Ezin amona aurkitu

Mikel Peraurena Ansa / 2013-04-07 / 743 hitz

Euskara Maliko hizkuntza batekin lotu du ikerlari batek. Xabier Kintana euskaltzainak ez dio zentzurik ikusi ikerketari. Estilo horretako dozenaka lan egin dira, baina, oraingoz, emaitza argirik ez du utzi bakar batek ere.

Ikerketa «xelebrea». «Espekulazio merkea». «Ez hanka eta ez buru» dituena. Xabier Kintana euskaltzainak ez du zalantzarik: euskara eta Maliko dogon hizkuntza lotu dituen ikerketa «ez dago nondik heldu»: «Zoro batek asmatu du halako burutazio bat, eta Euskaltzaindia obligatua dago ergelkeria guztiei erantzutera?». Borondate onez egiten diren lanak ukatu gabe, haserre antzean mintzatu da Kintana. «Jendeak linguistikaren araubideak ezagutu gabe egiten ditu horrelakoak». Harriturik ere agertu da, azken ikerketa hori linguistikaz zerbait badakien pertsona batek egina delako. Madrilgo institutu batean Hizkuntza eta Literatura irakasle izan da berrogei urtez Javier Martin. Erretiroa hartua dago. Dogon hizkuntzak eta euskara konparatuz, ondorio bitxira iritsi da: euskara Afrikatik dator. Izena ere halakoxea eman dio bere lanari: Un enigma esclarecido: el origen del vasco (Argitutako enigma bat: euskararen jatorria). Argitu nahi bai, baina argi gutxi egin du ordea.

Esaldiak antolatzeko orduan antzeko egitura dute bi hizkuntzek, Martinen esanetan: subjektua hasieran, eta aditza amaieran. Hizkuntza bakoitzeko 2.274 hitz ere erkatu ditu Martinek, eta haietatik %71,8tan (1.633tan, zehazki) antzekotasunak aurkitu dituela azaldu du. Ustez antzekoak diren eta esanahi bera duten hitz batzuk eman ditu: bede eta bide; soro eta soro; bana eta banandu; kose eta gose… Horietako batzuk laster bota ditu zakarretara Kintanak: gogorarazi du soro, esaterako, latinetik hartu zuela euskarak eta, beraz, bi hizkuntzetan antzeko izateak ez duela ezer esan nahi. Esaldiaren antolaketari buruz, berriz, azaldu du euskararen antzeko egiturak dituzten ehunka hizkuntza daudela munduan. Eta beste datu bat eman du, zenbakiei erreparatuta. Dogon hizkuntzetako zenbakiek eta euskarazkoek ez dute zerikusirik. Europako hizkuntzetako zenbakiak erkatzen direnean, aldiz, «segituan ikusten dira antzekotasunak eta ezberdintasunak».

Hizkuntzen artean konparaketak egiteko eta senidetzak topatzeko metodologia ugari daude. Urteetan metodo historikoa erabili izan da: hizkuntza baten eta bestearen osagarrien historia aztertzen dute ikerleek, eta gero konparatu egiten dituzte bilakaeran atzera eginez. Metodoak badu nolabaiteko aitortza tradizio idatzia duten hizkuntzentzat, baina ez gainerakoentzat. Izan ere, testu idatziak amaitzearekin amaitzen da hizkuntza horren historia egiteko aukera. Eta hor daude nola euskara eta dogonak bezala beste hainbat hizkuntza ere.

Konparaketen arriskuak

Hizkuntza horientzat asmatu zuen Morris Swadeshek, 1948an, metodo lexiko-estatistikoa. Hizkuntza guztientzat oinarrizkoa izango litzatekeen hiztegi bat egin zuen, ehun hitzekoa lehen bertsioan, 215ekoa bigarrengoan. Hizkuntza bateko eta besteko hitzak erkatzea zuen asmoa, pentsatuz oinarrizko hiztegi hori ez zela hainbeste higatuko denboraren joanean. Hitzen %20ean antzekotasunak topatuz gero, gertuko senidetzat hartzen zituen.

Antonio Tovar hizkuntzalariak erabili izan zuen metodologia hori, 1961ean. Ehun hitzen oinarrizko zerrendarekin, aurkitu zuen euskarak %10,86ko antzekotasunak zituela Suseko amazigerarekin eta %9,67koak Rifeko amazigerarekin. Zirkasierarekin eta georgierarekin ere antza sumatu zion, %7,52koa. Ondorioztatu zuen kaukasiarren eta amazighen arteko «zubia» zirela euskaldunak. Gaur, guztiz baztertuak daude ondorio horiek hizkuntzalarien artean, eta metodologiak zalantza ugari sortzen ditu.

Hasteko: bi hitz antzekoak direla esateko ez dago irizpide argirik, subjektiboa da guztiz. Beste zalantza bat: zein hitz aukeratu konparaziorako? Sinonimoen artetik, alegia, zein aukeratu? Maiz, euskarak latinetik hartutako maileguak erabili izan dira konparazio horietan. Hirugarren arazoa: hitzak bai, baina hizkuntzen berezitasun gramatikalak ezin dira konparatu metodo horretan. Beste bat oraindik: Swadeshen oinarrizko hiztegi horretako hitz batzuk aldatu ere egiten dira —ingelesak frantsesetik hartu zituen, adibidez, aurpegia (face) eta ibaia (river), biak ere Swadeshen zerrendan agertzen direnak—.

Ezin antzeman

Beste batzuetan, gertatzen da ezinezkoa dela hitza bera dela konturatzea hitzaren historia ezagutu gabe: grezieraren kiklos, indieraren chakram eta ingelesaren wheel, adibidez, quequlo hitz indoeuroparraren hiru eboluzio dira, baina hirurak datoz hitz beretik, batere antzik ez izan arren. Ustekabeko antzekotasunak ere agertzen dira; Koldo Mitxelena hizkuntzalariak aurkitu zuen euskarazko txar eta armenierazko char hitzek esanahi bera zutela, kasualitate hutsagatik.

Konparaketa hutsaren metodo hori zalantzan jartze aldera, Larry Trask hizkuntzalariak azaldu zuen, ordu pare batean, hungarieraren eta euskararen arteko 65 hitz antzeko topatu zituela. Luis Nuñez Astrainen El euskara arcaico (Antzinako euskara) liburuak jasotzen du Trasken esan hau: «Ez dut ulertzen zergatik hizkuntzalari batzuk hainbeste hunkitzen diren aurkitzen dituztelarik euskarazko pare bat dozena hitz sumerieraren edo amazigeraren pare bat dozena hitzen antzekoak direnak».

Mila eta bat saio egin izan dira euskarari senideak aurkitzeko. «Fantasia hutsak» batzuk, Kintanaren hitzetan, ikertzeko bideren bat utz dezaketenak bakanen batzuk, baina euskarak dogonarekin izan ditzakeen antzekotasunak «kasualitate hutsa» dira, argi utzi du hori. «Profesionalei utzi behar zaie beren lana egiten. Nik, adibidez, muturrak sartuko banitu autoan… hanka sartuko nuke». Gaur ezagutzen diren tresna eta metodologiekin euskararen seniderik aurkituko denik ez du uste. Amona, nonbait, izango zuen euskarak, baina ezin aurkiturik jarraituko dute hizkuntzalariek puska batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.