Mina indar

Juan Luis Zabala / 2012-10-28 / 1.017 hitz

Ted Hughesekin izan zuen amodio istorio dramatikoaren eta suizidioaren atzera-bueltarik gabeko tragediaren gainetik, indar handiko obra poetikoa uzteagatik da gogoratua Sylvia Plath, duela 80 urte jaio eta duela ia-ia 50 urte hil zen idazlea.

Duela 80 urte jaioa —1932ko urriaren 27an— eta duela ia 50 urte hila —1963ko otsailaren 11n—, Confessional Poetry edo poesia konfesionala deitutako joeraren ordezkari nagusietako bat da Sylvia Plath, poesia anglosaxoia aztertzen duten adituen taxonomietan; Robert Lowellek zabaldu zuen bidearen urratzaile gorenetekoa, Anne Sextonekin batera.

Bizi zelarik poema liburu bakarra argitaratu zuen, The Colosssus. Harrera ona izan zuen, baina inondik inora ere ez poema haien egilea mundu osoan erreferentzia ezaguna izatera iritsiko zenik pentsarazteko adinakoa.

Ariel poema liburuan lotu zitzaion indar handiz poesia konfesionalaren bideari, eromenetik gertu dagoen kontzientzia bat erakusten duten hausturak muturreraino eramaten dituen poesia landuz; mina indar bihurtzen duen poesia. Baina poema haiek argitaratu baino lehen hil zuen bere burua, etxeko sukaldean, labeko gasarekin itota, sukaldeko atea arropekin hermetikoki itxita utzi ostean, etxe berean lotan ziren seme-alabak babesteko.

Urte batzuk geroago, hil ondoren argitaratutako obra batekin Pullitzer saria irabazten duen lehen egilea izateko ohorearen jabe bihurtu zuten. The Collected Poems bildumarengatik esleitu zioten saria, 1982an. Ted Hughes poetak apailatu zuen bilduma hura, Sylvia Plathen alargunak.

Zinemarako bizitza bat
Christine Jeffs zinemagileak Sylvia estreinatu zuen 2003an, Sylvia Plath (Gwyneth Paltrow) eta Ted Hughes (Daniel Craig) poeten arteko amodio istorio dramatikoan oinarritutako filma. Ted senarrak beste emakume batekin —Assia Gutman Wevillekin— izandako harremanak bultzatzen du, filmean, Sylvia bere buruaz beste egitera. Horixe da bertsio zabalduena, baina asko dira istorio horri ñabardurak egiten dizkiotenak, edo ñabardurak baino gehiago: Ted Hughsen arrebak Ted eta Sylvia elkarrengandik bereizteko egindako ahaleginak gogoratuz, Sylviaren ustezko nahasmendu bipolarra aipatuz, suizidiorik ez zela izan dioten hipotesiak zabalduz…

Istorio horretaz gain, oso obra estimatua utzi du Sylvia Plathek. Prosazko lanen gainetik —The Bell Jar nobela (1963), amari idatzitako gutunak, egunkariak, haurrentzako ipuinak…—, poesia batez ere; indar bereziko poesia. Euskarara itzuli eta argitaratuta poema bakan batzuk daude oraingoz. Baina abian da haren poema liburu oso bat euskaraturik argitaratzeko asmo bat.

——————————

Plathen eta Plathi buruzko aipu batzuk

Sylvia Plath irakurtzea bezala, Sylvia Plathi buruz irakurtzea ere esaldi bortitzekin egiteko arriskua duen jarduna da. Hona hemen adibide bakan batzuk:

«Bere arrangurarik sakonenak ikertzen dituen burua da, beharbada, arteak gaur egun eskain diezagukeen ispilu bakarra, eta oso litekeena da maitasunaren eta bizitzaren balioak ukatzen dituen mundu batean askatasun ekimen bakarra, hain zuzen ere, heriotza izatea».

• Anne Sexton poetaren hitzak, maiz aipatuak hala Sextonen nola Plathen poesiari buruz idatzitako azterlanetan.

«Ondo pasatzen egon behar nuen, ilusionatuta, gainerako nesken antzera, baina ez nuen erreakzionatzea lortzen. Geldirik eta hutsik sentitzen nintzen, tornado baten begia bezala, inolako indarrik gabe mugitzen».

«Buddy Willard ere oroitzen dut, esanez, segurtasun siniestro batez, behin ezkondu eta gero ezberdina izango zela, ez nuela poemak idazten jarraitu nahi izango. Orduan pentsatu nuen akaso egia izango zela, ezkondu eta seme-alabak izatea buru-garbiketa baten antzekoa zela, eta horren ondoren sedatuta ibiltzen zela bat munduan barrena, esklabu bat estatu totalitario batean bezala»

• Sylvia Plathen ‘The Bell Jar’ nobelatik.

