Jabi Asurmendi Sainz / 2013-11-13 / 538 hitz
Azkenaldian, cookiei buruzko jakinarazpenak hasi dira agertzen Europako hainbat webgunetan, Europako Batasunean kaleratutako zuzentarau batean dago horren zioa. Horren ondorioz, webgune asko behartuta daude erabiltzen diren cookiak jakinaraztera eta onartzeko edo deuseztatzeko bideak ematera.
Aurreko artikulu askotan aipatu den bezala, etxe edo enpresa batean Internet edukitzeak norberaren sarean edo ordenagailuan ate bat dagoela esan nahi du. Hori, printzipioz, ez da txarra, ate horri esker kanpora atera daitekeelako. Baina ate horri esker, era berean, barrura sartu ahal da, eta horixe babestu behar du bereziki edozein Internet erabiltzailek.
Bada, ingelesez firewall deritzona, edo suebakia euskaraz, oso baliagarria izan daiteke, kanpora begira dagoen ate hori giltzapean ondo ixteko eta, gainera, norbaitek edo zerbaitek baimenik gabe ate hori gainditu nahi duen ohartarazteko.
Zer egiten dute?
Suebakiek hesi bat sortzen dute sare edo ordenagailu pribatuaren eta sare publikoaren artean (Internet, oro har). Suebakiaren bitartez, sare erabiltzaileak Internetera atera daitezke, baina Internetetik ezin da suebakiaren hesia zeharkatu, aurretik baimendu ez bada.
Nola jarri suebakia?
Hainbat suebaki mota daude. Adibidez, Internetera konektatzeko router bat izanez gero, ziur asko, firewall bat etorriko da txertatuta router horretan. Gainera, normalean, router hori lehenetsita dator konfigurazioan, ez sartzeko ohikoa ez den trafikorik. Aukera hori oso egokia da. Batetik, sar litekeen erasoa edo nahi ez den trafikoa sare pribatura sartu aurretik mozten delako. Beraz, nahi ez den trafikorik ez da heltzen, ezta sare pribatura ere, are gutxiago sare pribatuan dauden zerbitzari eta ordenagailuetara. Bestetik, sarera konektatzen den ordenagailu bakoitza wifi edo kablearen bitartez babestuta geratzen da.
Gainera, ordenagailuetan ez da ezer instalatu behar, ezta ezer mantendu behar ere; oso erosoa da, eta ez da babesa galtzen sistema eragilez aldatzen bada edo ordenagailua formateatzen bada. Zibergelaren aurreko artikulu batean router bat nola konfiguratu azaldu zen, hona hemen artikulua: http://zibergela.bitarlan. net/2009/10/08/etxeko-edo-enpresa-txikientzako-routerrak/
Routerrez aparte, suebaki fisikoak ere eros daitezke, baina ez dira oso merkeak: 250 euro baino gehiago balio dute. Suebakiak ekoizten dituzten markarik ospetsuenak D-Link, Cisco eta Zyxel dira. Ordenagailu zahar batekin ere suebaki bat konfiguratu ahal da, bi sare txartel baditu. Hori bai, azken aukera hori, merkea bada ere, teknikoki korapilatsuagoa da. Suebaki bat martxan jartzeko beste aukera bat da ordenagailuan bertan instalatzea. Firewall bat ez da soilik gailu fisiko bat. Firewall aplikazio asko daude, instalatzeko eta erabili ahal izateko sistema eragileetan. Aukera hori egokia da sare bat ez badago eta ordenagailu bakar batean martxan jarri behar bada. Sistema eragile batzuek firewall bat ekartzen dute lehenetsita; adibidez, MS Windows, XP SP2 bertsiotik aurrera. Baina, normalean, ez dituzte eskaintzen firewall aplikazioek besteko aukerak.
Firewall aplikazioak
Ubuntu eta GNU/Linux sistemetan, iptables izeneko suebakia oso ezaguna da. Hala ere, erabiltzeko nahiko latza da, kontsola moduan konfiguratzen delako. Horrenbestez, badaude hainbat aplikazio grafiko firewall bat konfiguratu ahal izateko leiho sistemaren bidez. Gero aplikazio grafiko hauek azpitik erabil dezakete iptables edo ez. Adibidez: Firestarter, Gufw eta Guarddog. Haiek guztiak eta beste batzuk Ubuntu Software Biltegitik edo pakete kudeatzailetik deskarga daitezke.
Mac Os X ordenagailuetarako erabil daitezkeen suebakiak dira: DoorStop X Security Suite (http://www.opendoor.com/doorstopsuite/), IPNetSentryX (http://www.sustworks.com/site/prod_sentryx_overview.html), Norton Personal Firewall (http://us.norton.com/products/overview.jsp?pcid=ma&pvid=npf30mac) edo NoobProof doakoa (http://www.hanynet.com/noobproof/).
MS Windows sistemetan bi fi-rewall libre eta doako nahiko jatorrak dira, besteak beste: WIPFW (http://wipfw.sourceforge.net/) eta Isafer (http://isafer. sourceforge.net/). ZoneAlarm ere deskarga daiteke dohainik, nahiz eta librea ez izan, eta ordainpeko bertsioak ere eskaintzen dira.
Hona hemen Zone Alarm aplikazioaren webgunea: http:// www.zonealarm.com/.