Jabier Agirre / 2013-09-17 / 857 hitz
Herritarren gehien-gehienek hartu ohi dituzte botikak medikuaren agindurik edo aholkurik gabe. Ordea, arriskutsua izan daiteke askotan, botika askok eta askok ondorio okerrak sortzeko arriskua baitute.
Gure gizartean, biztanleen % 10-30 inguruk jotzen omen dute automedikaziora, eta horietatik % 70ek nahi gabeko albo-ondorioak jasaten dituzte. Hori saihesteko, garrantzitsua da jakitea zer botika har daitezkeen medikuaren aholkurik edo gainbegiradarik gabe.
Buruko minak jota edota bestelako min bat duenak erraz jotzen du etxeko botika kutxara. Automedikazioak ez du zertan beti txarra izan, baldin eta modu arduratsuan erabiltzen bada. Beste era batean jokatuz gero sortzen dira arazoak, hartzen diren botikak salmenta librekoak ez badira (antibiotikoak, adibidez), edo baimendutakoak izan arren modu desegokian erabiltzen badira: gomendatutako dosiak gehituz, tratamendua behar baino gehiago luzatuz, eta abar.
Kalte eta ondorio txar horiek guztiak baztertzeko, kontsumitzen ditugun botikak ondo ezagutzea komeni da. Dena den, argi utzi nahi nuke komunikabideetan zabaldutako dibulgazio-artikulu edo erabilera-moda guztien gainetik, medikuaren aholkuak eta hark agindutako errezetak direla orain eta beti argibiderik onena.
Analgesikoak
Munduan gehien erabiltzen diren botikak dira, eta horietako asko errezetarik gabe lor daitezke. Analgesikoen helburua mina arintzea da; min hori sortzen duen seinale nerbiosoa blokeatzen dute, eta, ekintza nagusi horrez gain, sukarra jaitsi eta inflamazioa ere gutxitu dezakete zenbait analgesikok. Aukera horiek guztiak eraginda, ulertzekoa da erruz erabiltzea, hain gogaikarria gertatzen zaigun mina arindu nahian.
• Parazetamola. Mina oso gogorra ez bada, hori izaten da lehen aukerako analgesikoa, besteak baino albo-ondorio gutxiago dituelako. Erabiltzekotan, 500 mg-ko dosiarekin hastea gomendatzen da, eta, behar izanez gero, 1.000 mg-raino igo daiteke dosia.
• Azido azetilsalizikoa. Aspirina izenarekin komertzializatua. Parazetamola baino eraginkorragoa da, baina, albo-ondorio gehiago dituenez, azkenaldi honetan parazetamolak leku handia jan dio jende arruntaren botika kutxan. Zenbait tratamendu antikoagulatzailerekin ere bateraezina izan daiteke. Kontuz, beraz, aspirina erabiltzen hasi aurretik.
• Ibuprofenoa. Bere eraginkortasunagatik, eta inflamazioaren kontrako ekintzagatik, ibuprofenoa da gaur egun gehien erabiltzen den analgesikoa. Baina horrek ez du esan nahi albo-ondoriorik ez duenik. Dosi handietan edo tratamendu luzeetan, urdaileko arazoak sor ditzake, baita min jakin batzuk kroniko bihurtu ere. Arazo kardiobaskularrak dituzten pertsonetan ere ez da gomendatzen. Zuhurtzia behar da: harraldi bakoitzean 400 mg-ko pilulak erabiltzea da onena, eta ez 600 mg-koak.
Psikofarmakoak
Antsietatea edo herstura eta depresioa tratatzeko botika espezifikoak dira, eta, horregatik, medikuaren aginduz bakarrik lor daitezke, espezialistak agindutako pauta eta dosietan erabili ahal izateko. Zoritxarrez, gero eta usuagoa da psikofarmakoak desegoki erabiltzea.
• Lasaigarriak. Botika horien arriskua gehiago da psikologikoa toxikologikoa baino. Lasaigarriekin tratatua izan den pazienteak, hobeto sentitzen denean, ez dio botikak hartzeari uko egin nahi izaten, oro har, berriro ere aurreko sintomekin hasiko den beldurrez. Eta horrek botikekiko mendetasun handia sor dezake. Normala da, gainera, lasaigarri edo baregarriek gero eta eraginkortasun txikiagoa edukitzea, eta, horregatik, dosiak pixkanaka igo egin beharko ditu pazienteak.
