‘Annabel’, hainbat genero dauzkan haurraren istorioa euskaratu dute

Odei Irigoien Aizpitarte / 2013-04-17 / 280 hitz

Kathleen Winterrek idatzitako eleberria Labrador penintsulako gizarte tradizional eta matxistan dago kokatua.

«Annabel ez da neska eta ez da mutila, Annabel hermafrodita da», nabarmendu du protagonistari buruz Josu Zabaletak, Annabel nobelaren (Erein) itzultzaileak. «Ez bakarrik hori, baizik eta bere buruaz haurdun geratzen da. Itxuraz, badaude; aldian behinka, badaude batzuk». Interneten eta bestelako iturri batzuetan kontsultatzen aritu da Zabaleta, eta ondorioztatu du gertatzea posible dela.

Kathleen Winterrek idatzitako nobela da Annabel. Izena protagonistarena da: organo sexual maskulinoa eta femeninoa garatuta dauzkala jaiotzen da, eta erabakitzen dute Wayne izena jarri eta mutiko gisa heztea, Zabaletaren berbetan: «Mutiko gisa hazi nahi dute, gizon izatea oso garrantzitsua eta oso markatua den egoera batean. Emakume izatea erabat diferentea da gizarte horretan». Nerabezaroan, ordea, nesken ezaugarriak garatzen ditu, eta neska gisa funtzionatzera iristen da, Zabaletak esan duenez. «Era berean, gizarte horretatik gizarte moderno batera aldatzen da; bestela, ikaragarri zaila izango litzateke».

Galdera egin du itzultzaileak: «Norentzat den liburua? Aldaketa asko izan behar dituztenentzat. Gazteei tokatzen zaizkie gizarte honek izango dituen eta beraiek gizartean izango dituzten aldaketa guztiak. Aldaketetan zertzuk gertatzen diren, horrelako ikuspegitxo bat izan nahi duenarentzat litzateke». Ondorio modura, adierazi du generoari buruz baino gehiago, generoaren onarpenari buruzkoa dela eleberria.

Ehiztarien gizarte «gogorra»

Labrador penintsulako ehiztarien kultura batean jaiotzen da Annabel, eta ingurune sozial horrek eragin nabarmena dauka istorioaren garapenean. Aita inuita du, eta ehiztaria da. «Gogorra da inguru geografikoa, eta gogorra da gizarte ingurua».

Ingurune geografikoa oso definitua dagoela azaldu du Zabaletak, asmatutako leku bakarra protagonista jaiotzen den herrixka dela. Horretaz gain, liburuaren alderdi ekologikoa aipatu du Iñaki Aldekoa editoreak: «Askotan, paisaia, klimarekin batera, bortitza denean, berez inposatzen da». Horrez gain, pertsonaiek naturarekin daukaten harremana aitatu du: «Sentsibilitate berezia daukate zarata ñimiño txikienarentzako, naturarekiko».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.