168 milioi haur langile

Jakes Goikoetxea / 2013-09-25 / 1.236 hitz

Heren bat jaitsi da haur langileen kopurua 2008tik 2012ra, baina lan egiten duten haur eta nerabeen erdiek lan arriskutsuren bat egiten dute, OITren azken txostenaren arabera.

Munduko hamar haur eta nerabetik batek lan egiten du (%11). 168 milioi dira guztira, 5 eta 17 urte artekoak. Lan egiten duten haurren erdiek lan arriskutsuren bat egiten dute (85 milioi dira); hau da, arriskuan jartzen dituzte beren osasuna, segurtasuna edota moralitatea. Haur langile gehienak, %44, 5 eta 11 urte artekoak dira. OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak eman ditu datuak, bere azken txostenean: Haurren lanean egindako aurrerapenak. Munduko aurreikuspenak eta joerak 2000 eta 2012.

Aintzat hartu behar da estimazioak direla eta OITk berak onartzen duela eskualdeen eta herrialdeen datuen eskuragarritasuna eta kalitatea oso ezberdina dela. Gainera, haurrek egiten duten lan guztia ez du kaltegarritzat edo desagerrarazi beharrekotzat hartzen: «Normalean positibotzat hartzen da lanak haurren eta nerabeen osasunean, garapen pertsonalean eta hezkuntzan eragiten ez badu».

Definizio horretatik kanpo daude 168 milioi haur eta nerabe. Lanak haurtzaroa eta nerabezaroa bizitzea eragozten die, eta lana kaltegarria da haien duintasunarentzat, gorputzarentzat eta buruarentzat, OITren esanetan. Lanak, kasu horietako gehienetan, ondorio nagusi bat du: haurrak eskolara joan beharrean, lanera joaten dira.

Haur asko dira, baina duela hamabi urte baino 78 milioi, herena, gutxiago. Munduko haurren %16 ziren 2000. urtean, eta %11 iaz. Jaitsiera %40 izan da nesken kasuan; %25 mutilenean. Lan arriskutsuak egiten dituztenak %50 gutxiago dira; lehen, 171 milioi ziren, eta, orain, 85. Jaitsiera nabarmenagoa izan da 5 eta 14 urte artekoetan, %66.

«Gehiegi dira», hala ere, dio OITk, «haien etorkizuna eta gurea arriskuan jartzen baitute». «Ohikoegia» bihurtu da haurrek lan egitea.

Haur gehienek, hirutik bik, gainera, ez dute ordainik jasotzen, etxean lan egiten dutelako. Etxeko lurrak landatzen edo abereak zaintzen, batez ere. Baina baita arrantzan eta akuikulturan ere.

Jaitsierak jaitsiera, kopuruak helburuetatik urrun daude. OITk 2016rako desagerrarazi nahi ditu haur esklaboak, sexu esplotazioa jasaten dutenak, legez kanpoko jardueretarako erabiltzen direnak, haur soldaduak eta lan arriskutsuak egiten dituztenak. «Ez da nahikoa orain arteko moduan jarraitzea», onartu du OITk.

Mutilak gehiago

Haur langileetan gehiago dira mutilak (99,8 milioi) neskak baino (68,2 milioi); 5 eta 11 urte arteko tartean, ordea, ez dago alderik mutilen eta nesken kopuruetan.

Hain zuzen, 11,5 milioi haurrek lan egiten dute etxeko lanetan, OITren arabera. Hala ere, aintzat hartu behar da OITren datuen barruan ez daudela etxeko lan arriskutsuak egiten dituzten haurrak, ez norberaren etxean lan egiten dutenak, ezta besteen etxeetan egiten dutenak ere. Eta gehienetan neskek egiten dituzte etxekolan horiek. OITk ez ditu estimazioetan aintzat hartzen, «datu faltagatik eta etxeko lan arriskutsuak definitzeko adostasun faltagatik».

