‘Gartxot’ liburu interaktiboa sarean salgai jarri dute Somugak eta Elkarrek

Juan Luis Zabala / 2013-01-18 / 391 hitz

‘Gartxot, konkista aitzineko konkista’ liburua du oinarri, baina, haren aldean, oparoagoa da edukietan.

Agortzen ez den iturria da Gartxoten istorioa: Arturo Campionek idatzitako El bardo de Izalzu ipuina izan zen lehenik, 1917an; Benito Lertxundiren Itzaltzuko bardoa kantua gero, 1981n; Asisko Urmeneta, Jokin Larrea eta Marco Armspachen Gartxot komikia 2003an; Juanjo Elordiren Gartxot filma eta Edorta Barrutabeña eta Asisko Urmenetaren Gartxot, konkista aitzineko konkista liburua 2011n. Orain, iPaderako liburuaren bertsio interaktiboa jarri dute eskuragai Somuga ekoiztetxeak eta Elkar argitaletxeak sarean, 5,99 euroan, Apple Store denda birtualaren bidez.

Nahiz eta funtsean Gartxot, konkista aitzineko konkista (Elkar, 2011) liburuaren bertsio bat izan, paperezko liburuan leku faltagatik kanpoan geratutako eduki ugari biltzen ditu Gartxot liburu interaktiboak. Liburuaren irakurketaz gozatzeko «beste era bat» eskaintzen du, Juanjo Elordi Gartxot filmeko zuzendari eta Gartxot liburu interaktiboaren ekoizleak adierazi duenez.

«Paperezko liburuan, ahalegin berezi bat egin genuen historiako gaiak modu atalkatu batean lantzeko, zatikatuta eta irudiz lagunduta, irakurtzeko erraza izango zen liburu bat osatzeko», azaldu du Edorta Barrutabeñak, Gartxot filmaren gidoilari eta Gartxot liburu interaktiboaren edukien koordinatzaileak. «Liburu interaktiboaren kasuan, filosofia berberarekin, irakurlearengana erraz iritsiko den zerbait egiten saiatu gara, nabigazio erraz bat egiteko aukera eskaintzen».

Era askotako irudiak

Paperezko liburuan, gai bakoitza ilustratzeko erabilitako irudi kopurua askoz mugatuagoa da, eta batez ere irudien alderdi horretan da liburu interaktiboa oparoagoa: argazkiak, marrazkiak, bideoak, grafikoak, mapa biziak, 3Dko animazioz egindako dekoratuak… «Ia-ia filmaren argumentu osoa jarrai daiteke liburu interaktiboko irudien bidez».

«Kasu batzuetan irudiak ez dira osagarri soilak», Barrutabeñak azaldu duenez. «Zenbaitetan, erabateko laguntza ematen dute. Animazio lan bat egiteko eman behar diren pausoei buruzko atala da horren adibidea».

Eduki gehiago eskuratzeaz gain, beste abantaila bat ere izango du bertsio interaktiboaren erosleak: horretarako berriro ordaindu gabe jaitsi ahal izango ditu haren bertsio zuzenduak edo berrargitalpenak.

Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiak IKTrako emandako laguntzak baliatu ditu Somuga ekoiztetxeak Gartxot liburu interaktiboa ekoizteko, eta Elkar argitaletxeak argitaratu du. Munduko edozein lekutan eskura daiteke Gartxot liburu interaktiboa, Apple Store denda birtualean egotea ere lortu baitute. «Ez da erraza horrelako lekuetan egotea eta, zortez, lortu dugu liburua hor kokatzea», esan du Juanjo Elordik. Nahiz eta soilik iPaderako izan, Mac eta PC ordenagailuen bidez ere eskura daiteke, iTunes Storen eskuratzeko moduan baitago; iPadetik zuzenean ere eros daiteke, iBook Storeren bidez.

Bihar eta etzi Gartxoten istorioa gogoratuko dute Itzaltzun (Nafarroa), Gartxot taldeak antolatutako hainbat ekitaldiren bidez. Horietako lehena, Elkorretarainoko ibilaldia izango da, bihar, 09:30ean, Itzaltzutik abiatuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.