Andoni Egaña / 2013-09-07 / 538 hitz
Rebelde» da hainbat herritan eta hainbat izeni jartzen zaion izenondokoa. Eta atsegin dut. Batetik oso euskarazkoa dirudien eta gaztelera hutsekoa den s amaierako arraio hori saihesten duelako. «Kakax», «belarrix», «xarpas» eta «balantxas» baino euskararenagoa da, esaterako. Beti ematen du belarrira egoki rebelde-k, izan aurretik Joanito, izan Jexux, edo izan Martin.
Rebeldetasunak baditu alderdi onak eta baditu hain onak ez diren alderdiak ere. Inoren ez ezeren aurrean makurtu nahi eza du aldeko; men eta amen hiztegitik kanpoko hitzak izatea; denek etsia hartu duten garaian nonbaiten buruxut bat badela nabarmentzea. Eta kontrako ere horixe bera du, hain zuzen ere: rebeldea nabarmendu egiten dela gehitxo. Eta gehitxo nabarmentzen denak nekez ekarriko duela funtsezko aldaketarik ezertan garaian garaiko botereak, eta tokian tokikoak, hori ere zehaztea komeni baita egungo egoeran, aitaren batean identifikatuko baitu eta zaindu eta neutralizatu, irri-gaizto eginez, koitaduari mundua jaten ari dela sinesten utziz. Rebeldeak dena goitik behera aldatuko duela ematen du baina bera da estatusaren zaintzailerik finena finean.
Rebeldea ez izatea erabaki nuen bere garaian. Gauzak bere hartan uztea hobetsi nion, «aldatubezalabai» baina ez aldatzeari.
Irailaren lehen astea izaten da urtero nire buruari rebeldia ateratzen uzten diodan epe jakin eta mugatu bakarra. Ezertarako balio ez duela jakinean. Bakoitzak nahi duena komenentziara ulertzen duela sinetsita. Baina atera egiten dut rebeldia iraileko lehen astean. Urtero. Ezinbestean. «Irailaren biko sindrome» izendatu nuen aspaldi eta aurten, gainera, astelehenarekin egokitu da. Aste honek zenbat jende zein ondo bizi den eta zinez gaizki bizi dela esaten duen neurtzeko balio izaten dit. Hilabete eta erdian erdi mutu egon den telefonoa deika hasten da urduri. Bestekaldekoa ere ez dabil lasai. Presa dauka. Zerbait behar du eta lur jota dago, porru eginda, burua ezin altxaturik, lanari ekin behar diolako. Gainera, gaixotasunik zaharrenari hitz berriak jarri dizkiote estalki, post-ekin hasi eta auskalo nola bukatzen direnak. Eta lehen ondoezaren arrastorik ere sentitzen ez zuenak ikasi egin du gaixo dagoela sinesten eta ozen adierazten.
Horrelakoetan ezin eutsi izaten diot rebeldiari. Belarriak tentetu gabe ere entzun egiten baita egungo jendartea zenbateraino den melenga, mainatia eta kosmetikoa. Melenga, oro zaiolako gogor eta jasangaitz. Mainatia, kexua duelako harremanean hasteko hautaturiko protokoloa. Eta kosmetikoa, Lenin edo Rosa Luxenburgokotzat bere burua duenak ere dozena erdi bat profesionalengana jotzea normaltzat hartzen duelako adibidez, dela psikologo, depilatzaile, karta-astral irakurle, dietista, begi-nini aztertzaile, erretzeari uzten laguntzeko aditu, garitxu-kentzaile… Iraultza egitea ongi dago. Kosmetika ere ez dago gaizki. Baina biak batera eta aldi berean egiten ari dela bere buruari eta gainerakoei sinestarazi nahi dionak badu gaitzen bat sakoneran. Galdetu bestela uraren eta argiaren fakturak ordaindu ezinean dabilenari.
Badakit jakin lana ez dela pertsona duin bihurtzen duena. Gehientsuok lurrean lana fin egitea zeruko bizitza hobetzeko bitartekotzat ere ez dugu jotzen jada. Lana ez da lana baino. Baina, eta ez kasualitatez, lana da jendarteko harreman nagusiak ehuntzen dituen faktorea. Nagusi eta langile. Egile eta eragile. Bitartekari. Lan non, nola eta norentzat egiten dugun da jendartean kokatzen gaituen ezaugarririk behinena. Horrexegatik egiten dit irailaren lehen astean rebeldiak gainezka. Funts handirik gabeko aiene asko entzuten dudalako. Eta kexatzeko milaka arrazoi dituztenen ahotsa entzuten delako gutxien. Udazken beroa espero dut nik ere. Baldintza negargarrietan lanean ari direnek ezinegona azalduko dute. Lana egingo eta eskubide hori ere ukatu zaienek egonezina. Eta haiena, ez da nirearen gisako rebeldia piperra izango. Haiena zer edo zer gogorragoa izango da.