Thatcherren agintaldia literatura ingelesean

Estibalitz Ezkerra / 2013-04-21 / 693 hitz

Margaret Thatcher zenaren agintaldiko 11 urteetan, hau da, 1979 eta 1990 artean hasi ziren argitaratzen ingelesezko literaturako egungo idazlerik ezagunenetako batzuk. Gehienak Burdinazko Damaren aurka agertu ziren.

Asteazkenean eman zioten azken agurra Margaret Thatcherri, Britainia Handiko lehen ministro zela neurri politiko zorrotz eta gupidagabeak bultzatzeagatik Burdinazko Dama goitizena irabazi zuen berari. Gustukoa izan ala ez, zalantzarik ez dago Thatcherrek bere marka utzi duela politikan eta, askoren harridurarako, literaturan ere. 1980ko hamarkadan, Thatcherren agintaldi garaian (1979an heldu zen kargura eta 1990era arte eutsi zion hari) eztanda gertatu zen literatura ingelesean eta gaur egungo literaturako izen esanguratsuetako batzuk, hala nola William Boyd, Kazuo Ishiguro, Hanif Kureishi, Jeanette Winterson, Will Self, Jonathan Coe eta Caryl Philips, orduantxe hasi ziren argitaratzen. Haietako gehienak, Burdinazko Damaren politikaren eraginez edo, hobeto esanda, hari erantzunez hasi ziren idazten. Eta gauzak argi esate aldera, ez zuten haren alde gauza on askorik esateko. Dena den, Thatcher deskribatzeko literaturan erabilitako kalifikatzaileen artean, gehien aipatu ohi dena ez zaio aipatu idazleetako bati ere zor, 1980ko hamarkadarako aski ezaguna zen Salman Rushdieri baizik. The Satanic Verses (1988) lanean Mrs. Torture (Tortura Anderea) bezala agertzen da politikaria. Lehen ministro ohiaren politikarekin ados egon ez arren, Thatcherren heriotzaren albistea zabaldu zenean, Rushdiek aipatu zuen Burdinazko Dama zentzuduna ere izan zitekeela, aipatu nobela beragatik Khomeini Irango aiatolak bere kontra heriotza zigorra ezarri zuenean polizia babesa eskaini baitzion.

Rushdieren esker hitzak, baina, araua baino gehiago salbuespena dira. Hain zuzen, 1980ko hamarkadaren inguruko nobelen arabera, Thatcherrek ez du zentzu eta gupida handiko pertsona ematen. Alan Hollinghurst-en The Line of Beauty (2004) lanean, esaterako, Alderdi Kontserbadoreko burua ezusteko egoera batean azaltzen zaigu: mitin batean entzuleak, alderdiko jarraitzaileak denak, estasira eraman ostean nobelako protagonistarekin Rolling Stonesen doinuekin dantzan hasten da. Eszena, Thatcherren alderdi gizatiar eta jostalariaren isla baino gehiago, 1980ko hamarkadako botere gehiegikeriaren adibide da. Parlamentutik langileen eskubideak zapaltzen diharduen bitartean, poz-pozik azaltzen da dama rock-and-rolla dantzatzen, langileen kontra ez duela ezer —beheko klaseen musikaren doinuak dantzatzen ari da!— erakutsi nahian bezala.

The Line of Beauty irakurtzen jarraituz gero, bat berehala ohartuko da nobelaren helburua ez dela Thatcher eta bere alderdia salbatzea, kontrakoa baizik. Istorioko pertsonaia nagusia Oxfordeko pribilegiozko zirkuluetara iritsi berria den Nick Guest izeneko gay gaztea da, eta haren bidez Alderdi Kontserbadorearen hipokrisiaren nondik norakoak azalduko dizkigu, sexualitateari dagokionez, besteak beste —homosexualitatearen ukapena, alderdiko kide asko gay izan arren—.

1980ko hamarkadako giro politikoa deskribatzen duten nobelen artean, erreferente bihurtu den beste lan bat Hanif Kureishiren The Buddha of Suburbia (1990) da. Nobelaren hasiera ingeles literaturan gehien aipatu eta aztertu den pasarteetako bat dugu, literatura poskoloniala zer den ezin hobeto laburbiltzen duelako. The Buddha of Suburbia honela abiatzen da: «Nire izena Karim Amir da. Ingelesa naiz jaiotzez eta heziketaz, gutxi gorabehera. Maiz ingeles mota bitxia kontsideratu izan naute, enda berri baten kide naizelako, bi historia zaharretatik sortua. Baina bost axola dit horrek niri. Ingelesa naiz (harro ez banago ere), Londreseko hego aldirietakoa, eta badut norabide bat».

Berez, 1970eko bigarren erdialdean kokaturik badago ere, Kureishik berak esan du ondoko hamarkadako giro politiko, sozial eta ekonomikoa gogoan idatzi zuela The Buddha of Suburbia. Egilearen bizi-esperientziek pisu handia dute kontakizunean: nobelako protagonistak bezala, aita Pakistanekoa du Kureishik eta ama, berriz, ingelesa. Karimek bezala, nerabezaroan nortasun krisia izan zuen; aitaren familiakoek ez zuten pakistandar moduan onartzen zuriegia zelako, baina bere klasekideentzat ez zen nahikoa zuri, hots, ingelesa. Hala ere, The Buddha of Suburbia ez da nobela autobiografikoa, garai baten erretratua baizik. 1980ko hamarkada definitu zuten klase, arraza eta sexualitatearen gaineko gatazkak oso presente daude lanean. Hollinghurst-en The Line of Beauty-ko Nick Guest bezala, Karim homosexuala. Dena dela, Nickek Alderdi Kontserbadorearen onespena lortu nahi du —haien pribilegiozko bizimodua kritikatzen duen arren—, baina Karimek bere bidea egin nahi du, badu norabide bat. Tradizioa, dela aitaren familiarena dela Ingalaterrakoa, zama nekeza egiten zaio.

Nobela poskoloniala bildungsroman-arekin konparatu izan dute askok. Bildungsroman-a formakuntza nobela da, protagonistaren nerabezarotik helduarorako igarotzean arreta jartzen duena. Nobela poskolonialean ere pertsonaia nagusia nortasun krisi batean murgiltzen da, baina bildungsroman-ean helburua gizarte integrazioa da, eta nobela poskolonialean, berriz, ez dago amaiera biribilik. Kasurik onenean, protagonista, bere ezberdintasuna onartu, eta gizartearen aurreiritzien kontra borrokatuko da.

Ziurrenik, Britainia Handia bildungsroman bat bihurtzeko helburuarekin heldu zion Thatcherrek lehen ministro karguari. Bere agintaldiak, baina, nobela poskolonialari ireki zizkion ateak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.