Literatura «estrategikoa» delako

Igor Susaeta / 2013-02-19 / 439 hitz

‘Euskal antologiak’ saileko lehen bi aleak eta ‘Katu jendea’ -ren itzulpena kaleratu ditu Etxepare Institutuak.

Literaturak garrantzi «estrategikoa» dauka Etxepare Institutuarentzat, «hitza eta sorkuntza», biak bateratzen dituelako, Mari Jose Olaziregi institutuaren Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko zuzendariaren ustez. Horregatik, Euskal Antologiak saila abiarazi du Etxeparek, eta lehen bi aleak aurkeztu ditu. Batetik, Euskal Narratiba Garaikidea katalogoa, Mikel Aierbek ondutakoa 25 idazle hautatuz; eta, bestetik, Egungo euskal haur eta gazte literatura lana, Jone Arroitajauregik osatutakoa hamabi autoreren ekarpena bilduz. Eider Rodriguezen Katu jendea ipuin liburuaren itzulpena ere kaleratu dute. Gaztelaniara, alemanera, frantsesera—bi bertsio— eta nederlanderara egindako itzulpenak ale bakar batean argitaratu ditu Etxeparek, Euskal Sortzaileak sailean.

Argitalpenen helburua, Olaziregiren ustez, gaur egungo euskal literaturako izen eta lan adierazgarrienak ezagutaraztea da. Eta Aierbek euskal literaturako izen «nabarmen» batzuk aukeratu ditu, Aizpea Goenaga institutuaren zuzendariaren hitzetan. Guztira, 25 : Pako Aristi, Joxe Austin Arrieta, Bernardo Atxaga, Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Unai Elorriaga, Aingeru Epaltza, Joan Mari Irigoien, Arantxa Iturbe, Anjel Lertxundi, Karlos Linazasoro, Pello Lizarralde, Laura Mintegi, Xabier Montoia, Inazio Mujika Iraola, Jokin Muñoz, Miren Lourdes Oñederra, Eider Rodriguez, Ramon Saizarbitoria, Joseba Sarrionandia, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Kirmen Uribe, Arantxa Urretabizkaia, Juan Luis Zabala eta Iban Zaldua.

Bakoitzaren ekarpena azalduz

Aierberen lana ez da antologia «huts bat», Olaziregiren iritziz. «Laburki adierazi du idazle horiek literaturari egin dioten ekarpena, haien poetika eta literaturarekin duten kontzeptua azalduz». Idazle bakoitzaren soslai bio-bibliografiko bat osatu du, bakoitzak jasotako sarien eta haien lanez egindako itzulpenen zerrenda gehituz. «Bakoitzaren obra jakin baten hasiera ere txertatu du. Izan ere, gehienetan hasieran ematen da datorrenaren zentzu poetikoa», azaldu du Olaziregik.

Arroitajauregik ere egitura hori erabilita osatu du antologia, ondoko hamabi idazleekin: Pello Añorga, Pako Aristi, Bernardo Atxaga, Enkarni Genua, Juan Kruz Igerabide, Mariasun Landa, Anjel Lertxundi, Karlos Linazasoro, Miren Agur Meabe, Joxeantonio Ormazabal, Ruben Ruiz eta Patxi Zubizarreta. 1970eko hamarkadatik gaurdainoko idazleekin ondu du liburua Arroitajauregik, nahiz eta 1936ko gerraren aurretik baziren «aitzindari batzuk». Haur eta gazte literatura «oso indartsua» egiten da euskaraz, antologiaren egilearen iritziz. «Aipagarria» iruditu zaio zergatik sortu zen deskubritzea: «Hezkuntzan zuten beharragatik hasi ziren. Ikastoletan-eta irakasleak konturatu ziren bazegoela materiala prestatzeko beharra». Eta, horretarako, bi iturritatik edan zuten: «Batetik, Europan egiten ari zen errealismoari erreparatu zioten, eta, bestetik, euskal tradizioa berreskuratu zuten».

Aurten, beste bi ale aurkeztuko dituzte Euskal Antologiak sailaren barruan: poesia, Lourdes Otaegirena, eta ahozko literatura, Xabi Payarena.

Katu jendea-ren itzulpenak, berriz, EIZIE Euskal Idazle, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak Etxepareren babesarekin eta UPPA Universite de Pau et des Pays de l’Adour unibertsitatearen lankidetzarekin antolatutako tailer batzuen emaitza dira, Arantzazu Royo EIZIEko idazkari teknikoak azaldu duenez. Frantsesera eta alemanera euskaratik zuzenean itzuli dituzte; nederlanderara, «zeharbidez», eta frantsesezko bigarren itzulpena, berriz, Rodriguezek berak egindako gaztelaniazkotik abiatuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.