Juan Luis Zabala / 2013-01-03 / 1.237 hitz
Iratxe Esnaolak, Mikel Asurmendik, Alex Gurrutxaga eta Imanol Mercerok iazko obra batzuk nabarmendu dituzte BERRIArentzat.
Idazle asko eta liburu asko argitaratzen dira urte baten buruan, eta oso zaila izan ohi da haien arteko batzuk nabarmentzea, izan duten kalitatearengatik edo interesagatik, edo egin duten ekarpenagatik. Beren ezinak eta mugak onartuz —oraindik ere aintzat hartzeko modukoak izan daitezkeen liburu denak irakurri gabeak izatea, adibidez— 2012an argitaratutako launa liburu nabarmendu dituzte Iratxe Esnaola, Mikel Asurmendi eta Alex Gurrutxaga BERRIAko literatur kritikariek, eta bost Imanol Mercero haur eta gazte literatura arloko adituak. Euskaraz sortuak dira batzuk, euskarara ekarriak beste batzuk, literatur generoaren aldetik ere askotarikoak. Bada liburu bat ager zitekeen hiru zerrendetako bitan ageri dena: Ramon Saizarbitoriaren Martutene nobela.
IRATXE ESNAOLA Literatur kritikaria
• Charlotte Perkins Gilman
‘Hormako paper horia’ (Edo); itzultzailea: Ana Isabel Morales
Udaberrian, Edo argitaletxea aurkeztu zen jendaurrera, eta arian-arian bere aleak eman ditu. Charlotte Perkins Gilmanen Hormako paper horia hautatu dut aleen artean. XIX. mendearen amaieran Estatu Batuetan «gaixotzat» hartzen den emakumea du protagonista, eta eromena, autonomia, idazletza, gizarte kontrola, eta halako gaiak eztabaidagai ipintzen ditu irudimen biziko kontakizun txit berezi honek.
• Itxaro Borda
‘Boga Boga’ (Susa)
Udan, hondartzan etzanda, Itxaro Bordaren Boga Boga (Susa) leitu nuen. GALek eta ETAk 80ko hamarkadan Iparraldean utzi zituzten ondorioak ulertzen saiatu nintzen ostertzeko bero-lanbrotan, atseginez, gure herrian maiuskulaz idatziak izan diren arazoekin gurutzatzen baitzen genero gatazka zein lesbianen jarduna, ahaztu gabe detektibe generoaren hibridotasun gaitasun beti sinpatikoa.
• Annie Ernaux
‘Emakume bat’ (Txalaparta); itzultzailea: Itziar de Blas Fernandez de Gamarra
Udazkenak berriz hostoak galdu zituen, eta Annie Ernauxen Emakume bat (Txalaparta) jauzi zitzaidan eskuetara, nostalgia baten moduan jauzi ere, aspaldiko testu ezaguna euskaraturik topatzean. Lehenengo pertsonan narratzen duen alabak ariketa mastodontezkoa egiten du hil berri zaion amaren bizitza kontatzeko bera den alaba konkretua gainditu eta alaba guztiok islaraziz.
• Janne Teller
‘Ezer ez’ (Txalaparta); itzultzailea: Juan Mari Mendizabal
Azkenik, zerrenda amaitzeko, Janne Tellerren Ezer ez (Alberdania) lanak gau-mahaitik kirika egiten dit. Ezagutzen dut, eta badakit fabula gordin gupidagabea dela. Ume talde batek erakutsiko digu, errealitatea ulertzen dugun bezala mantentzearren, zer egiteko gai garen normatik aldentzen denari.
MIKEL ASURMENDI Literatur kritikaria
• Karlos Linazasoro
‘Apenas’ (Utriusque Vasconiae)
Apenas liburuaren egileak apenas duen mende erdi bat, alta, bizitzaren erdia bete izanarekin konformatzen da. Baikorra da egilea, baita liburua ere. Karlos (K) idazlea da. Apenas liburua hartu eta apenas hitzarekin hasiko zara jolasean. Apenas dagoen orririk apenas hitzik ez duena. Hasieran, usteak ustel, orri bakoitzeko apenas bat kausituko duzulakoan irakurriko dituzu hitz lauzko poemok. K-k galdera piloa dauka, eta horiei erantzuten asmatu ditu poemok Linazasorok. Hainbat lagun ditu bidaide idaztean, asko bizidunak eta fikziozkoak beste asko, den-denak benetakoak dira horratik.
