Iratxe Retolaza / 2013-10-12 / 227 hitz
Literatura Unibertsalaren kanona eraikitzeko gertaera literario eraginkorra dugu Literatura Nobel saria, literatura esparru gehienetan berebiziko oihartzuna izan ohi duena, eta literatur ereduak hedatzeko balio sinboliko indartsua duena. Literatura Nobel sariaren inguruko albisteak kanporanzko begirada eragiteaz gain —eta beste hizkuntza eta lurralde batzuetan egiten den literaturaz hausnartzera gonbidatzeaz gain—, lekuan lekuko literaturaren inguruko galderak sorrarazten ditu. Komunitate literario txikietan are gehiago. Euskal literaturan, esaterako, Literatura Nobel sari baten albistearekin batera, itzulpenarena izan ohi da lehen ezinegona, idazlea «geure» egin ote dugun ziurtatzeko.
Alice Munrok jasoko du Literatura Nobel saria 2013. urtean. Aurtengoan, zorionekoa izan da albistea, Alice Munroren Zorion handiegia narrazio-liburua argitaratu zuelako iaz Meettok argitaletxeak, lau itzultzaileren eskutik (Aiora Jaka, Nagore Tolosa, Itziar Otegi eta Naroa Zubillaga). Eta gertaera horrek, euskal literaturaren egungo dinamika indartsu zenbait ikusgarri egin ditu. Bat: badira argitaletxe txiki eta berri batzuk itzulpen politika arrakastatsu eta ausartak sustatzen (Meettok, Pasazaite…). Bi: bada itzultzaile belaunaldi berri bat literatur itzulpenaz hausnarrean, eta aldi berean, itzulpenaren bitartez literatura ikuspegi berriak geurera hurbilduz (Elearazi blogaren ekarpena ere bide horretantxe doa). Hiru: itzulpen-lan kolektiboa ere badugu, itzultzaile horien arteko elkarlana ikusgarri egiten duena.
Gainera, narrazio laburrak saritu ditu aurten Literatura Nobel sariak —ezohikoa dena sariaren ibilbidean—; euskal literaturan oso indartsu dago narrazio laburren genero literario hori egun. Aurtengo Literatura Nobel sariak ispilu eder bat utzi digu, euskal literaturaren dinamika berri eta emankor zenbait ikusgarri egin baititu.