Aitor Aretxaga / 2013-02-06 / 611 hitz
Ordenagailu baten osagairik garrantzitsuena dira prozesadoreak. Gailu teknologiko guztietan presente dira; tabletetatik hasita, bideo-joko eramangarrietara, denek dute bat gutxienik. Urteen poderioz, Intel lerrokoak egin dira guztietan ezagunenak, PC mahai gainekoei esker.
Gaztetxoak beldurtzeko esaeren kutsua dauka Intel inside edo Intel ordenagailu barruan dioen leloak. PC bat inoiz erabili duenarentzat ezaguna, maiz erabiltzeko beharra edo gogoa dutenentzat subliminala, Intel etxekoek x86 arkitekturadun prozesadoreekin marka ezarri dute historian. Beste ekoizle guztiekin lehian gailenduz, merkatuan nagusitu, eta etxeetako nahiz enpresa munduko ordenagailu gehienen kalkulu arduradun bihurtu dira ondoz ondoko x86 Intel prozesadore kateak.
Esan gabe doa ordenagailuaren ataza guztietarako ezinbesteko elementua dela prozesadorea; haren burmuina, alegia. Konputagailuaren programetan dauden aginduak interpretatu eta datuak prozesatzen ditu. Egun hedatuena den prozesadorearen aurretik beste batzuk izan ziren. Gaurko informazioaren gizartearen oinarriak finkatu zituzten horiek.
Prozesadore aitzindariak
Mugarria izan zen lehendabiziko makina programagarria, Joseph Marie Jacquard frantziarraren makina ehungilea izan zen, 1801. urtekoa. Eginbeharrak automatizatzen aurrena izan ez arren, lehena izan zen hainbat patroiri jarraitzeko gaitasuna zeukana. Txartel zulatuak erabiltzen zituen mekanismoak, ehunaren gainean hainbat patroi josteko. Marka da, beraz; kontuan hartzen bada txartel zulodunen sistema berregingo zutela egungo prozesadore modernoetarako euskarri gisa, 150 urte geroago.
Industria Iraultzaren ondoren, herrialde boteretsuenek liskarra usaindu zuten luze gabe, eta informazio kopuru handiak arin tratatzeko balioko zuen teknologia garatzeari ekin zioten. Informazio hori etsaiari lapurtu eta deszifratzea edo norbere iturriak ezkutuan aliatuari iritsaraztea zen xedea. Horrela, informazioa formatu batean gorde eta egitura batean antolatzeko prestaketak egin beharko ziren, geroago aztertzeko.
Horrela, egun balizkoa den Von Neumann egitura jaio zen 1945. urtean. Era horretara lortzen da makinak ondoz ondoko agindu zerrenda bati erantzutea. Hiru oinarrizko elementu behar ditu: kalkuluak egingo dituen unitatea edo prozesadorea, informazioa gordeko duen euskarria edo memoria, eta erabiltzailearekin komunikatzeko sarrera/irteera gailuak.
Hasierako ordenagailu haiek hainbat gela betetzen zituzten, eta aldi berean lan egin behar zuten langile asko behar zituzten egoki funtzionatzeko. Unibertsitate gutxi batzuen eta armaden altxorrak ziren; etxeetan erabat ezezagunak, hortaz. Horietako bat ENIAC izenekoa zen, zeinek 27 tonako eta 167 metroko azaleran 6.000 erreten zituen, langileek eskuz abiarazi behar zituztenak. 160 kilowatt potentzia behar zuen segundoko 5.000 batuketa edo 357 biderketa egiteko, Wikipedian irakur daitekeenez.
Hutseko balbulak oinarri izateagatik, lehen belaunaldi horrek gabeziak zituen datuen fidagarritasunean eta iraunkortasunean. Ondorengo jauzia nabarmena izan zen, beraz: transistoreak, biltegiratze magnetikoa (disko gogorrak) eta aurreneko sistema eragileak agertu ziren. Kontu horietan lanean denbora zeraman IBM etxeak ordurako, eta garai bakoitzari dagokion testuinguruan, inoiz kaleratu den gailurik aurreratuena plazaratu zuen orduan: IBM 7090, historiako lehen transistoredun prozesatzeko unitatea.
Intel x86 prozesadoreak
1971. urtean lehenengo prozesadore komertziala kaleratu zuen Intelek, 4004-a. Hasieran kalkulagailuetan erabiltzeko zena ondoren etorriko ziren prozesadoreen abiapuntua bilakatu zen. Hala, 1979an Intel 8088 kaleratu arte ez zuten asmatu benetako mahai gaineko ordenagailu batentzat prozesu unitatea jendartera aurkezten. IBM izan zuten bidelagun marka horretan.
x86 arkitektura asmatu zen horrela, informazioaren gizartea eta haren hedakuntza ulertzeko ezinbesteko mugarria dena. Horren ostean iritsiko zen IBMren PC edo mahai gaineko ordenagailuen eztanda: 1990eko hamarkadara arte irtengo ziren elkarren segidan i186, i286, i386 eta i486 ordenagailu prozesadoredunak, eta etxeetara iristen hasi ziren. 1993an egun ezagunak diren Pentium izenera lotu zen Intel. Azken urteetan, eraginkortasunean (Intel Atom seriea) eta prozesadorean irudi txartela integratuta dakarten txipen garapenean dabiltza buru-belarri lanean.
ARM prozesadoreak
Urteen poderioz, x86 txipek erakutsi dute errendimendu aldetik oso boteretsuak diren prozesadore multzoa direla. Baina berriki, ARM arkitekturarekin alderatuta, kontsumo handia daukatela erakutsi da. Horiek tableten eta netbook-en merkatuan indartsu sartu dira, gailu txikietarako merkeagoak eta eraginkorrak diren alternatiba gisa. Ordenagailua erosteko garaian, beraz, asko dira ARM aukeraren alde egiten hasitakoak. Hala ere, uste horien aurka ikerketa batzuk argitaratzen hasi dira, eta horien arabera, Intelen Atom txip txikienak ARM arkitekturako baliokideen energia gastuak hobetzen ditu. Argi dago erabiltzailea izango dela lehia horretako onuradun nagusia.
oso ondo azalduta dago.