• Ramon Saizarbitoria
‘Martutene’ (Erein)
Martutene auzoa duzu. Martutene aldirian dago. Nobelako pertsonaiak, gutiz gehienak, hirikoak eta burgesak dira alabaina. Euskaldunok ez gaude ongixko paratuak, pertsonaia gehienak ere ez. Ez da nobela baikorra, krudela da. Martutene espetxea da. Libre izan arren, Martutene irakurriz preso senti zaitezke. Gerontologia da leitmotiv nagusia. Protagonisten nortasunak gupidagabe narratuta daude. Zenbaitetan, zenbait pasarte larregi ez ote diren nago. Alabaina, pertsonen eta literaturaren esentzia kausi dezakezu orrialde bakarrean.
• Patziku Perurena
‘Saski bete intxaur (ezalditan bilduak)’ (Alberdania)
Zeure burua ezagutu nahi baduzu, hartu saskia eta irten basora. Sartu saskian Saski bete intxaur liburua ere. Naturaren usaina sumatuko duzu. Intxaurrak eta hurrak legez aletuko dituzu hitzak. Izan ginen izaki hura edo, naski, sekula iritsi ez genuen izaera berpiztuko da zure baitan. Ez duzu hazkurri eskas izanen. Hona ale bat abiatzeko: maitasunik gabe ez duzu bidea ezagutuko, eta ezagutu gabe maitatuko duzula uste baduzu, sentimentalismoan trabatuko zara. Kasu! Denbora neurri baino gehiago sentimendu dela gaztigatzen baitizu saio e(ra)gile aparteko honek.
• Pello Lizarralde
‘Orbanak’ (Erein)
Zertarako bizi eternalki, istantea bizitzeko gaitasunik erdietsi gabe, munduon? Zertarako ezinezkoa esplikatzen jardun, bizitza esplikatzeko munduaren taxua geure egin gabe? Etxeko ezkaratz ilunari taxu eman gabe, nekez taxutuko ditugu urratsak egun urratuan. Iragan mundua ez da itzuliko, baina, naski, azkar ibili beharrean, donarioz, istapeka, ezari-ezarian, naturaren eta bizitzaren esentziak adi ditzakegu. Urratuak urratu, orbanak orban. Errealitateari atxikia. Mitifikatu gabe. Orbanak. Pello Lizarralderi aiher.
ALEX GURRUTXAGA Literatur kritikaria
• Ramon Saizarbitoria
‘Martutene’ (Erein)
Betiko gaiak (euskal gatazka eta bikote harremanak), esan du idazleak. Ezin uka, baina inoiz baino urrunago joan da Saizarbitoria giza harremanak arautzen dituzten pasioen zurrunbiloan murgiltzerakoan, psikologiatik asko duen disekzio grina sutsuz. Errealismo berrien markoan, matizetan hain aberats, pertsona bakoitzaren konplexutasuna eta sortzen duen munduaren osotasuna eta indarra goraipatzekoak dira. Nobela anbiziotsua da (hainbat zentzutan), kantitatez eta kualitatez.
• Mikel Antza
‘Atzerri’ (Susa)
Nobela sendoa da, akzioa eta muina indartsuak dituena. Akzioaren eta giroaren potentzia dago alde batetik: biografikotik asko duen autofikzioa, klandestinitatean eta kartzelan girotua. Tematikoki, bi tentsiok (gutxienez) nobelari eusten diote. Bata idazle/aktibista kinka da. Bestea, nobelan gogoetek duten indarrari lotuta, atzerritartasunari buruz egindakoa. Aipagarriak dira bakarrizketen indarra eta tarteka eromen itxura transmititzeko baliatutako teknika lortua.
• Rikardo Arregi Diaz de Heredia
‘Bitan esan beharra’ (Alberdania)
Poetika sendo baten loratzea da Bitan esan beharra. Tematikoki eta formalki aske eta osagarri diren hiru atalez osatuta, bizitzaren sintesi poetikoa zantzutzen da obran, egunerokotik abiatuta arteari, maitasunari eta heriotzari behatzen baitio Rikardo Arregik. Tradizioaren eta berrikuntzaren arteko orekan, hizkera zoli eta dotorez, lan biribila ondu du poetak.
