Margaret Atwood, idazlea: «’Kanadarregiak’ ginelako botatzen zituzten atzera gure testuak argitaletxeek»

Iñigo Astiz / 2013-04-11 / 889 hitz

50 liburu baino gehiago ditu argitaratuta Margaret Atwoodek, eta Kanadako idazle ezagunenetariko bat da egun, baina ez ditu ahaztu 60ko hamarkadako zailtasunak. Bilbon izango da gaur hizketan.

Bera da elkarrizketatua, baina berak egin du lehen galdera. Jakin-mina du: «Beraz, guztiak aritzen zarete euskaraz?». Bidaia luzea izan du Bilboraino Margaret Atwood idazleak (Ottawa, Kanada, 1939), baina badaki non dagoen. Gutxi gorabehera, behintzat: aurrean dituen hiru kazetarietako bakarra da euskalduna. 50 liburu baino gehiago argitaratu ditu Atwoodek, Kanadako idazlerik ezagunenetariko bat da. Idatzi du poesia, idatzi ditu ipuinak, idatzi ditu eleberriak, eta luzea da jaso dituen sarien zerrenda, 2000. urteko Booker saria tartean. Eta ibilbide horregatik gonbidatu dute Gutun Zuria Bilboko hizkien VI. nazioarteko jaialdira. Gaur egingo du hitzaldia, Alondegian, 20:00etan. Badaki non dagoen. «Ez dut euskal egilerik irakurri, baina pentsatzen dut ez direla asko izango ingelesera itzuli dituzten lanak. Bihurria da bide hori, eta bereziki bihurria hizkuntza txikien kasuan».

Hori egiten zait bitxia zure kasuari buruz. Zuk inglesez idatzi duzu beti, baina esana duzu hasiera batean zaila egiten zitzaizula zure liburuak argitaratzea. Zergatik?

1960ko hamarkadan ez zegoen argitaletxe handirik, eta nire belaunaldiko jendeak horregatik sortu zituen argitaletxeak. Idazleak ziren haietariko asko. Eta mundu postkolonial hartan baziren arazo gehiago ere. Editoreek esaten ziguten ez genuela berezko nortasunik, baina gero zerbait idatzi, eta irakurtzen zutenean, kanadarregia zela esaten ziguten. Irakurletza sortu beharra zegoen, eta argitaletxe txikiak sortu ahala joan ginen hori lortzen. Egun oraindik bizirik daude orduan hasitako gehienak, eta neurri ertaina izatera ere heldu dira gutxi batzuk. Hasi ginenean lau ume sotoan baino ez ginen.

Nolakoa zen giroa orduan?

Kafetegiko kulturak bazuen pisua. Frantziar existentzialisten eraginetik zetorren hori, eta han biltzen zen jendea eztabaidarako. Azken batean, merkeagoa zen kafetegi bat irekitzeko beharrezko baimena lortzea, likore taberna bat irekitzeko behar zena lortzea baino. Han izaten ziren kontzertuak, poesia emanaldiak, eta han banatzen ziren aldizkariak ere. Multikopistan egiten ziren kopiak. Eta giro hartan sortu zen Toronton literatur jaialdia ere 60ko hamarkadan. Lehenago egin ziren musika, literatura eta bestelakoak batu zituzten jaialdiak, baina hura izan zen literaturari soilik eskainitako lehena. Eta gauza horiek gertatu ziren, horretarako beharra ikusi zelako. Hutsunea ikusten genuelako.

Atwoodek hamasei urterekin erabaki zuen idazle izan nahi zuela, eta gazte hasi zen poesia liburuak argitaratzen. Gerora heldu ziren eleberriak; 1969an lehena. Ezkontzeko bidean den emakume baten nondik norakoak zorrotz kontatzen dituen The Edible Woman (Emakume jangarria). Hori izan zen lehena, eta The Year of the Flood (Uholdearen urtea) izan da azkena. Oraingoz. Mundu distopikoa da liburu horretan deskribatzen duena: enpresa erraldoi gutxi batzuek kontrolatzen dute guztia merkatuan, mafien kontrolpean daude kaleak, eta bizitzak ez du askorik balio. Tratu txarrak, ustelkeria, boterekeria… Baina distopia horren erdian, bada diskurtso ekologista nabarmena duen erlijio sekta bat, Jainkoaren Lorazainak izenekoa, eta hor jartzen du begia Atwoodek. Oryx and Crake (Oryx eta Crake) liburuarekin hasi zuen trilogia distopikoa, eta hirugarren alearekin dabil orain. Udazkenean nahi du kalean.

