Euskaraz jantzi: prakak ala gonak?

Jone M. Hernandez / 2012-11-18 / 731 hitz

Orain dela ehun urte, oraindik tabua zen emakumezkoek prakak janztea. Joan den mendeko 30eko hamarkadatik aurrera hasi zen zabaltzen horien erabilera mendebaldeko andreen artean. Askoz lehenago beste emakume batzuk jantzi bazituzten ere —kirola egiteko, esate baterako—, Marlene Dietrichek horien erabilpen publikoa garatu zuen pantaila handiaren bitartez —besteak beste, Marruecos filmean, 1930ean—, botereak diruarekin eta maskulinitatearekin bat egiten duela nabarmenduz. Denborarekin, moda diseinugile ezagunek —Coco Chanel, Yves Sant Laurent adibidez— luxu bilakatu zuten jada emakume langileak janztera behartuta zeuden jantzia. Izan ere, Bigarren Mundu Gerra dela eta, hainbat emakumek gizonezkoen lanak bete behar izan zituzten. Horregatik ere, prakak jantzi behar izan zituzten, garai hartako lantegietan aritzeko. Hamarkada batzuk pasa ondoren, prakak emakumeen gorputzean izan ohi duen transgresiorako kutsua berreskuratu zuen, eta 1960ko hamarkadako giro askean jantzi arrunta bilakatu zen, emakumeen artean ere.

Halere, diotenez, George Sand (1804-1876) idazlea izan zen aitzindarien artean aitzindari. Berarentzat, prakak janztea bere konpromiso politikoaren isla zen. Pasio bakarra omen zuen: berdintasuna.

Egun emakume edota gizonek normaltasunez janzten ditugu prakak. Modu berean, gaia hizkuntzaren arlora ekarrita, euskara eta gaztelera ezagutu eta ikasi egiten dituzte Euskal Herriko hainbat umek eta gaztek. Argi dago hizkuntz ezagutza eta erabilera datuak dezente aldatzen direla lurralde batetik bestera, hegoaldetik iparraldera edota ekialdetik mendebaldera, baina Gipuzkoan kokatzen bagara, Euskal Herrirantz zabaldu daitekeen irudia, itxura, berdintasunarena da. Egun, hemen, emakumezkoek galtzak janzten dituzte normal-normal, eta euskara? Euskara janzten (erabiltzen) da normal-normal?

Orain dela aste batzuk, Alemaniako aita bat eta bere semea hainbat egunkaritako protagonista bihurtu ziren. Semeak —umea oraindik— gona jantzi nahi zuen kalera eta eskolara joateko. Aitak ere, berarekin bat eginez, gonarekin kaleratzea erabaki zuen. Hainbat komunikabideren arreta bereganatu zuten, eta euren argazkia argitaratua izan zen, biak eskutik helduta kaleetan zehar paseatuz, noski, biek gona soinean zutela.

Oso deigarria iruditu zitzaidan irudi hori. Ez bakarrik gonak gizonezkoen gorputzetan duen indar iradokitzailearengatik. Horretaz gain, harrigarria iruditu zitzaidan semeak aitarengandik lortutako konplizitatea. Ez zen saiatu ideia burutik kentzen; ez zion erantzun: «Egin nahi duzuna, baina ni lasai utz nazazu»; ez zituen sorbaldak altxatu, axolagabetasuna adieraziz. Bere adostasuna adierazteko, gona jantzi egin zuen aitak.

Berdintasuna lortua dagoen sentsazioa nagusitu da gure gizartean, baina diskurtsoaz haratago begiratzean, lorpenen mugak antzeman daitezke. Aurreko urrian, Eskola hiztun bila izeneko jardunaldia egin zen Gasteizen, Ulibarri izeneko egitasmoaren babesean. Programa hori Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetako hizkuntza normalizazioaz arduratzen da, eta aipatutako jardunaldietan egitasmoa hainbat zentrotan kudeatzen eta garatzen duten irakasle zein arduradunak bildu ziren.

Foro horretan parte hartu nuen hizlari moduan, eta bertan agerian geratu ziren kezken, zalantzen eta galderen ildotik, aspalditik bueltaka dabilkidan ideia mahai gaineratu nuen bertaratuen aurrean. Izugarri kostatzen zaigu ezberdina dena onartzea, errespetatzea eta, are gehiago, goraipatzea. Garaileen artean ez dagoena, ospetsu, boteretsu, indartsuen artean ez dagoena baztertua geratzen da. Gutako bakoitzak berezia izan nahi du, baina, betiere, indarrean dauden parametroen artean, arrakastak ezarritako parametroen artean alegia.

Euskarak eta hizkuntzari loturiko istorioek edota ibilbideek berezi egiten dituzte euskaldunak. Munduaren aurrean, mutiko alemaniarrak bezala, ez dagokiena janztea erabakitzen dute egunero zenbaitek euskaraz aritzean. Diotenez, euskara ez da modako hizkuntza, ez munduko izarrena, ez distiratsuena, baina «hura» janzteko nahia agertzen dute hainbatek. Ahalegin hori egiteagatik, batzuk mutiko gonadun gisa ager daitezke: egoskor, arraro edota friki bihurtzen dira.

Dena dela, bada guraso asko bere seme-alabak gona janzteko eskolara bidaltzen dituztenak. Eta ikasi, ikasi egiten dute: janzten eta eranzten. Baina ikastetxe eremutik aterata? Zenbat dira gurasoek, auzokoek, lagunek, senitartekoek, umeek eta gaztetxoek bezala gona janzten dutenak? Zenbat dira behintzat —koherentziaz jokatuz— haur, nerabe eta gazte horiek gona egunero erabiltzera animatzen eta motibatzen dituztenak?

Hizkuntza gutxituek dibertsitatearen aldarrian dute jarria itxaropena. Hizkuntz ekologiari loturiko diskurtsoek horretan ipintzen dute bereziki arreta eta indarra. Baina garai bateko emakume prakadunek erakutsi zigutenez, praka janztea lortzeak (eurentzako) onurak eta (denontzako) aurrerapenak ekarri bazituen ere, horrek ez zuen gizartearen ordena aldatu. Askoz gutxiago, oso gutxi dira gurean gona janzten duten mutilak, eta, ziur aski, urteetan gutxi izaten jarraituko dute. Eredu maskulinoak du boterea, eta gauzek bere horretan jarrai dezaten ahalegintzen da gizarte sistema. Bitartean, diskurtso mailan, onartuko da bakoitzak nahi duen moduan janztea, nahi duen hizkuntzan egitea. Dena dibertsitatearen eta aniztasunaren alde. Baina, egunerokotasunean berdintasuna sustraitzen, barneratzen eta praktikan jartzen ez den bitartean, askorentzat euskarak gona modukoa izaten jarraituko du: batzuk, neska askoren moduan, askotan zalantzan: gaur jantzi egingo dut? Bai? Ala ez?; beste batzuk, mutilen antzera: gona? Inoiz ez!

Eskubide, arau edota legeaz haratago, haurrak janzteko ardura dugunok (gurasoak, hezitzaileak…) badugu zer hausnartu aldarrikatzen ditugun balioen inguruan: horien definizio zein gauzapenen inguruan, gure diskurtso eta praktiken inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.