• Antidepresiboak. Ez dute tolerantzia-arazorik eragiten, baina okerreko bidetik edo gehiegizko dosietan hartuz gero, gainpisua, buruko mina, neke-sentsazioa, insomnioa edo loezina, zorabioak, gehiegizko euforia, idorreria, arazo sexualak edo apetitua handitzea ere eragin dezakete.
Libragarriak
Idorreria ere ohiko arazoa da gure gizartean, helduen % 20ri erasateraino. Horregatik, ez da harritzekoa libragarriak izatea gehien saldutako botikak, urtero argitaratzen diren estatistiketan.
• Masa-sortzaileak. Zuntz ugarikoak izaki, eginkarien bolumena gehitzen dute. Gari-zahia da denetan ezagunena. Botika nahiko seguruak direnez, horiek behar lukete izan beti tratamendurako aurreneko aukera.
• Osmotikoak. Hesteetan likido-kopurua gehitzen dute. Botika horien artean daude sorbitola, magnesia-esnea, eta abar.
• Lubrikatzaileak. Eginkariak oliozko mintz batekin estali edo inguratzen dituzte. Horrelakoak dira glizerinazko supositorioak eta parafina-olioa, adibidez. Botika gisa, natural eta seguru samarrak dira, baina, kontuz, jarraian erabiliz gero uzkia narritatzera irits daiteke eta.
• Estimulatzaileak. Hesteetako muskuluak uzkurtzea eragiten duten botika horien artean errizino-olioa izango litzateke agian ezagunena eta gehien erabilia. Narritatzaileak dira, oro har, eta, luzaroan hartuz gero, hesteak alfertzeko joera har dezake, botikarik gabe libratu ezina agertuz.
Beste botika batzuk
Ondoren aipatuko diren botikak ia etxe guztietako botika kutxetan aurkitzen dira, seguruenik, gripea edo urte-sasoiko alergiak bezain arruntak diren gaitzak tratatzeko. Baina botika horien kasuan ere, ondo ezagutzea komeni da, ahalik eta etekinik edo zukurik handiena ateratzeko.
• Gripearen kontrako botikak. Bada urrezko arau bat, beste ezeren aurretik argi eta garbi utzi nahi nukeena: gripeak bere kasa egiten du onera, inolako botika edo medikaziorik gabe. Etxeko botika kutxan urte batetik bestera gorde ohi ditugun botika horiek sintomak arintzen laguntzen dute, baina ez dute gripea sendatzen.
• Antihistaminikoak. Alergiaren kontrako botika horiek histamina-produkzioa blokeatzen dutenez, sudurreko jarioa, kongestioa, ezinegona eta antzeko sintomak arintzen dituzte. Dena den, batzuek logalea eragiten dute.
• Antiazidoak. Bihotzerrea arintzen dute, baina buruko minak, goragaleak, idorreria edo beherakoak ere eragin ditzakete. Horregatik, neurriz hartzea gomendatzen da, abusatu gabe.
———————
Zer neurri hartu behar dira?
Errezetarik gabe lortu eta kontsumitzen diren botikekin sustorik edo ustekaberik ez izateko, hurrengo oharrei kasu egitea aholkatzen dute adituek:
• Aurrez irakurri eskuorria: Gehiegizko dosiak, nahi gabeko albo-ondorioak eta bestelako arazoak saihestuko dituzu.
• Hasi dosi minimoarekin: Horrela, arriskua txikiagoa izango da. Eta dosi hori nahikoa ez bada, beti izango duzu gehitzeko aukera.
• Ez luzatu tratamendua: Ez gainditu, inondik inora ere, tratamendurako eskuorrian gomendatzen den iraupena. Eta ez baldin baduzu hobekuntzarik sumatzen, onena medikuarengana joatea izango duzu.
• Saihestu interakzioak: Ez hartu inoiz bi botika aldi berean, nahiz salmenta librekoak izan. Garrantzi handi samarreko interakzioak gerta daitezke bestela, eta zure kalterako izango dira beti.