«Bere lanean [Sylvia Plath] ohiz kanpokoa zela uste dut, eta ausarta bere bizitza guztian segika izan zuen depresioarekin izan zuen borrokan. Bere esperientzia emozional guztiak soineko zoragarri bat egiteko batu zitezkeen material puskak balira bezala baliatzen zituen; ez zuen sentitzen zuen ezer ere alferrik galtzen, eta sentimendu iskanbilatsu horiek kontrolpean zituenean, gai zen bere energia poetiko sinesgaitza emaitza ikaragarriz fokuratu eta zuzentzeko. Eta hor zegoen Ariel, bere lorpen ikaragarria, bere emozio aldakorren eta amildegiaren ertzaren artean. Ez erortzea zen artea».

• Frieda Hughes-ek, Sylvia Plath-en alabak, Ariel, The Restored Edition liburutik (2004).

«Sylvia Plath heroi tragiko baten antzekoa da, gizateriarentzako sinbolo bat suizidioaren arriskuaren aurrean. Edo, hobeto esanda, norberaren bizitza espirituala hiltzen uzteko arriskuaren aurrean, ematen baitu egungo mundu modernoa dagoen egoeran espirituala den ororen heriotza beharrezkoa dela bizirik irauteko. Sylvia Plathek nahiago izan zuen lurrera itzuli bere zati ezinbesteko hori hiltzen utzi baino.

«Sylvia Plathi idatzi zion hil-oharrean, Anne Sextonek Kafkaren gutun bateko zatia aipatzen du: ‘Liburu batek aizkora baten antzekoa izan beharko luke barruan dugun itsaso izoztuaren aurrean’.

«Eta Sylvia Plath artearen bitartez munduan barrena aizkorakadak emanez ibili zen emakume bat izan zen».

• Lisa Liibbe Lara poeta eta ikerlariaren Sylvia Plath: Más allá de los mitos artikulutik.

Ispilua

Zilarrezkoa naiz eta zehatza. Ez dut aurreritzirik.

Ikusten dudan guztia irentsi egiten dut segituan

dagoen-dagoenean, maitasun edo higuinaren lausorik gabe.

Ez naiz krudela, soilik egiatia:

Jaungoiko ttipi baten begia, lau ertzekoa.

Denborarik gehiena hormaz hausnartzen joaten zait.

Arrosa da horma, tantoekin.

Hain luzaro egon natzaio begira

Nere bihotzaren zati bat dela uste dut. Baina gora-beherak ditu.

Aurpegiek eta iluntasunak banandu egiten gaituzte behin [eta berriro.

Aintzira bat naiz orain. Andre bat nigana makurtzen da,

bera zinez zer den nire luze-zabalean aztertuz.

Ondoren gezurti horiengana bihurtzen da: kandela edo [ilargiagana.

Bere bizkarra ikusi eta isladatu egiten dut leialki.

Eskuak astinduz eta malkoekin saritzen nau.

Garrantzia dut berarentzat. Etorri eta joan egiten zait.

Bere aurpegiak hartzen du goizero iluntasunaren lekua.

Neska gazte bat ito du nigan, eta nigan hartzen dio gaina

andre zahar batek egunez egun, arrain izugarri baten modura.

• Bernardo Atxagaren itzulpena. Maria Garziarenak sinatuta argitaratu zen lehenik, Garziarena aldizkariaren 1. zenbakian (1992an). Gero Bernardo Atxagaren Groenlandiako lezioa liburuan (Erein, 1998). Aldaketa txiki batzuk daude bi bertsioen artean. Hemen jasotakoa 1998ko liburukoa da.

Bertikala naiz

Baina nahiago nuke horizontala banintz.

Ez naiz lurrean sustraiak dituen zuhaitza,

mineralak eta amaren maitasuna zurgatzen

martxoan hostoak lora daitezen.

Ez naiz lorategiko ederra, kolore bizi horiekin

harridurazko oihuak erakartzen dituen hura,

petaloak laster galduko dituela jakin gabe.

Nire aldean, zuhaitza hilezkorra da

eta lorea, ni bezain altua ez bada ere, deigarriagoa da,

eta bataren bizitza luzea nahi dut eta bestearen ausardia.

Bart, izarren argi infinitesimalaren azpian,

zuhaitzek eta loreek haien usain freskuak barreiatu dituzte.

Beraien artean nabil, baina ez dira konturatzen.

Batzuetan uste dut, haien antz handia

izan behar dudala lotan,

pentsamenduak iluntzen zaizkidanean.

Nirekiko, naturalagoa da etzanik egotea.

Orduan egiten dugu lasai hitz zeruak eta biok,

eta horrela probetxugarri izango naiz azkenik etzatean ere:

orduan, behingoz zuhaitzek ukitu ahal izango naute

eta loreek astia izango dute niretzako.

• Kirmen Uriberen itzulpena, Bar Puerto. Bazterreko ahotsak ikuskizunerako egina 2000. urtean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.