu zaizkionak biltzen ditu liburuak, eta hitzaurrea ere harena da. Testu laburrak dira oro har idazle tolosarrak argitaratu zituenak, tarte laburrean irakurtzekoak, eta garaian-garaian izan zituen kezkak eta zenbait gertakariri buruzko erreferentziak topa daitezke, Afganistango gerratik hasi eta Greziako krisialdiraino.