Lan mota hori erakundeen kontroletik kanpo dago, eta ikusezina da gehienetan. «Neska horiek arrisku handiagoa dute esplotazioa edo gehiegikeriak jasateko», dio OITk.

Lan arriskutsuetan neskak gehiago dira 5 eta 11 urte artean (bostetik hiru), eta mutilak gehiago 15 eta 17 urte artean (bostetik lau).

Txosteneko kopuruak aintzat hartuz gero, Asian eta Pazifikoan dago haur langile gehien, 77,7 milioi. 59 milioi dira Saharaz hegoaldeko Afrikan. Proportzioa, ordea, handiagoa da Saharaz hegoaldeko Afrikan: bost haurretik bat baino gehiagok lan egiten dute; hamarretik bat dira Asian eta Pazifikoan. Asian eta Pazifikoan daude lan arriskutsuak egiten dituzten haur gehien, 33,9 milioi, baina aldea txikia da Saharaz hegoaldeko Afrikarekiko, 28,8 milioi haur baitira han.

Txinan daturik ez

OITk ez dauka Txinari buruzko datu zehatzik. Txinako Gobernuak ez ditu egiten haur langileei buruzko estatistikak, eta OITk Txinari buruzko estimazioak zeharka egiten ditu, bestelako estatistika batzuk baliatuz, eskolatzeari buruzkoak, esaterako. Txina da horrelako salbuespen bakarra txostenean.

Munduko eskualde guztietan jaitsi dira kopuruak duela lau urtekoekin edo hamabi urtekoekin alderatuta. OITk nabarmendu du Saharaz hegoaldeko Afrikan jaitsiera gertatu dela haurren jaiotzen igoera «garrantzitsua» izan den garai batean. Hala ere, hiru haur langiletik bat hangoa da, eta eskualdeari arreta berezia jartzeko eskatu du Lanaren Nazioarteko Erakundeak.

Eta Ameriketako Estatu Batuak? Eta Europa? Ez al daude haur langileak? Bai, badaude. Hala ere, Nils Muiznieks Europako Giza Eskubideetarako komisarioak onartu du gaiak «tabua» dirudiela. Europan badaude haur-langileak, ez bakarrik Europako ekialdeko herrialdeetan: Italian 16 urtetik beherakoen %5,2 dira, aurtengo ekainean kaleratutako neurketa baten arabera.

Haur langileen kopuruaren jaitsierarik handiena azkeneko lau urteetan gertatu da, krisi urteetan: lan egiten duten haurren kopurua 215 milioitik 168ra eta lan arriskutsuak egiten dituztenak 115 milioitik 85era. Baina krisiak ez du eragin jaitsieran, OITren arabera. Erakundeak dio «ziurrenik» jaitsiera bi arrazoirengatik gertatu dela: alde batetik, gorabidean diren herrialdeek gainerakoek baino lehen gainditu dituztela krisiaren ondorioak; bestetik, krisiaren osteko hazkunde ekonomiko motelak gutxitu egin duelako eskulan eskaera, baita 15 eta 17 urte arteko nerabeena ere.

Kontzientziazio gehiago

OITk uste zuen krisiak lan egiten duten haurren kopurua handitu zezakeela, bizi-baldintzak okertu egin direlako, baina ez da hala gertatu. Gobernuen neurriei eta kontzientziazioari esker, neurri handi batean, OITren esanetan. Hezkuntzan eta gizarte zerbitzuetan egindako inbertsioak aipatu ditu erakundeak. Zenbat eta hezkuntza eta gizarte zerbitzu gehiago, orduan eta haur gutxiago lanean.

Haur gehienek nekazaritzan lan egiten dute, bostetik hiruk, baina handitzen ari da zerbitzuetan eta industrian lan egiten duten haurren kopurua. Zerbitzuetan eta industrian lan egiten dute, ezkutuko ekonomian. OITk Brasilen, Indonesiaren eta Mexikoren kasuak aipatu ditu, gorabidean diren herrialdeak. Dena den, OITk berak behin baino gehiagotan txalotu ditu Brasil eta Mexiko, abian jarri dituztelako haur-langileen arazoari aurre egiteko programa eraginkorrak.

