‘Streamming’ musika zerbitzuak, gora

Aitor Aretxaga / 2013-09-25 / 613 hitz

Zorioneko daude musikazaleak, amaraunean ‘streaming’ bidez musika entzun eta akordeekin gozatzeko zerbitzu berriak egongo direlako aurki. Ez da gutxiagorako, indartsu sartu baitira ‘streaming’ musikaren azken bagoian Google, Microsoft, Twitter eta Kim Dotcom. Badirudi trenak ihes egiteko beldur zirela enpresa horiek.

Gaur-gaurkoz bistakoa da negozio ederra dela streaming musikarena. Mugarria Napster izeneko ataria izan zen: edozein talde eta abesti Internet bidez entzuteko eskaintza erakargarria eta garaian parekorik gabekoa ematen baitzuen, baina Metallica taldearekin epaitegietan topo egin zuten. San Frantziskoko (AEB) taldeak ez zuen gogoko izan haien musika sarean denen eskura jartzea, eta are gutxiago etekinik ez usaintzeak. Ordutik, Napster-ek zein agertu diren beste streaming zerbitzuek, hainbat harpidetza dituzte. Doakoak diren arren, gehienetan hileroko ordainketak egin behar izaten dira iragarki gogaikarriak saihesteko edo sakelakoan non-nahi musika entzun ahal izateagatik. Napster, Spotify, Grooveshark, Pandora, Ubuntu One Music, Last.fm… Streaming musika zerbitzuen zerrenda ia amaigabea da, honezkero.

Ondorengo proposamenak kaleratu berriak edo kaleratzear daudenak dira. Era askotarikoak dira aurrekoei batzen zaizkienak: musika liburutegi zabalekoak, sare sozialetan gehien ematen ari diren abestiak identifikatu eta eskuragarri jartzen dituztenak edo musika negozio eredu berri bat dakartzatenak dira horietako batzuk.

Google Play Music All Access

Astiro baina pauso irmoz joan da bidea eginez Googleren zerbitzua. Beta eran egon ostean, lehengo astean iritsi zen Euskal Herrira beta bertsioan. Android sistemarako aplikaziotik eta webetik lor daiteke, eta 7.99 euroren truke ordenagailuan gordeta ditugun 20.000 abesti ere igo litezke hodeira. Bakoitzaren musika liburutegira sartzea egongo da offline eran edo Internet konexio beharrik gabe. Norbere musikaz gain, munduan dagoen —ia— edozein abesti berri nahiz zahar entzun daitezke. Aurreneko hilabetea dohainik eskaintzen dute, eta askorentzat dagoeneko nagusi den Spotify Premiumaren lehiakide gogorrena da. https://play.google.com/ about/music/.

Xbox Music

Microsoften musika zerbitzuak urtebeteko bizitza dauka jada. Baina orain atera dituzte saretik telefono eta sakelakoentzat aplikazioak: Android sistemetan eta iPhone nahiz iPadetarako eskuragarri dago. Aurreneko pausoa, 30.000 abesti baino gehiago eskaintzea izan zen hainbat gailutik entzuteko: ordenagailu, telebista adimentsu edo Xbox 360 bideo kontsolatik. Datorkion erronka ez da nolanahikoa; Android eta iOS sistemetan ibilbide luzea eta bezero oinarri handia daukaten zerbitzuekin borrokatzea ia ezer berririk eskaini gabe: offline sarbidea, irrati propioak sortzea eta partekatzea, besteak beste. Berezitasuna webgunean dago, lehen sei hilabetekoan mugarik gabeko zerbitzua eta erabat doakoa ematen dute; hortik aurrera, hileko ordu kopuru bat egongo da muga gisa. Bestela, 9.90 euroko kuota ordaindu beharko da Xbox Music erabiltzeko. Webgunea ondorengoa da: http://music.xbox.com/.

Twitter #Music

Ideia originala da beste hau. Twitter sare sozialean presentzia handiena daukaten abesti, artista eta taldeen zerrenda bat osatzen da eta jakin-mina daukatenek aipatu doinuen zatiak entzuteko aukera daukate. Asmoa zeresana ematen dabiltzan artista berriak bilatzea omen da. Beste musika zerbitzuekin bateragarritasuna bilatzen dabiltza, eta haientzat iragazki geruza gisa funtzionatzea. Gehigarri gisa dago eskuragarri dagoeneko, adibidez, Spotify edo Rdio zerbitzuetan. Doinu erakargarri baten berri izan eta zati bat entzun ostean, osorik entzun nahi duena beste zerbitzuetara bideratu nahi dute. Astebete baino gutxiago darama Euskal Herrian abian. Interesa duenarentzat https://music.twitter.com/ da helbidea.

Baboom

Urtarrilean Mega hodeiko biltegi zerbitzuarekin hautsak harrotu ostean, bueltan da gorazarre egin zion musika zerbitzu iraultzailea aurkezteko. Hasieran, Megabox gisa izendatu zuten, eta Baboom izena jaso du azkenik. Baina funtsa orduan azaldu zen bera da orain ere: musika zigilu ahalguztidunen kontra egin eta beste era bateko negozioa proposatzea, doako abesti libreen sare baten bidez.

Beste zerbitzuekin lehiakorra izan eta eskaintza sendoa eskaini ahal izateko, eduki sortzaileentzat erakargarria egitea da gakoa. Diru sarreren %90 banatu, eta erosleetan nahiz publizitatean oinarritutako negozioa ezartzen du. Musikariek, adibidez, abestiak zuzenean saldu ahalko lituzkete, eta doan jaitsi nahi duten erabiltzaileengandik ere etekina jasoko lukete. Eurei jarritako publizitatearen gaineko irabaziak jasoko lituzketelako, hein batean.

Oraindik ez dago kaleratze dataren edo harpidetza kostuen berririk; eta doako bertsioaren iragarkien maiztasunaren gainean ere ez dago informaziorik. Hurrengo hilabeteetan albiste izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.