Mikel Arrizabalaga / 2013-01-18 / 637 hitz
Mutrikuko Olatz auzoa baserriz inguraturik dago, Arno mendiaren magalean; XX. mendearen erdialdean oso hedatuta zeuden karobiak ikus daitezke bertan.
Baserriz inguraturik dago Mutrikuko Olatz auzoa (Gipuzkoa), Arno mendiaren magalen artean erdi ezkutaturik.
Olatz auzoan eman diogu hasiera ibilaldiari, San Isidro ermitaren ondoan. Errepidearen albotik atera, eta PR GI-47ari dagozkion bide-seinale zuri-horiei jarraituz aurrera egin dugu. Berehala, errepidea utzi, eta Areitzaga Etxaberri baserrien zelaien ondotik doan bidera jaitsi gara. Alanbrezko hesiaren paraleloan jarraitu, langa bat igaro, eta porlanezko pistatik gora errepidera igo gara. Beste aldean, ataka txiki bat gurutzatu, eta bide eroso bati segituz aldapa bati ekin diogu bidegurutzera igotzeko. Inguruan, Aparainera eta Kalbaixora doan bidean zaharberritutako bi karobi ikusteko aukera izan dugu.
Karobiak kareharria kiskalduz kare bizia egiteko erabiltzen ziren labe bereziak dira, eta Euskal Herrian oso hedaturik egon ziren XX. mendearen erdialdera arte. XVIII. mendean ezagutu ziren, eta baserriarentzat oinarrizko produktua izan da beti. Kareak erabilera asko izan ditu: ongarri gisa, paretak zuritzeko, eraikuntzarako eta janariak galdu gabe gordetzeko, besteak beste. Tipologia desberdinetako karobiak daude, Zakarrezkoak izenez ezagunak direnak eta Arragoa izena dutenak. Lehenengoak ezagutzen diren zaharrenak dira, eta sua jasaten zuten harrizko labeak ziren; kareharrizko bobeda batean kareharria pilatu, eta azpian pago eta haritzen egurra erretzen zen gau eta egun. Labearen azpi aldean, sua pizteko ahoa zegoen, eta beste zulo batek airearen sarrera erregulatzen zuen. Egosketa sei bat egunen buruan amaitzen zenean, sua itzali eta pare bat egunez hozten utzi ondoren, kare bizia ateratzen zen. Bigarren motako karobiak, berriz, etengabeko prozesua zuen. Harria eta erregaia geruzaka gainetik kargatzen ziren, eta karea azpi aldetik ateratzen zen metalezko sare baten bidez. Mutrikuko udalerrian karobi batzuk aurki daitezke, eta Abeletxe inguruan dauden bi karobien artean badago aldea; bata arkuduna, tradizionala da, eta bigarrena, berriz, Apainera bidean dagoena, «frantsesa».
Abeletxe
Abeletxera bidean, 200 metro lehenago ezker aldean, Arrikrutzeko hilarria topatu dugu. Kareharrizko bloke formarik gabekoa da, eta gurutze bat eta jatorri ezezaguneko testu ulergaitz bat dauzka landuta. Egurrezko bide-seinaleen artean gezi hori bat ikusi dugu, kostatik pasatzen den Donejakue bidearen seinalea hain zuzen. Guk marka zuri-horiei segituz ezkerrera jo dugu, Korostola baserria gure eskuinera utziz. Pista zabala da, eta erraz heldu gara errepidera. Altuera galtzen jarraitu dugu, eta laster izan gara Ibiritxo eta Eskolaetxe baserrien ondoan. Ezkerrera Agerretxo baserriaren ondotik igotzen den porlanezko bidea utzi, eta hurrengo bidegurutzean, Eguzkitza eta San Blas dioten egurrezko seinaleen ondotik, errepidea utzi eta gorantz jo dugu. Lehen bidegurutzean eskuinera, beti bide-seinaleak galdu gabe.
Eguzkitza eta Ziñoa baserriak
Berehala izan gara Eguzkitza baserri bikainaren atariaren ondoan, eta, aurrerago segituz, eskuinera San Blas ermita ikusi dugu. Antzina ermita izan zenak ez du gaur egun izaera erlijioso horren aztarnarik gordetzen. Bertatik Mutriku eta Kantauri itsasoko ikuspegi bikainak daude.
Porlanezko bidea utzi, eta belarrezkoa zapalduz pinudi batean sartu gara, ondoren zementuzko beste pista batekin topo egin arte. Ezkerrera jo dugu, eta puntu honetan zaharberritutako beste karobi bat ikusi dugu bide bazterrean. Aurrerago, Miruaitzeko harrobitik pasa gara, eta gorabehera handirik gabe pistan barna erraz ibili gara.
Maldan behera hasi, eta Ziñoa baserria ikusi dugu. Orain hamarkada gutxi arte bakarturik egon da, eta, horren ondorioz, kanpoko laguntzarik gabe iraun du. Karobia, ogi-labea, dolarea eta aroztegia bertan aurkitu ditugu. Baserriaren ondora iritsi aurretik, bihurgune baten ondoan bide nagusia utzi, eta eskuinera ateratzen den bidetik gora egin dugu Jentiletxetako leizeak ikusteko.
Mendigune honek egitura karstikoa du, eta bertan leize asko daude. Ziñoako kobak izenez ere ezagunak dira. Bisitaren ondoren, bide nagusira itzuli, eta Ziñoa baserriraino jaitsi gara bertan dagoen karobi ederra ikusteko.
Aurrera segitu dugu, eta harrizko bide zabal eta ederrak bidegurutze bateraino eraman gaitu. Leteko kortarria ikusi nahi badugu, balizatutako bidea utzi, eta eskuinera ateratzen den pistan barna jarraitu behar dugu; bestela, ezkerrekoari heldu, eta maldan behera Belotiegi baserrira jaitsi behar da, eta hortik San Isidroren ermitara, ibilaldia hasi dugun lekura. Ermitaren atzealdean, Kobalde dago, Arno mendiaren barrunbeetatik Kobako erreka irensten duen leizea. Eta hortik hurbil, Amilgo jentilarria bloke mitologikoa.