Dioenez, The Year of the Flood-ekin sartu zen sarean. «2008. urtea zen. Argitaletxeak lur jota zeuden, eta AEBetan presidentea hautatzekoak ziren urte hartan, eta hedabideak erabat irensten ditu gai horrek. Kanadan argitaratua genuen liburua, baina ohartu nintzen liburua nik neuk mugitu ezean ez zela ezer gertatuko, eta orduan ireki nuen nire web orria (www.margaretatwood.ca). Orduan azaldu zidaten zer zen Twitter». Eta hor dabil geroztik. Baina XIX. mendea dago bere lan guztiaren oinarrian, eta behin eta berriz jotzen du sasoi hartako lanetara bere azalpenetan. «Viktoriar garaiko ikerle bat izan nintzen aurreko bizitza batean», dio. «Ezagutzen dut haien bizitza, ezagutzen ditut haien eskutitzak, eta ezagutzen ditut haien barruko arropak ere!». Txantxetan ari da, baina ez erabat. «Batez ere nobelak dira ezagutzen ditudanak».

Zergatik egiten zaizkizu hain interesgarriak XIX. mendeko nobelak?

Garai hartan hasi zen kapitalismoa indartzen. Orduan inork ez zuen ulertzen zer zen hura. Orain bai. Inork ez zituen ziklo ekonomikoak ulertzen. Dena galtzen zuen jendeak, eta ez zuen oso ongi ulertzen zergatik… Eta eleberri askotan dago kezka horren oihartzuna. Horregatik da hain adimentsua Moby Dick. Diruari buruzkoa da. Gazte zarenean uste duzu maitasunari buruzko eleberriak direla, baina azala baino ez da hori. Gozoaren esnegaina baino ez. Jane Austenen kasua hori da. Emakume literatura egiten zuela esaten dute maiz, baina oso argi deskribatzen du bere lanetan pertsonaia bakoitzaren errealitate ekonomikoa. Eta horrek zer ondorio duen haiengan. Zergatik ezkon daitekeen batekin, eta bestearekin ez.

Zientzia fikzioan murgilduta eman ditu Atwoodek azken urteak, eta liburu bat ere argitaratu zuen iaz gaiari buruzko bere jarrera azaltzeko: In Other Worlds: SF and the Human Imagination (Beste mundu batzuetan: Zientzia fikzioa eta giza imaginazioa). Generoarekin duen harremana kontatzen du liburuak. Nola txunditu zuen ume zenean, eta nola idatzi duen gerora. Problematizatu egiten du hitza: «Esne itxura du, esne zaporea du: esnea DA! Hortaz: zientzia fikzio itxura du, zientzia fikzio zaporea du: zientzia fikzioa DA! Edo gutxi gorabehera. Halako zerbait. Azalak nahasgarriak izan daitezke». Gizarte fikzioa kontzeptua proposatzen du berak horregatik. Dioenez, ez direlako ezinezko munduak berak deskribatzen dituenak, posible direnak baizik.

Alerta moduko bat ere badira horregatik haren liburuak. Gizakiak naturari ematen dion tratuan jarri nahi du arreta idazleak. Ez da kasualitatea. Ekologia da haren kezka iturri nagusietariko bat, eta horrek ere badu bere oihartzuna literaturan. Zuzena.

Enkante bidez aukeratu omen dituzu zure nobeletako pertsonaia batzuen izenak. Jasotako dirua giza eskubideen eta ekologismoaren alde ari diren elkarteei emateko. Egia al da?

Bai. Torturaren aurka lanean ari den elkarte baten alde egindako ekitaldian atera zen Amanda Payne pertsonaia nagusiaren izena. Baina hurrengo lanerako izenak erabakita dauzkat jada.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.