• Iñigo Astiz
‘Baita hondakinak ere’ (Susa)
Batasun handiko poemategia da, nitasunetik idatzia, baina kolektibitatea islatuz. Iraupenaz ari da poeta: gauzenaz, naturarenaz eta gizakionaz; gure «hemen eta oraina» du aurrean, baina baita «beste» leku eta denborak ere. Modu originalean sortzen ditu korrespondentziak gainditzen gaituen eternitateak eta istanteak bat egiten duten unean. Poema argiak eta sakonak dira, tonu grabe eta ironikoekin, lirismo garaikide baten jabe. Aipagarria (eta desberdina) Euskal Herria (Ginsberg erara).
HAUR ETA GAZTE LITERATURA
IMANOL MERCERO Haur eta gazte literaturako kritikaria
• Anthony Browne
‘Gorila bat’ (Pamiela-Kalandraka); itzultzailea: Manu Lopez Gaseni
Zenbaketa liburu bat… Orriko zifra bat, batetik hamarrera… Asko daude halako liburuak haurrei zenbatzen laguntzeko. Baina liburu honek beste dimentsio bat eman dio guztiari, zenbakiak anekdota bihurtzeraino, azalak iradokitzen duen bezala primateen hamar erretratu hiperrealista zoragarrirekin, eta hamargarrenaren ondoren eboluzioaren aldarrikapen hunkigarria azalpen eske datorrelako. Mugarri bat ezarri du Brownek.
• Pello Añorga
‘Gure hiztegi magikoa’ (Aizkorri); ilustratzailea: Jokin Mitxelena
Bost urtetik aurrerako haurrekin irakurtzeko obra hau lotarako ipuinaren mozorroarekin jantzita ekarri digu, gu guztiok ezagutzen dugun ahozko jolas bat proposatuaz, alegia, azkar errepikatuaz esanahia aldatzen duten hitzak: arbel-belar, Igor-gorri, kale-leka… Sinple eta eraginkor. Lezio bat eman digu liburu honekin Pello Añorgak, jolas liburu bat egin du literatura egiten ari zela ahaztu gabe.
• Mark Twain
‘Tom Sawyer-en abenturak’ (Alberdania, Erein eta Igela); itzultzailea: Iñaki Mendiguren eta Sarah J. Turtle; ilustratzailea: Guillermo Gonzalez Escalada
Azkenean lortu dugu klasiko unibertsal honen itzulpen osoa, jatorrizkotik zuzenean ekarria. Edizioa tatxagabea da bere ezaugarri guztietan, obra zirraragarria, ilustrazioa oso garaikoa eta iradokitzailea, itzulpena eraginkorra… Nerabeentzako irakurgaia da, edo are helduentzakoa.
• Juan Kruz Igerabide
‘Motoa’ (Alberdania)
Gazte literaturako aurtengo emaitzen artean, ideia eta irudien errepikapena nagusitu da gure idazleen artean: taberna giroa, makarrillak, pijoak eta borrokak, musika, drogak, maite kontuak… eta eskola eta familia dena baldintzatzen. Agian ezin du bestela izan, agian bai. Nire ustez, guztien artean Igerabideren Motoa izan da beteen asmatu duena pertsonaia eta giroak lantzen, nerabeentzat omen diren formula erakargarriak proposatzeaz gain.
• Joxantonio Ormazabal
‘Ilargia esnatu da’ (Elkar); ilustratzailea: Iraia Okina
Ederki moldatzen zen Ormazabal zena gure haur literaturan oraintsu arte ohikoak ziren tradizioan, fantasian eta poesian. Dudarik gabe, bere Hiztegi jolastia garai hartako lekuko ezinbesteko bihurtua da. Azkenaldian, ordea, beste Ormazabal bat ezagutzen ari gara, intimoa, transzendentea, galdera sakonak egiten dituena. Ilargia esnatu da halakoa da: bizitzaren funtsa haur bihotzarekin arakatzen aritzeko bezain ausarta.