Firefox OS, Mozillaren jauzia telefonoetara

Aitor Aretxaga / 2012-11-28 / 617 hitz

 Web irekiko teknologia edo Interneteko aplikazio bidezko sistema eragilea proposatzen du Mozilla konpainiak, lehiakortasun handiko telefonoetako sistema eragileen merkatuan bestelako aukera eskaini nahian. Telefonica bidelagun izango du apustu horretan.

Sakelakoak merkatu elektronikoan jaun eta jabe bihurtu diren honetan, Mozilla konpainiak software librearen kontzeptua telefonoetako sistema eragileetara eramateko ideia izan du. Boot to Gecko izeneko proiektuaren berri joan den otsailean eman zuten; ez dago plaza hoberik Mobile World Congress biltzarra baino, gisa honetako albisteak emateko. Ia urte oso bat joan da geroztik, eta garapena erritmo onean doa; 2013ko urtarrilean kaleratzeko asmoa daukate, antza. Asmoa da softwarejabedunari aurre egingo dion aukera bihurtzea: ordea, Android, iOS edo Windows Phone euskarrietako jatorrizko aplikazioek bezainbesteko kalitatea edo hobea duten aplikazioak garatzera iristea, web irekiko teknologiak erabilita. Era honetara, HTML5, Javascript eta CSS webak garatzeko erabiltzen diren teknologia estandarrekin garatu ahal izango da. Beste modu batera esanda: funtsean, smartphone-ak edo tabletak daukan bakarra nabigatzaile bat da, eta horren barruan abiarazten dira aplikazio guztiak, eta Internetera bideratutako sistema eragile bat osatzen da; eta erabiltzailea ohartu gabe horretaz. Hodeia euskarritzat darabilten sistemen antzera funtzionatuko du. Proiektu ziragarria da inongo ezbairik gabe, aukera berriak ireki baitzaizkie, bai garatzaileei, eta bai kontsumitzaileei: aurrerantzean, ez baitira fabrikatzaile batzuen zehaztasunen eta haien politiken menpe egongo.

Garrantzitsua da gogoan izatea Firefox OS-ren helburua ez dela puntakoak diren Android Jelly Bean, iOS 6 edo Windows Phone 8 baino interfaze grafiko berritzaileagoak edo diseinu originalagoak eskaintzea, baizik eta sistema ireki bat sortzea, gai izango dena aurre egiteko euskarri jakin baterako eta kode jakin batekin programatutako aplikazioak ekoizten dituen merkatu bati; bestela esanda, gailu eta garapen pribatuak oinarritzat dituen merkatu bati. Web aplikazioen erabilpenaren bidez, garapen berberak euskarri guztientzat balio du; horizontala eta unibertsala da. Beste behin ere, Mountain Vie-en egoitza duen konpainiakoak dagokien profileko erronka berrian murgildu dira Firefox OS sistemarekin.

Zehaztasun gehiago

Honen guztiaren ondorio zuzenena da, azken belaunaldiko telefonoentzako aplikazioen garapen eta ekoizpen kostuak izugarri jaistea. Horrek smartphone erako telefonoak prezio onargarrietan eskaini ahal izatea dakar, eta azken batean, prezio garestiagatik era horretako sakelakoak erosi gabe geratu direnengana iristea, eta hazteko bidean dauden merkatuen kasurako aukera bihurtu, adibidez. Ez hori bakarrik, web erako sistema horrek behar dituen errekurtso murritzei esker, tiradera barruan hautsa hartzen ari den telefono zaharra hartu, eta bertan ere Firefox OS egikaritu ahalko da.

Halaber, eta definizioz, software librea izatea ez doa derrigorrean doakotasunari lotuta; eta horren ildotik, enpresa erraldoi asko dira dagoeneko egitasmora batutakoak. Negozio lerroa ikusi duten horien artean daude sare sozialetako jaun eta jabe diren Facebook eta Twitter. Sinatutako akordioari esker, Firefox OS barnean integratuta etorriko dira lehentasunez biak; eta baimenak eman ostean, lagunen eguneraketen berri jasotzeaz gain sarrerako menuan, kontaktuei aplikaziotik bertatik deitu ahalko zaie zuzenean, adibidez. Era berean, HTML5 teknologiaren mugikortasunari esker, Google Maps zerbitzua ere emateko moduan egongo dira, oraingo mahaigaineko aplikazioaren modukoa.

Erronka handia, etorkizun ezjakina

Hasierak beti gogorrak izaten direla esan ohi dute zaharrenek. Proiektuaren handitasuna, baina, ez dator merkatuan lortuko duten pusketaren eskutik, baizik eta lortu nahi den pentsaera aldaketatik. Android, iOS eta Windows-i itzalik ez dio egingo ziur asko, baina handia da kode askeari eta garapen libreari ateak irekitzearen asmoa, bere horretan. Bereganatuko duten publikoa, software librearen aldeko hitzekin baino gehiago, ekintzekin egiten dutenetarikoa izango da. Kooperazioan oinarritutako lankidetzari esker aplikazio unibertsalak sortu eta erabiliko dituztenena; enpresen arteko lehian oinarritutako garapenaz haratago. Esandakoaren adierazgarri da Mozillaren erabakia jendeak bidalitako argazkiak erabiltzeko sistema berriaren atzekoaldeko gisa: Flicker euskarrian, #fxb2g etiketarekin identifikatu ahal dira bidalketak.

Kaleratu orduko, probatzeko aukera

Nabigatzaile bat aski da sistema abiarazteko; eta jakin-mina daukanak badu aukerarik sistema probatzeko nahiz garatzen hasteko, Firefox-eko gehigarri bati esker: r2d2b2g. Izen bitxi horren atzean dago, Firefox OS emulatzeko ingurunea, benetako sistemaren gauza bera egiten duena. Hori bai, telefonoaren ezaugarriei lotutako gabezia txiki batzuekin (geolokalizazioa, kamera, azelerometroa eta abar): http://people.mozilla.org/~myk/r2d2b2g/.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.