Ilargi Agirre / 2013-09-07 / 1.096 hitz
1.335 hektareako zabalgunea da Pagoetako Natur Parkea. Gipuzkoako txikiena da, baina naturaren indarra bete-betean suma daiteke han. Hainbat landare mota ere aurki daitezke.
Gipuzkoako Parke Naturalik txikiena da Pagoetakoa, baina aberastasun handiko eremua da, zalantzarik gabe. Donostiatik 20 kilometrora egonagatik, naturaren indarra sumatzen baita han bete-betean. 1.335 hektareako eremua hartzen du, eta ia parke guztia Aiako udalerrian dago, Zarautzera eta Zestoara ere iristen den arren (Gipuzkoa). Urteetan gizakiaren eta naturaren artean izandako harremanek ondu dute parkeko paisaia, neurri handi batean. «Gizakiak utzitako arrastoek garrantzi handia dute hemen. Historiaurreko tumuluak, elur zuloak, errotak, burdinolak edota meategien zuloak ikus daitezke», esan du Asier Goia parketxeko hezitzaileetako batek. 1998an izendatu zuten Pagoetako Parke Naturala, Gipuzkoako Foru Aldundiak lur batzuen jabetza eskuratu ondotik. Gaur egun, parkeko lurrik gehienak publikoak dira.
Eremua ezagutzeko, onena da Iturraran Parketxea bisitatzea, lehenik eta behin. XVIII. mendeko baserria da Iturraran, eta nabari da hori barnera sartu eta eraikinaren egiturari zein egurrezko habe handiei begiratuta. Dotorea da eraikina, kanpotik zein barnetik. «Itsasontziak egiteko sistema bera erabiltzen zuten, batere iltzerik gabe». Parke Naturaleko interpretazio zentroa dago han, eta beharrezko informazioa eskaintzen diete bisitariei. Parkea ezagutzeko egin daitezkeen bisitak, eta planoak banatzen dituzte, eta ukimen bidezko pantaila eta maketetan fauna, flora eta etnografiari buruzko azalpenak ematen dituzte. Lorategiari buruzko argazki erakusketa bat ere badute.
Baserriaren inguruan dago parkeko altxorretako bat: Iturrarango Lorategi Botanikoa. 1986an sortu zuten, oraindik parkea ez zenean, Pako Garinen gidaritzapean, eta, geroztik mundu osoko zuhaitz eta landareak landatuz joan dira. Zortzi gunetan banatuta dago lorategia, eta bidexka batek lotzen ditu eremu guztiak. Lasaigarria da handik oinez ibiltzea. «Hego Hemisferioko landareen gunean gaude orain. Gainera, besteak beste, koniferoen, astigarren, edota Mediterraneoko landareen bildumak ere badauzkagu; guztira, 5.000 landare talde baino gehiago», esan du Goiak. Karteltxo batean izen zientifikoa eta espeziearen jatorria ageri dira: Txina, Japonia, Costa Rica… Luzea da herrialdeen zerrenda. « Txiroen aterkia deitzen diote landare horri. Euria ari duenean hosto horiekin babesten direlako».
Euskal Herrian mehatxatuta dauden landareentzat ere sortu dute gune bat, baina oraindik ezin da bisitatu. Horrez gain, 250 haritz mota inguru dituzte ikusgai lorategian. Europako bildumarik onenetakoa da. «Herbeheretatik eta Britainia Handitik ere jendea etorri izan da haritzak ikusteko». Etengabe jarduten dute espezie berriak sartzen, beraz. «Norbaitek hazi bereziren bat badu, eta etortzen bada, proba egiten dugu». Lorategi Botanikoarekin lotuta, urtero, Aian landare berezien azoka antolatzen dute apirilean. «Hara alorrean oso espezializatuak direnak eta eguna pasatzera datozenak biltzen dira».
Iturraran Parketxetik gertu, Erlategi Didaktikoa dago. Erlauntza nola irekitzen den ikusi, eta zuzenean erleen bizimodua ezagutzeko parada ematen du Erlategi Didaktikoak. Horretaz gain, bisita berezi batzuetan, erleen produktu askotarikoak dastatzeko aukera dago.
Fauna aberatsa
Pagoeta mendi gainera doan bidean, mendia zeharkatzen duten baso bideetako batean, elur zulo batekin egingo du topo bisitariak. Bat baino gehiago daude parkean. Gizakiak urteetan utzitako aztarnek garrantzi berezia hartzen dute. «Elur zuloaren gainean etxola bat zegoen, eta oinarria ikus daiteke. Lurrean egindako zuloan gordetzen zuten elurra neguan eta ekainera arte edo irauten zien». Elur zuloan ekoitzitako izotza inguruko herrietara garraiatzen zuten. «Elur zuloak dauden mendietan haginak egoten dira askotan», dio ondoko zuhaitzei begira. Hagin dentsitate oso handia dauka Pagoetak, eta handik gertu hagin berezi bat dago: Beorbarrutiko hagina deiturikoa. «Ale hori aparteko zuhaitz izendatu zuten, eta babesturik dago. 250 urte inguru ditu».
