Gorka Julio / 2013-01-10 / 294 hitz
Internet, beste arlo batzuk bezala, botere esparruak lortzeko leku bilakatzen ari da. Urte askotan askatasun eremu bakarrenetakoa izan denak gero eta zailagoa du kontrol horietatik ihes egitea. Hala ere, besteekin konparatuz, hasieratik posible egiten zuten protokoloak, hau da arauez osatutako gunea izaki, askatasuna ezagutzeko aukera eman digu, eta horri kontra egitea zaila izango da.
Kontrolatzeko saioak etengabeak dira, eta gaur egun, esparru txikienetik handienera ikusten dira. Esango nuke ziklikoak ere badirela: askatasun irekiera berri baten ondoren, kontrol ahalegin bat dator. Blogek adibidez agenda banatu baten aukera ireki zuten, eta Interneteko sare sozialek, berriz, berriro ere agenda publikoaren informazio bitartekariei posizionatzeko aukera eman die.
Gailu mugikorren esparruan ere aldaketa garrantzitsuak izan dira. Biltegi batean dauden aplikazioak aukeratzea izaten da ohikoena, Android, iOS eta halako sistema eragile berrietan. Instala daitezkeen aplikazio baimenduen gune bakarra bilakatzen dira biltegi horiek, eta bertan ez daudenak instalatzen ezinezko edo oso zailak bihurtu.
Mota horretakoak dira kontrola eskuratzeko era berriak. Erabilera erraztasuna aitzakiatzat hartuta, beharrezkoak izango ez liratekeen monopolioak sortzen dira. Beharbada, tresna horietatik kanpo ere aplikazioak eskuratu eta instalatzea lor dezakezu, baina, betiere, zailagoa izango da.
Hala ere, badirudi hau aldatzen ari dela, eta gailu mugikorren adibidea hartzen badugu, hor nabarituko dugu argien. Firefox OS eta gailu mugikorrentzako Ubuntu sistema eragile berriek irekitasun apur bat gehiago ekar dezakete. Aplikazioak sortzeko erabiltzen dituzten teknologiak behintzat estandarragoak dira (HTML5, CSS3 eta Javascript batez ere). Horien arrakasta ikusteko dago, baina argi dago eztabaida piztuko dutela.
Gailu mugikorren alorrean eta teknologia berdinekin oraindik eremu libreenetako bat web-a bera da. Responsive diseinu ereduari esker webgune bera hainbat gailutara egokitzeko aukera dago. Benetan gailu mota gehienentzat estandarra eta inongo bitartekaritzarik gabeko eredu bakarra oraingoz.
Ziklo berri baten atarian gaudela uste dut. Batzuek blogak hiltzat eman zituzten, baina badirudi horiek zutik ziklo berriaren sarrera erakusteko gelditu zirela.