Haurride bai, bikiak ez

Gorka Erostarbe / 2012-11-29 / 783 hitz

‘Eskarmentuaren paperak’-en ildotik testu laburrez osatu du Anjel Lertxundik ‘Paper-festa’ lan berria, baina tonu narratiboagoan.
Literaturaz, gizarteaz, harremanez eta heriotzaz mintzo da, besteak beste.

Liburu bat eskuan duela, eta inguruan gertatzen denari begira, adi. Eta itsasoaren aurrean. Egokiera horretan sortu ditu edo bururatu zaizkio Anjel Lertxundiri Paper-festa. Minimalia (Alberdania) osatzen duten narrazio pieza gehienak. «Liburuari berari bezainbat erreparatzen diot tabernan sartu den edo terrazatik pasa den pertsonari. Biak uztartzen saiatu naiz. Nire eskuek ez dute liburu bat abandonatzen, baina aldian behin liburutik begiak jaso eta nire ingurua begiratzen dut. Ingurua begiratzetik sortutako ipuin mordoa dago hemen. Nire hurbileko errealitatearekin oso lotua dagoen liburua da».

Ipuin, narrazio eta kontakizun hitzak darabiltza egileak liburuko piezak definitzeko. Eskarmentuaren paperak (Alberdania, 2009) hura bezala, testu laburrez osaturikoa baita lana, zatiz zati osotasuna bilatzen du honek ere hark bezala. Haurrideak dira, baina ez bikiak. Haren ifrentzua. Liburu berriaren kontrazalean dator bien arteko aldea: «Helburu bera badute ere, han hausnarketaren bidea nagusi zen, eta kontakizunaren bidea aukeratu du hemen autoreak, hartan bezala autobiografia sentimental eta literarioa idazteko». Lertxundiren hitzetan: «Narrazioak hausnarraren zerbitzura» zeuden orduko hartan; «gai errekurrenteak ditu berriak ere, obsesio berberak, baina beste ikuspuntu edo begirada batez» landuak.

Narrazio laburrak aukeratu ditu Lertxundik, besteak beste garai berriek lengoaia berriak eskatzen dituztelakoan. «Ezin ditugu gauzak kontatu duela 100 urte bezala. Gauzak oso azkar gertatzen dira, gauzak oso azkar aldatzen dira. Arintasunarekin lotzen ditu testuok, gutxirekin asko kontatzearekin: «Ipuinak biluzi egin behar du. Testuak ia zerora jaitsi behar du ahalik eta etekin handiena emateko. Gutxienarekin ahalik eta gehien ematen ahalegindu behar du. Pertsonaiak, tokiak, denborak, gelditzen dira ez indefinizio batean, baizik eta nobela batean ez bezalako plastizitate batean. Arintasunean, ez arinkerian. Pisua kendu duen elementu baten moduan. Biluzik. Ez dago tranparik. Ez dago pirotekniarik».

Arreta non, efektua han

«Begirada da idazle batek eskain dezakeen gauzarik pertsonalena, gauzarik bereena», Lertxundiren hitzetan. Eta Paper-festa. Minimalia liburuko begiradak asko du laburtasunetik, biluztasunetik. «Flash narratibo batzuk egiten saiatu naiz, osotasunean emanak. Begiradak ez du idazle bat hobea edo okerragoa egiten, baina hark ematen dio berezitasuna, Lertxundik dioenez. «Zertan jartzen duzun arreta, zeri begiratzen diozun garrantzitsua da, gero irakurleari transmitituko diodan efektuan eragina duelako». Begirada bat izatea «ez da aski», ordea. «Begirada bati beste begirada batek jarraitzen dio, eta hari beste begirada batek. Eta hortik efektuak sortzen dira». Paperez paper arakatzen ibili ostean ondu du liburua, baina ez du biltzaile lan soila egin. «Ez da almazen bat. Begiradak antolatuta daude. Nik neuk ikusten dut narrazio oso bat liburuan zehar, gaika antolatua, eta gai bakoitzak hari ezkutuen mikronarrazio bat kontatzen du. Narrazio batzuetatik besterako paisaia batzutan mantso-mantso aldatzen da, eta beste batzuetan brastakoan, modu desberdinetako trantsizioak egiten ditut irakurlea ez dadin monotonian erori». Literaturak beti gai berberak lantzen ditu. Hala dio Lertxundik, baina, ugaritasunaren bila aritu da begiraden eta efektuen aldetik. «Tonu aldaketen bitartez saiatu naiz efektuak lortzen».

Ondo zedarritutako lau ataletan banatu du liburua Lertxundik. Lubakiak, barne muinetan‘ atalean historiaz eta gizarte gaiez dihardu, betiere oihartzun literarioz jantzita. Bizitza hizpide izenekoan giza harremanak ditu ardatz. Erbinude zuriarena sailean literaturaz, arteaz, idazteaz eta euskaraz mintzo da egilea, eta heriotzaz, oinazeaz, patuaz eta ezinaz Heriotza, oinazearen aita-n. Koadernotan bildutako testu zaharren bat badago liburuan edo BERRIAn idatzitako zutabe laburtu eta moldaturen bat, baina gehien-gehienak testu berriak dira; «nire hurbilenekoek ere ezagutzen ez zituzten testuak daude, batez ere».

Juan Kruz Igerabide idazle eta adiskideak testuak aurrez irakurtzeko aukera izan du, eta harentzat «gozamen hutsa» izan da irakurketa. «Badaude sufrimendua eta tristura, baina literaturaren plazera etengabekoa da», Igerabideren ahotan. «Anjelen literatura unibertsoan bizitza bera dago». Otto Pette-ren, Ifrentzuak saileko lau liburuen, Letrak kalekantoitik-en, Konpainia noblea-ren, Mentura dugun artean-en eta Etxeko hautsa liburuen oihartzunak topatu ditu lan berrian Igerabidek. «Kilika eta kilika ari da etengabe munduaren ikuspegi benetan zabala eraikiz. Ideologiazko eraikuntza sakon bat ikus dezakegu, baina ideologia orori itzuri eginez, norberaren ideia sarea ere kolokan jartzen du. Beti dinamikoa, amaitzen ez dena. Eta hori arriskutsua da politika, erlijioa eta filosofia behin betiko egonkortu nahi dituenarentzat. Konpromiso ideologikoa ageri da, baina bizitzan erabat txertatua, zikindua, eskarmentatua».

«Ziztada etikoa eta plazer estetikoa» biltzen ditu, labur esanik, Paper-festa liburuak, Igerabideren begietara.

——————–

Narrazio batzuk

‘Paper-festa’ liburuko narrazio pieza laburrenetako hiru dira hauek:

‘Fideltasuna’

—Hori galdetzea ere! Zuekin nagok, beti egongo nauk zuekin— erantzun nien nik. Tamalez, ez naiz gogoratzen egin zidaten galderaz. Urte asko pasatu dira ordutik. Orduko jarrera fidel berean segitzen dut nik, gogoratu egiten ez dudan galdera bati emandako erantzunari lotuta.

‘Aldarritik lantura’

Urte asko egin zituen heriotza bazenik ere pentsatu gabe. «Bizi egin behar da, osti, bizi!», horixe zuen aldarri. Lehen ajeak etorri zaizkio, ordea, eta orain heriotza dauka beti buruan. Heriotzaren obsesioak tokia hartu dio bizitzearenari. «Hil egin behar, ostia, hil!», horixe du aspaldian lantu.

‘Abisatzailearena’

—Abisatu nizuen nik, abisatu nizuen!

—Eta abisatzeaz aparte, zer beste egin zenuen?

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.