Haginak bakarrik ez, parkean dagoen mikroklimari esker, pagoak normalean baino altuera txikiagoan hazten dira; 200 metro inguruan ere aurki daitezke. «Pago gazteak, zaharrak, eta pago motzak ere badaude. Ikatza egiteko erabiltzen zirenak». Horrez gain, historiaurreko arbasoek utzitako aztarnak daude parkean. Pagoetan Estazio Megalitiko bat dago; zortzi tumuluz eta trikuharri batez osatuta. Hildakoak ehorzteko hilobi kolektiboak ziren trikuharriak, eta gorputzak lurperatu eta errausteko errituekin lotuta zeuden tumuluak.
Florarekin batera fauna aldetik ere aberatsa da Pagoetako Parke Naturala. «Babesturik dauden espezie batzuk ikus daitezke parkean», aitortu du Goiak. Saizuria, belatz handia edo arkanbeleak, adibidez. Hegazti harraparientzat bizilekua da parkea: arranoak, zapelaitzak eta gabiraiak daude, beste batzuen artean, eta basurde, azkonar eta orkatz asko.
Animalia horiek ikusteko, onena da parkean barrena dauden bidexketan galtzea. Parkeari izena ematen dion Pagoeta mendira —636 metro— igotzea irteera maitatua da mendizaleen artean. Sarrola baserriaren ingurura ere hurbil daiteke, Laurgain auzoa pasatuta. Pottokak eta betizuak daude zelaian patxada ederrean. Jose Mari Plazaola albaitaria dago Sarrola baserriaren atarian. Betizuak galbidean zeudela, duela hogei urte, hasi zen animaliak hazten Plazaola. «Hasieran ez ginen hain zorrotzak, baina orain ile beltzen bat ikusten badiogu animaliaren bati baztertu egiten diogu».
Oreinak dira hurbiletik ikus daitezkeen beste animaliak. Lau eme eta ar bat daude egun. «Donostiako Kristinaenea parketik ekarri zituzten 80ko hamarkadan, txiki geratu zitzaielako». Goiak gaileta erakutsi eta pixkanaka hurbildu da orein arra bisitariengana. Izurik ez die gizakiei, ohituta dagoela nabari da. «Iraila eta urrian izaten ditu adarrik ikusgarrienak. Otsailean erori egiten zaizkio, eta gero berriz hazi».
Eskoletatik, ikasle andana
Ingurumen heziketan egiten duten lana da parkeko beste ardatzetako bat da. Ikasle andana iristen da ikasturtean. Aurreko ikasturtean, adibidez, 4.768 ikasle izan ziren. Parkearen bisita ingurumenari buruzko azalpenak emateko baliatzen dute, eta, hala, ekosistema askotarikoen berri, landaretza, animalia edota erleen berri izaten dute. Atzerritarrak ere hurbiltzen dira. «Turista katalan, madrildar eta valentziarren igoera nabaritu dugu bisitetan aurten». Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak antolatzen eta kudeatzen ditu bisitak.
Burdinolaren sekretuak
Denboran atzera egitea da Pagoetako Parke Naturaleko Agorregiko burdinolan sartzea. Uraren indarra erabiliz, burdina nola lortzen zuten erakusten dute.
Historian barrena bidaiatzeko aukera ematen du Pagoetako Parke Naturalak. Denboran atzera joatea bezala da Agorregiko burdinolan eta errotan sartzea. Pagoetako Parke Naturalean ezinbestean ezagutu beharreko lekua da. Bisita gidatuak antolatzen dituzte, eta, uraren indarra erabiliz, burdina nola lortzen zuten ikusteko aukera dago, martxan jartzen baitituzte burdinola eta errota. Prozesu osoa ikusteko aukera ematen dute bisita gidatuek.
Laurgain Jauregiko jaunak jatorrizko XV. mendeko burdinola eraberritu eta handitzea erabaki zuen 1754an, eta Francisco Ibero arkitektoak egin zituen lan horiek. Burdinola nagusia izan zen Agorregikoa; han lortzen zen burdina, eta gero handik burdinola txikiagoetara garraiatzen zituzten burdin totxoak haietan lantzeko. Bi kilometro luze zen kanal saretik iristen zen ura burdinolara, eta, hainbat biltegitan pilatu ostean, urak sistema hidraulikoa martxan jartzen zuen; hau da, burdinolako hauspoak eta mazoa, eta bi erroten harriak. Burdina lortu ahal izateko ikatz begetala erabiltzen zuten, eta pagadietatik ateratzen zuten ikatza. Ura hobeto aprobetxatzeko sistema da Agorregikoaren ezaugarri nagusia.
XVIII. mendean egindako zaharberritze lanetan ur biltegiak hainbat altueratan mailakatu zituzten, eta, modu horretan, ura berrerabiltzeko aukera zegoen. Errotan, berriz, gari eta arto aleak xehatuz irina lortzen zen. Agorregiko burdinola eta errota ezagutzeko bisita gidatuak irailean larunbat, igande eta jaiegunetan antolatzen dituzte. 11:30ean izango dira, eta doakoak dira.
Horrez gain, Clara Gutierrez biologoak atsegin handiz tailerrak emango ditu. Landareak ezagutu eta lurrinak sortzen ikasteko, irailaren 15ean, goizean, ikastaroak izanen dira. Helduek 5 euro eta 5-12 urteko haurrek 3 euro ordaindu beharko dute.