Jexuxmari Mujika, Euskal Editoreen Elkarteko lehendakaria: «Esparru pribatuko erakundeek ere lagundu behar dute kultura»

Juan Luis Zabala / 2013-09-17 / 961 hitz

Otsailaz geroztik, Euskal Editoreen Elkarteko lehendakaria da Jexuxmari Mujika. Ez du uste libururik gabeko kulturarik izan daitekeenik, ezta elkarlanik gabeko euskal liburugintzarik ere.

Jexuxmari Mujikak hartu zuen iragan otsailean Jorge Gimenez Bechen lekukoa Euskal Editoreen Elkarteko lehendakari karguan, Jorge Gimenez Bech Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendari izendatu zutela eta. Erein argitaletxeko lehendakaria da Jexuxmari Mujika (Aizarna, Zestoa, Gipuzkoa, 1946), Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko eta Donostiako Santo Tomas Lizeoko irakasle ohia —duela urte bi erretreta hartua— eta Joxemari Kortaren Bidetik Fundazioko bozeramailea. Elkartearen dinamika bertatik bertara ezagutzeko baliatu ditu orain arteko hilabeteak, eta prest dago euskarazko liburugintzak haren ustez hain beharrezkoa duen elkarlanaren alde lan egiteko.

Krisi ekonomiko betean gaude, eta liburugintzaren kasuan, krisiaz gain, badira sektoreari kalte egin diezaioketen ohitura aldaketa garrantzitsuak ere. Nola ikusten duzu sektorea egoera horren aurrean?

Hiru arrazoi, behintzat, jarriko nituzke nik krisi egoeran gaudela esateko: hasteko, gaur beste bide batzuk daude liburuak ematen dituen zenbait eduki eta informazio jasotzeko; kontsumo ohiturak aldatu egin dira, eta gaur egun informazioa asko eta azkar jasotzeko joera nagusitzen ari da, justu liburuak eskaintzen duenaren alderantzizkoa; horrez gain, nahiko ikuspegi zabaldua da liburuak oso garesti direla eta liburuak argitaratzea sekulako negozioa dela, aintzat hartu gabe liburu bat argitaratzeko prozesuak zenbat lan eta zenbat gastu eskatzen duen, eta, gure kasuan, gainera, merkatu ahalik eta zabalena izaten saiatu arren ezin garela merkatu handi bat izatera iritsi.

Ez duzue lan erraza beraz.

Dena den, nik ez nuke hemen negarra jotzeko baino ez gatozelako inpresiorik eman nahi. Aurreneko argitaletxeak sortu zirenean, etorkizuna gaur egun baino askoz ere zailagoa zen. Gaur egun, urtero ia 2.000 liburu argitaratzen dira euskaraz, eta horrek etorkizuna badagoela erakusten du. Diagnosia egitean, gordin egin behar da, baina egiten dena ere aintzat hartuz. Niri ezinezkoa egiten zait libururik gabeko kulturarik izan daitekeenik pentsatzea. Informazioa libururik gabe jaso daitekeen arren, beste garai batzuetako autoreekin elkarrizketa sakonak izateko eta nork bere burua janzteko liburua behar-beharrezkoa da. Baina liburuak arerioak ditu gaur egun.

Zeintzuk dira, zure ustez, liburuaren areriorik gogorrenak?

Irudia da bat, dudarik gabe. Irudiaren mugimendua. Irudiaren mugimendua askoz erakargarriagoa da irakurketa baino. Gaur egungo balio nagusien artean dagoenez denbora gutxian informazio asko eskuratzea, liburua espazioa galtzen ari da. Badirudi elite batentzat baino ez duela izan behar liburuak, edo bestela entretenigarri soila izan behar duela, eta, entretenimendu horretarako, elebidun askok erdarazkoa aukeratzen dute. Hor dauzkagu arazo horiek guztiak.

Irudia aipatu duzu, baina askotan liburuaren arerioetan Internet aipatzen da lehenik.

Batzuen ustez, Internet euskararentzako sekulako pagotxa izango da. Nik neuk kezka handiagoarekin begiratzen diot Internetek izango duen eraginari. Irakurtzen baduzu alemanak kezkatuta daudela hizkuntzen globalizazioarekin, berehala pentsatzen duzu: ‘Guk zer kristo egin behar dugu orduan?’.

Elkarteko argitaletxe gehienek parte hartu zuten Gurebook liburu digitala saltzeko plataforman, baina salmentak urriak izan ziren, eta webgunea itxi egin zuten. Susa argitaletxeak beste politika bat du abian liburu digitalak saltzeko, askoz ere prezio baxuagoekin eta DRM edo giltzarraporik gabe. Zer bide nagusituko dela uste duzu?

