Estibalitz Ezkerra / 2012-12-15 / 707 hitz
Aljeriako gudaz esandakoengatik, Jean Paul Sartre intelektual engaiatutzat jo izan da; Albert Camusi, aldiz, kolonialismoaren logikari men egin izana leporatu diote. Eztabaidagarriak dira bi ikuspegi horiek.
Saddam Husseinen erregimena suntsitu eta herrialdea kontrolpean edukitzea hilabete pare bateko kontua izango zela uste zuen AEBetako armadak Irak inbaditu zuenean, 2003ko martxoan. Abuzturako, baina, ohartu ziren kalkuluak gaizki egin zituztela eta estrategia zuzendu egin behar zutela. Hil horretan bertan, Pentagonoak Gillo Pontecorvoren La Bataille d’Alger (1966) filmaren emanaldi berezi bat antolatu zuen, AEBetako tropek Iraken aurkitzen ari ziren oztopoak ulertzeko eta gainditzeko asmoz. Emanaldiaren berri ematen zuen paskinean zera irakur zitekeen: «Terrorismoaren aurka nola bataila bat irabazi baina ideien gerra galdu. Umeek soldaduei tiro egiten diete. Emakumeek bonbak jartzen dituzte kafe etxeetan. Fanatismoa arabiar populazioaren jabe egiten da. Ezaguna egiten zaizu kontua? Frantziarrek plan bat dute. Taktikoki asmatu egiten dute, baina estrategikoki huts egin. Horren arrazoiak ulertzeko film honen emanaldira».
Paskineko testutik bi ondorio atera daitezke: batetik, Frantzia eta AEBak alde berean lerrokatuz, Pentagonoak onartu egiten du, inkontzienteki bada ere, Iraken kontrako ekintza jarduera koloniala dela; bestetik, arabiarrak, direla irakiarrak direla aljeriarrak, terroristaren rolera kondenatuz (hots, metropoliaren indarkeria zilegitzat joz baina subjektu kolonizatuarena arbuiatuz) ukatu egiten du haien kolonizatu egoera eta, beraz, haiena independentziaren aldeko borroka dela. Adierak adiera, ez da harritzekoa deskolonizazio prozesu guztietatik Pentagonoak Aljeriakoa adibide moduan aukeratu izana, hain zuzen, bere garaian zeresan handia eman baitzuen (eta oraindik ere ematen du, horren adibide da aurtengo urtea arte itxaron behar izan dutela 1961ean Frantzian hil zituzten aljeriarren familiek gobernuaren aldetik erantzun bat jasotzeko), AEBetako esku hartzeak Ekialde Hurbilean ematen ari dena bezainbeste, eta eztabaida biziak piztu zituen Frantziako intelektualen artean.
Aljeriako gudaz eta Frantziako intelektualen rolaz ari garela, bi izen datozkigu gogora: Jean-Paul Sartre eta Albert Camus. Biek ala biek luze idatzi eta hitz egin zuten Aljeriako kontuaz, independentziaren eta Jabhet Al-Tahrir Al-Watani taldearen alde (frantsesez, FLN Front de Liberation Nationale zeritzoten) lehenengoak, gatazkaren konplexutasunaz bigarrenak. Bere jarrera argi agertzeari uko egin ziola-eta gogor kritikatu zuten Camus, eta kolonialismoaren logikari men egin izana aurpegiratu zioten. Sartre, berriz, pentsalari engaiatuaren eredu moduan azaldu ohi zaigu, Fanonen Les damnés de la terre (1961) lanari egin zion hitzaurreari esker, besteak beste.
Egia da gaur egun ere Camusen liburuetan azaltzen den «arabiar» izendapen generikoa, kolonoen ondorengo ez den orori emana, arrazistatzat ez jotzea zaila dela, kolonoari indibidualtasuna onartzen baitio eta zuria ez denari ukatu egiten baitio. Baina ez dugu ahaztu behar Sartreren lanetan ere pertsonaia beltz guztiak «beltza» moduan azaldu ohi direla, eta hala ere ez dira gutxietsi hark arrazakeriaren eta kolonialismoaren inguruan esandakoak. Gainera, kontuan hartu behar dugu Sartrek metropolitik idatzi zituela idatzitakoak, hots, gatazkaren tokian tokiko ezagutzarik gabe, eta Camusek, berriz, Aljerian jaiotakoa eta bertan hazitakoa zenez, barrutik ezagutzen zuela egoera. Horiek hala, esan genezake «arabiarra» subjektu interpelatuaren kondiziora mugatzeak izan dezakeela zentzurik, helburua bada kolonialismo egoeretan komunitateen artean dagoen ezezagutza eta mesfidantza azaltzea ezaguna denetik abiatuta. Camusen kasuan, ezaguna dena kolonoa da, independentzia gerra hasten denean bere buruari aitortu egiten diona zuria ez den Aljeriaz deus ez dakiela. 1954an, independentziaren aldeko mugimenduak martxan ziren urtean bertan idatzi eta handik hiru urtera, L’exil et le royaume bildumaren barruan, argia ikusi zuen L’Hôte narrazioak idazlearen jarrera horixe zela pentsatzera garamatza.
L’Hôte Aljerian kokaturik dago, eta hiru pertsonaia protagonista ditu: Balducci jendarmea; garia lapurtu ziolako lehengusua hil egiten duen eta, ondorioz, atxilotzen duten «arabiarra»; eta Daru eskola maisua, Aljerian jaio eta hazia. Azken horrengana darama Balduccik presoa, Tinguiteko polizia estaziora entrega dezan. Daruk, baina, uko egiten dio horri, gatazkan parte hartu nahi ez duela argudiatuta. Balduccik, ordea, eskola maisua izanik gatazkan jadanik inplikatuta dagoela esaten dio, eta haren esku uzten du «arabiarra». Gaua elkarrekin pasatu ostean, hurrengo goizean dirua eta janaria ematen dizkio Daruk presoari, eta esaten dio ekialdera jo izanez gero bere burua entrega dezakeela, baina hegoalderantz abiatzen bada nomaden artean babesa lor dezakeela. Daruren harridurarako, gizonak ekialdera jotzen du. Eskolako arbelean, «Tu as livré notre frère. Tu paieras» idatzita aurkitzen du.
L’hôte hitzak frantsesez biak, ostatu emaile eta ostatu jasotzaile, gonbidatu, adierazi nahi du. Latineko hospes-etik dator hitza, zeinak arrotz eta arerio adierazi nahi duen. Camusen istorioan nor da l’hôte? Daru? Arabiarra? Daruk ostatu ematen dio «arabiar» arrotz/arerioari, baina Daru, jaiotzez bertakoa bada ere, frantziar okupatzaileen ondorengo da. Zentzu horretan, arabiarra da Daruri ostatu ematen diona, eta Daru, aldiz, arrotza/arerioa.