OITren txostena irakurri nahi izanez gero: www.ilo.org

—————

Jose Maria Ramirez Machado. OITko programen arduradun nagusia : «Ezin ditugu luzera begirako epeak jarri, belaunaldi bat galduko baitugu»

Ramirezek hamabost urte daramatza haurren lanaren kontrako programan lanean.

Ez dituzue neurtzen Ipar Amerika, Europa… herrialde aberatsak. Zergatik ez? Badaude haur langileak.

Bai, baina herrialde horiek uste dute kopuruak ez direla adierazgarriak, eta ez dituzte neurtzen. Gu datu errealetan oinarritzen gara, eta kasu horietan ez daukagu daturik.

OITk Europa ekialdeko hainbat herrialdetan lan egin du haurren esplotazioa saihesteko.

Bai, egin ditugu, baina gaur egun ez dugu egiten.

Krisiak eta gobernuak aplikatzen ari diren murrizketek ez al dute haur langileen kopurua handituko Europa hegoaldeko hainbat herrialdetan?

Bai, gero eta pobre gehiago daude, eta pobrezia da haurrek lan egiteko arrazoi nagusietako bat. Aurreikuspenen arabera, Europako Batasunak 2020an 25 milioi herritar izango ditu pobreziaren mugaren azpitik, hirutik bat Espainian. Gainera, azterketa honetan ikusi dugu haur langileak daudela ez bakarrik herrialde pobreetan, baita aberatsagoetan ere.

Zuen esanetan, haur langileen kopuruaren jaitsieraren arrazoietako bat da gero eta herrialde gehiagok onartzen eta betetzen dituztela OITren hitzarmenak. Hitzarmenak eraginkorrak al dira?

Bai. Bi hitzarmen nagusi daude: 138.a, gutxieneko adinari buruzkoa eta, 182.a, haurren lan makurrenei buruzkoa. Nazioarteko arau babestuenen artean daude eta 182.a zortzi herrialde gehiagok onartuz gero, unibertsala izango da. Herrialdeak gero eta kontzientziatuago daude, eta politikak onartu dituzte haurren lanei aurre egiteko.

Baina kontrolatzen al duzue herrialdeek hitzarmenak betetzen dituztela?

Bai. Herrialdeek txostenak egin behar dituzte, gure adituek aztertzeko. Ez dira beren buruak zuritzeko txostenak, aintzat hartzen baititugu herrialde horietako langileen eta enpresaburuen elkarteen iritziak ere. OITk bere tresnak dauzka txostenak egiaztatzeko.

Kopurua jaisten ari da, baina 168 milioi haur langile daude, erdiak lan arriskutsuak egiten. Noiz arte?

Pentsa, egungo erritmoan jaitsita ere, ez genuke lortuko 2030 baino lehen saihestea haurren lan makurrenak: esklabutza edo parekoak, sexu esplotazioa, legez kanpoko jarduerak, lan arriskutsuak… Eta horretan ezin ditugu luzera begirako epeak jarri, bestela belaunaldi bat galduko baitugu.

Haur gehienek etxeko lurrak lantzen eta abereak zaintzen lan egiten dute, etxeko premiengatik. Nola konbentzitu daitezke gurasoak haurrei lana kendu eta eskolara bidaltzeko?

Oso zaila da. Batzuetan oso zaila da gurasoei hezkuntzaren onurak azaltzea, eta zure argudioak indargabetzen dituzte: eskolara joan gabe eta irakurtzen eta idazten jakin gabe bizitzen direla diote, eta, beraz, ez dute uste seme-alabek eskolara joateko premia daukatenik. Kasu askotan, ez da pobrezia kontua, arau kulturalena baizik.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.