Juan Luis Zabala / 2013-03-22 / 591 hitz
Mikel Tabernak bere gaztaroko aldaketa giroa islatu du, pertsonaia eta istorio askoren bidez, ‘Alkasoroko benta’-n.
Nafarroako Bortziriak Seiherri bihurtu du Mikel Tabernak (Bera, 1957) Alkasoroko benta nobelan (Susa), bost herriei fikziozko beste bat gehituta, Alkasoro izenekoa, 60ko eta 70eko hamarkadetako aldaketa giroaren erretratu korala egiteko, pertsonaia, istorio eta gai asko biltzen dituen kontakizun baten bidez. Narrazio autonomo gisa ere irakur daitezkeen hamar kapitulu ditu nobelak; fikzioak dira guztiak, baina egilearen gaztaroko bizipenetan oinarrituak. Tabernaren estreinako eleberria da Alkasoroko benta. Aurretik poema liburu bat eta bi narrazio liburu ditu argitaratuak, eta narrazio liburuetako batean —Txokolatezko dinamita— sortua zuen jada Alkasoro herria.
«1960ko eta 1970eko urteetara gai eske joan, eta bildutako gai horiekin istorio gustagarri batzuk idatzi nahi nituen, liburu oso bat istorioz betea», azaldu du Tabernak. Zertarako? Niretzat hunkigarria izan den mundu bat kontatzeko, nik sentitu dudana bertzeei sentiarazteko. Gizarte baten erretratua ere egin nahi nuen, neurri batean; koadro bat edo film bat. Pintatzen eta zinema egiten ez baitakit, idazten saiatu naiz».
Gai asko ageri dira nobelan, baina ez Tabernak ugaritasun hori nahita bilatu duelako. «Urte haien berezitasuna» da horren motiboa, haren ustez. «Urte haietan aldaketa handiak gertatzen ari ziren gure mundu ttikian. Baserria ekonomiaren zutabe zen ordura arte, eta industria sartu zen gure herrietan, eta horrek bizitzeko beste manera bat ekarri zuen, eta denborarekin pentsatzeko beste manera bat ere bai. Komunikabideak ugaritu ziren, telebista agertu, guraso eta seme-alaben arteko harremanak aldatzen hasi, beste eredu batzuk zabaldu eskolan, emakumeek ordura arte debekatuak zituzten espazio batzuk hartu zituzten…».
Politikan, musikan, zinemagintzan, janzkeran… denetan igartzen zen aldaketa giroa. «Nobelan horietako arrasto batzuk etorri dira, nobelaren ibai nagusira heldu diren adar edo erreketan. Iruditzen zait, distantzia pixka bat harturik, denbora hartako bi aurpegi nagusiak ongi samar ageri direla liburuan: gainbehera joaki zen sistema zaharra eta indarka goiti heldu zen berria».
Kontalaria lehenbiziko pertsonan mintzo den mutil gazte bat da. «Bere buruaz ari delarik, ematen dituen pausoak ikasiko ditugu. Une batean lekuz aldatu eta Alkasoro erruraletik Iruñea urbanora joango da. Begiak zorrotzak ditu, eta inguruan ikusten duenaren berri ere ematen du. Aunitz ikusten du, Alkasoroko bentako semea delako; bentak saltoki bereziak ziren, aldi berean ostatu eta denda, eta gizonak bezalaxe emakumeak ere sartzen ziren haietan, haurrak, gazteak eta zaharrak ere bai».
«Zainak lehenagoko bertze denbora batean dituzten baina oraindik sasoi betean dauden pertsonaia batzuen goitibeheitiak kontatzen dizkigu kontalari begiluze horrek», Tabernak azaldu duenez. «Maitagarriak batzuk eta gorrotagarriak beste batzuk». Berak ikusi eta bizitakoarekin eta «ingurukoei lapurtutakoarekin» literatur lan bat osatzeko, istorio entretenigarri batzuk kontatzen saiatu da Taberna. «Nik uste dut horixe dela idazlearen lana: irakurlearen gosea aseko duen zerbait ederra egitea».
Benetan gertatuak
Benetan gertatutako bi kasu tragiko ekarri ditu egileak nobelara, fikzio moduan txertatuak, inondik ere ez kazetaritza kronika batean bezala kontatuak. Odol hotzean hil zuten kontrabandistaren istorioa da bata, Guardia Zibilak Donezteben tiroz hildako gazte batzuena bestea. Azken horrek obsesionatua eduki du luzaz Taberna, bere adineko eta inguru geografiko bereko gazteak zirelako hildakoak.
Diego Riveraren «fresko erraldoi horietako bat» begitandu zaio Mikel Tabernaren nobela «gozagarria» Harkaitz Canori. «Herri baten historia bere biztanleen bidez kontatzen du, muralisten komisario politikoek beharbada baztertuko lituzketen momentuak aukeratuta horretarako. Eskurik esku, besoz beso, herritarrak, lanabesak, garraio bideak, ofizioak, adinak elkarri txanda hartuz doaz, eta horrekin horma irudi erraldoi kolektibo, eliptiko, sintetiko bat osatzen da. Kamera batetik bestera dabil liburu guztian, ederra da pelikularen muntaketa, pertsonaien eta giroen dantza etengabea da, eta hala ere zentzu edo osotasun horri eusten dio denbora guztian. Laguntzen dio horri solasaldi biziak, eta baita ere egileak liburuari ematen dion itxiera ederrak, niri James Joyceren Dublindarrak liburuaren Hildakoak ipuina gogorarazi didana, eta asko esatea da hori».