Miren Garate / 2013-04-23 / 735 hitz
Elikagaiekin izandako lehiak eta atzerriko inportazioek geratu egin dute biodieselaren garapena Europako Batasunean.Hamar urtean milioi bat tonatik 8,6 milioira pasa da biodieselaren ekoizpena Europako Batasunean. Boom baten adibide zen sektorea. Etorkizunera begira, haizea alde izango zuela zirudien. Europako Batasunak garraio arlorako finkatutako helburua zegoen alde batetik, 2020rako energia berriztagarrien erabilera %10ekoa izatea, alegia. Erruz laudatu ziren biodieselaren ezaugarriak, ingurumenari lotutakoak bereziki: lehengai berriztagarrietatik ekoizten zela, erabilitako olioa berrerabiltzeko ere balio zuela, negutegi efektua eragiten duten gas gutxiago isurtzen zituela. Petrolioaren alternatiba zela ere esan zen. Haizeak, ordea, norabidea aldatu du, eta gaur egun sektorearen egoera ez da espero zitekeen bezalakoa. Elikagaien garestitzean izan dezakeen eragina eta Europako Batasunetik kanpoko herrialdeek egiten duten lehia dira industriaren arazo nagusia.
«Espektatibak ez dira betetzen ari, zorionez», dio Fernando Mijangos kimikalari eta EHUko irakasleak. Egindako marketinaren ondorioz, garatzeke zegoen sektorearen atzean, negozioa aukera paregabea ikusi zuten enpresek. Eta aurrera egin zuten, biodiesela ekoizteko hainbat planta martxan jarriz. «Ez genuen ikusi nahi erregaien eta lehengaien arteko lehia. Esaten genuen ‘goazen biodieselak egitera’, pentsatu gabe biodiesela ekoizteko lur soilak behar direla eta horrek eragina duela elikagaietan eta nekazaritzan». Biodiesela garatzearen aldekoa da, baina, haren iritziz, argi eduki behar da gauza bat: «Ezin dugu pentsatu petrolioaren ordezkoa dela; hori ezinezkoa da, besteak beste, lurraren azalera halako bospasei beharko genituzkeelako. Ongi dimentsionatu behar da kontua».
Europan ekoizten den biodiesel gehiena landare oliotik dator, koltza oliotik, eguzkiloretik, palmondoetatik nahiz sojatik, gizakientzat edo animalientzat jangarriak diren elikagaietatik, beraz. Lehengai horiek alkohol arin batekin nahasten dira, eta transesterifikazio izenez ezagutzen den erreakzio kimiko baten ostean lortzen da biodiesela. Landare jatorriko erregaiari lehen belaunaldiko biodiesela deitzen zaio, eta haren hedapenak bi ondorio nagusi eragin ditu: alde batetik, lehengaien —bereziki lekaleen— salneurria inoizko mailarik handienera iritsi da; bestetik, ikusi da ingurumenarekin lotutako helburuak ez direla guztiz gauzatzen, nekazaritzako jarduera utzi eta bioerregaien arloan hasteko egin beharreko lanek saihestu nahi diren karbono isurketa horiek handitzea dakartelako.
Hala, Europako Batzordeak esku hartzea erabaki du. Hainbat ekologista eta nekazarik egindako presioaren eraginez, urrian zuzentarau bat onartu zuen. Eutsi egiten dio garraio sektorerako finkatutako erronkari, 2020rako erregaien %10 berriztagarriak izateari alegia, baina elikagaietatik eratorritako biodieselari muga jarri dio, %5ean. Industriaren haserrea eragin du erabakiak. EBB Biodieselaren Europako Batzordeak emandako datuen arabera —ekoizle gehien biltzen duen elkartea da hura—, 14.000 milioi euroren inbertsioak egin ditu industriak, eta 100.000 laguni ematen die lana. «Hondamendia eragingo du erabakiak; hiltzeko arriskuan da sektorea», adierazi du Raffaello Garofalo idazkari nagusiak.
Belaunaldi aldaketa xede
Bigarren belaunaldiko biodiesela garatzea da Bruselaren helburua, hau da, jangarriak ez diren produktuetatik eskuratzea, hondakinetatik. «Lehen belaunaldiko biodieselari ez dizkiogu ateak ixten, baina etorkizuneko bioerregaiek erregai aurreratuak izan behar dute. Benetan iraunkorra den biodieselean inbertitu behar dugu, isurketak murriztu eta janarekin lehiarik ez egiteko», adierazi du Connie Hedegaard Klima Ekintzetarako komisarioak. Oraingoz, ordea, ekonomikoki ez dira hain bideragarriak bigarren belaunaldiko horiek.
Animalietatik eratorritako gantzarekin eta frijitzeko erabilitako olioarekin ere egin daiteke biodiesela. «Euskal Herrian, batez beste, hogei litro olio kontsumitzen ditu bakoitzak, eta horren %10 da hondakina. Beraz, bakoitzak urtebetean bi litro olio zikin sortzen ditu. Horrekin bi litro biodiesel bakarrik ekoizten dira», azaldu du Mijangosek.
Inportazioekin haserre
Bruselak biodieselari muga jarri aurretik ere sektorearen egoera ez zen suziriak botatzeko modukoa. Arazoa ez da kontsumoa, proportzioan handia ez den arren, hazten jarraitzen baitu. Alabaina, ekoizleek behin eta berriro salatu dute Argentinatik eta Indonesiatik inportatutako biodieselarekin ezin direla lehiatu. Kanpotik ekarritako biodieselaren %90 bi herrialde horietatik dator. Europako Batasunean, 8,6 milioi tona ekoiztu ziren 2011n —ordukoak dira EBBk emandako azken datuak—, baina produkzio gaitasuna hiru aldiz handiagoa da. Hainbat herrialdetan aldea are nabarmenagoa da. Hego Euskal Herriaren eta Espainiaren artean, esaterako, 4,3 milioi tona ekoitz ditzakete, baina kopuru horren %14ko produkzioa izan zuten orain bi urte. Alemania eta Frantzia dira ekoizle nagusiak, alde handiarekin, eta atzetik Espainiak eta Italiak jarraitzen diete.
Europako Batzordea Argentinatik eta Indonesiatik inportatutako biodieselari emandako diru laguntzak aztertzen ari da, baita dumping-ik egin duten ere. EBBk egin du salaketa. Haren arabera, bai Indonesiak eta bai Argentinak esportatutako lehengaiei tasa handiagoak aplikatzen dizkie esportatutako biodieselari baino. Horren eraginez, lehengaien ekoizleek barne merkatuan saldu behar dute, prezioak merkarazi egiten dira, eta biodieselaren salneurria artifizialki jaisten da. Indonesiak, esportazio tasa ezberdinen eraginez, %35ekoa baino desabantaila handiagoa eragiten duela dio EBBk, eta %28tik gorakoa Argentinak. Horrez gain, ekoizpen kostuen azpitik saltzea leporatu die. Lehen neurri gisa, inportatutako biodieselaren erregistro xehea egitea erabaki du Europako Batzordeak, ikerketa amaitu ostean neurriren bat hartzea erabakiz gero, atzera eragina izateko aukera zabaltzeko. 2008an AEBak ikertu zituen Europako Batzordeak.