Sinadurak

Goizalde Landabaso / 2013-09-17 / 250 hitz

Hitza ei genuen sasoi ez hain urrunetan euskal herritarrok gauza preziatuenen artekoa; eta goraipatuenen artekoa ere bai. Ez zen sinaduraren beharrik, hitza nahikoa zen, fidatzeko tribua ginelako. Orain, berriz, dena da sinadura. Beharbada fidagaitzeko tribu bilakatu garelako. Seguruen garai urrunetan ez ginen hain fidatzekoak eta oraingo hauetan hain fidagaitz ere ez gara izango. Idatz dezagun, baina, gu geu geure osotasunean ordezkatzen gaituen zirriborroaz. Sinadurak badu nolabaiteko lilura, eraikitzen hasten zarenean, batez ere. Bizitzan zehar aldatzen ei da. Gu garen guztiak aldatzen diren bezalaxe. Nork eutsi dio hamalau urteko sinadura arranditsuari? Bizitzan zehar asko dira egiten ditugun izenpeak. Batzuk zirtzilak, berehalako batean ahaztu egiten ditugunak. Beste batzuk, aldiz, badirudi betikotasunez jantzita datozela eta hil arte gurekin gelditzen direla. Inork esaten ez duena da sekula santan apurtuko ez den sinadura hori, beste sinadura batek hauts dezakeela. Gurasoekin gogoratu naiz. Asteon 52 urte dira betiko izango zen sinadura hori bota zutenetik. Antza denez gurasoen kasuan betiko izango da. Galdetu diet zelako ospakizuna izan zen. «Apala, gaur egungoen aldean», esan didate. Gurasoak ikusi ditut senideez inguratuta orduan jaten ez zituztenak jaten, ez dakit, pernila eta otarrainskak zer edo zer esatearren. La Cubana antzerki talde kataluniarra etorri zait akordura gero. Campanadas de boda ikuskizuna antzezten aritu izan dira Hego Euskal Herrian. Eztei hanpatuak umorez azaldu dituzte. Zelan bestela? Behin galdetu zidaten ezkondua nengoen. «Banketxeagaz», erantzun nion. Ez zidan ulertu. Izan ere, badirudi ezkontza dela sinatzen dugun gauzarik garrantzitsuena. Bizitza, baina, luzea izan liteke, eta sinadurak hamaika. Denborak baino ez digu esaten zein zen sinadurarik garrantzitsuena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.