Elkarte honen ikuspegitik liburuak oinarrizkoak dira, baina liburuak euskarri guztietan, eta egoera berrira egokitu beharra dago. Egokitzean arazoak sortzen dira, eta zuk aipatu duzun hori da arazoetako bat. Zer egin behar dugu? Oso-oso merke jarri liburu digitalak, edo hortik nolabaiteko etekin ekonomiko minimo bat ateratzeko moduak bilatu? Oraindik ez dago definituta zein izango den eredua. Argitaletxe bakoitza bere ildo komertziala jarraitzen ari da, eta bakoitzak bere arazoak dauzka. Argitaletxeen artean eta Administrazioarekin ere hitz egin eta akordio batzuk lortzen saiatu beharko dugu. Elkarrekin eta bizkor jokatzen asmatu behar dugu, eta laguntzak beharko dira nahitaez. Begiratu eta mamu izugarria ikusten duzu, eta zeure buruari galdera egiten diozu: hemen izango al dugu guk kokatzeko adina abilidade; indar pixka bat, minimoa, beharrezkoa dugun hori? Digitalizazioaren mundu honetan, asmatzen ahalegindu behar dugu, eta, horretarako, garrantzitsua izango da elkarlana. Horretan asmatu bitartean, errespetagarria da bakoitzak bere bideak sortu eta probatzea. Eta komenigarria dela ere esango nuke.

Jaurlaritzak euskarazko literatur argitalpengintzari ematen dion laguntza jaisten ari da urtez urte azken urteotan. Jaitsiera hori geldiarazten saiatzen ari zarete?

Jaurlaritza berriak aurkeztutako aurrekontuetan euskarazko literatur argitalpenari emandako laguntzen igoera bat agertzen zen. Aurrekontuak luzatu egin dira, eta aurreko legealdiko kopuruekin jarraitu behar dute, baina badirudi gobernu berriak baduela laguntzak indartzeko borondatea. Laguntzak nahiko bigarren mailakoak izan dira azken urteetan, baina laguntza horiek eman egin behar dira, eta eman ondo eta profesionalki lanean ondo ari direnei, industria honi aurrera segitzeko aukera eman ahal izateko. Kultura ekonomikoki ere errentagarria da. Gerta daiteke egitasmo batzuk ez izatea une jakin batean errentagarri. Baina kulturak ez du horregatik garrantzia galtzen, eta politikariek hori garbi izan behar dute. Esparru pribatuko industria eta finantza erakundeek ere lagundu behar dute. Egoera zaila dago, baina badakigu aurren-aurrena laguntzak nondik murrizten diren: kulturatik. Euskal Herriak aurrera egingo badu, esparru pribatuko erakundeek ere lagundu egin behar dute kultura. Herri bat egiteko, laguntza horiek beharrezkoak dira. Dena den, argi utzi nahi dut elkarte hau ez dagoela negarrerako eta eskerako sortua, elkarlanerako baizik, guk geuk elkartuta hobeto lan egiteko.

Euskadi Literatura sariak emango dira laster. EEEk eskatu izan du sari unibertsalak izan daitezen berriro, eta ez soilik aurkeztu diren liburuen artean ebaztekoak. Jarraitzen duzue eskari horrekin?

Bai. Jarraitzen dugu lehenengo bide beretik. Eta badirudi, gainera, hori onartu egiten dutela Jaurlaritzako arduradunek baina eragozpen batzuk aurkitzen dituztela araudia berriro aldatzeko. Aurtengoz ere aurkeztutako liburuen artean egingo da sarituen hautaketa, baina guk araudia aldatzeko asmoari eusten diogu.

Ikastetxeetarako testugintza oinarri garrantzitsua da argitaletxe batzuentzat. Horretan ere baduzue hautsi-mautsirik.

Guri ondo iruditzen zaigu behar duenari testuliburuak ordaintzeko erraztasunak ematea, baina Administrazioak oso kontuan izan behar du hemen egindako testuak izatea oso garrantzitsua dela eskolarentzat, ez soilik geografiaren aldetik, baita natur zientzietan edo beste edozein gaitan. Beti ingurunetik abiatu behar da. Ikastetxeetarako testugintzan lanean ari direnek soilik lau urtetik behin izaten badute irabazia, zaila izango dute lan horretan jarraitzea, eta azken ondorioa izan daiteke gure ikasleek beste nonbait egin diren testuen itzulpen hutsekin egin behar izatea ikasketak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.