Iratxe Esnaola / 2012-11-04 / 471 hitz
- Izenburua: Gerrako zaldia
- Egilea: Michael Morpurgo
- Itzultzailea: Koro Navarro
- Argitaletxea: Alberdania
Michael Morpurgok 1982an argitaratu zuen eleberri laburra klasiko moderno bihurtu da hogeita hamar urteren ostean. Iaz, Steven Spielbergek izenburu bereko filma grabatu izanak zabalkunde eta oihartzun berrituak ekarri zizkion lanari, eta, aurten, euskararako itzulpenaz gozatzeko parada izan dugu. Lehen Mundu Gerraren atarian, Erresuma Batuko nekazari giroan, Albert nerabearen eta Joey zaldiaren arteko harremana du abiapuntu kontakizunak, berezitasun batekin: lehenengo pertsonan istorioa kontatzen diguna zaldia bera da. Izatez, elkarrengana forjatuko duten laguntasuna eta leialtasuna ditu bizkarrezur narrazioak, eta adiskidetasunari dion fedea transmititu nahi digu egileak obra guztian zehar, irakaspen gisa, gerraren zentzugabekeria azpimarratzen duen aldi berean. Helburu didaktiko hori samurtasunez bildu, eta Joey zaldi hunkigarrian gorpuztea lortzen du. Usu, maitasun istorioak neska eta mutil arteko maitemintzera mugatu ohi dituzte narrazioek. Ez dugu horrelakorik hemen. Pertsonek zaldiei dieten kariƱoa eta errespetua aurkituko ditugu, zaldiek pertsonei dietena ere bai, zaldiek zaldiei dietena ahaztu gabe, eta humano batzuek beste batzuei dietena, animalien eta pertsonen arteko banaketa ez gutxitan hautsiz, eta, orobat, laguntasunaren metafora bihurtuz espezie arteko elkar ulerkortasuna. Gizon eta zaldien artean izaten den harreman berezian (eta gizon diogu ez baita gerran parte hartzen duen emakume bakar bat ageri), zaldiari konfesioak egiten dizkioten gizonetan, esate batera, laguntasun betierekoaren aztarnak utzi nahi dira beste behin.
Alberten aitak Joey salduko dio Britainia Handiko gudarosteko Nicholls kapitainari, eta, hortik aurrera, gerra osoan zehar eta gerraren amaiera arte, zaldiaren jabeak eta zaldiaren peripeziak ezagutuko ditugu. Animaliaren begiradak gerraren deskribapena eta gerra berberaren salaketa egiteko balio du. Zaldia izaki ona bezala agertzen zaigu, zeinak gaiztakeriarik ez duen bere baitan, ez bada gizonak erakutsitakoa. Eredu da, beraz, animalia. Bera ez dago bando baten ez besteren alde, izan alemana, britainiarra, frantziarra. Uniforme kolore ezberdinak bereizten ditu, soilik, eta gerrara abiatzen direnen alaitasuna eta sugarraren aldamenean bueltan datozenen etsipena eta desolazioa. Aldi berean, zaldiek Lehen Mundu Gerran pairatu zuten paradigma aldaketan erreparatzen dio. Gerra egiteko eredu aldaketarekin, metrailadore aurrean zaldiak batailarako balio ez zutela geratzeaz batera, indarge balen aurrean, zalditeria moduan baino infanteriako garraio gisa jardun beharko dira esklusiboki, zaurituen gurdiak garraiatzen frontetik kanpainako ospitalera, edo kanoiak tiratzen lubakien gerrak iraun bitartean. Horren guztiaren narrazioak, animaliaren harriduratik eta ezin ulertutik, gudu zelaiaren deskribapen haragizkoa lortzen du.
Heriotzaren presentzia eta agurrarena etengabeak dira, baina iraunkorrak dira, halaber, Joey zaldiaren elkartasun balioak eta gerraren kontrako argudioak kontzentratzen dituzten makina bat soldadu, jeneral zein kapitain. Narrazioak arrakalarik izatekotan, pertsonak krudel eta on gisa banatzea aipa nezake. Dikotomia urra dezake gizon on eta gizon txarren bereizketak, nahiz gerraren aurkako mezua igorri nahi izatearen kalte-ordaintzat ere har daitekeen. Liburu hasierako dedikazioan, gerra ahantz ez dadin idatzi duela diosku egileak, eta hildakoen memoria gorde nahi duela transmititzen du kontakizunak. Irakasgaia hurrengoa da: gerra ekidin nahi badugu izan gaitezen lagun, kide, senide. Irakaspenaren hezurdura haragitzen jakin zuen Morpurgok istorioaren hunkiduraz. Pertsonaia maiteen apalategian kokatzen da ordutik Joey zaldi noblea.