Alex Gurrutxaga / 2013-11-17 / 477 hitz
- Izenburua: Adiskide bat nuen
- Egilea: Joxean Agirre
- Argitaletxea: Elkar
Romain zen bere izena (2003) lanarekin markatu zituen, ziurrenik, bere literatur kantxa berriaren neurriak Joxean Agirrek. Ordutik hona beste hiru nobela argitaratu ditu eta, aurrekoak bezala, Adiskide bat nuen idazleak ongi kontrolatzen duen kantxa horretan jokatzen da.
Nobela honek badu, halere, beste «kondizio» ageriko bat: La lutte finale (2008) nobelarekin paralelismo argiak ditu. Esango nuke hura irakurria duen irakurlea gutxienez harrituta geratuko dela: gai eta ideia nagusi antzekoez gain, luzera berbera, hasiera paraleloa, Garibaldi pertsonaia eta beste hainbat parekotasun daude.
Trama interesgarria du nobelak, bi hari nagusiri jarraituz eta biak korapilatuz gauzatzen dena; poesia eta iraultza terminoek ongi adieraz dezakete binomioa: batetik protagonista nagusiaren amodio istorioak daude, eta bestetik bere lagun Garibaldiren gorabehera politikoak. Garibaldik bere garaian euskal gatazkan parte hartu zuen belaunaldi bat irudikatzen du (70en inguruan hogei bat urte zituztenena) eta idazleari aukera ematen dio gai horretaz hausnartzeko. Hain zuzen, liburuaren hasieran Iban Zalduaren aipu bat dago, zeinak gogorarazten digun (Ricoeur jarraituz) historiak ahazten duenaren aurrean «idazleak eta beste artista batzuen lanek garrantzia» hartzen dutela. Horretan saiatu da idazlea.
Aipaturiko beste hariak ez du indar gutxiago. Bikote harreman dekadentea du protagonistak eta bere amodio aferak (egiazkoak zein fantasiak) ez dira makalak. Protagonista-narratzailearen karakterizazioa klabea da puntu honetan. Pertsonaia antiheroia da, asko pentsatu eta deus gutxi egiten duen neurotikoa; identitate lausoa du (fijatu Sara Morantek egindako azaleko irudian), bere izenik ere ez dakigu, eta jendeak bere ezagunekin nahasten du. Narratzaile gisa ere ez da fidatzekoa, gauzak asmatzen ari baita etengabe: errealitatearen eta irudimenaren artean bizi da, fantasiaren (literatura barne) eta egiazkoaren artean.
Formari begiratzen badiogu ez dago zalantzarik, gustatu ala ez, beste inorekin nahastu ezinekoa dela Joxean Agirreren literatura. Oso fragmentarioa da (zentzu askotan) eta errealitatea atzemanezina gertatzen zaio narratzaileari. Horregatik, anbiguetate moduko batek zeharkatzen du nobela. Bestalde, metaliteratura oso garrantzitsua da: batetik, protagonistaren izaera dela-eta (hiru dozenatik gora egile aipatzen dira), baina batez ere azken atalak nobela osoa klabe horretan kokatzen duelako (eta ezin dut gehiago aurreratu). Tonuan, berriz, hizkeraren bizitasuna nabarmentzen da, arina eta gustagarria, baina ez hargatik grisa, oreka eta dotorezia ematen baitute tarteka agertzen diren esaldi luzeagoek, egitura paralelistikoek eta bestelako errekurtsoek.
Umorea da Joxean Agirreren literaturako beste osagai klabea. Are nabariagoa hemen, gai nagusi bat heriotza baita: zalantzarik gabe tragikomediaz hitz egin genezake. Esan behar da, La Lutte finale-n bezala, nobela zinez dotore hasten dela eta amaierako kapituluetan tonu grabea gailentzen dela. Beharbada modu nahiko baldarrean egiten da aldaketa (27. atalean), eta akaso horixe da literatura honen arrisku nagusia, gorabeheratsua izatea. Edonola ere, esan bezala amaiera aldera daude gogoeta nagusiak Historiak baztertutakoei (deslekuan daudenei) buruz eta euskal gatazkari buruz. Esanguratsua da, bidenabar, Trieste hautatzea kokalekutzat, mugako hiria baita (un’identità di frontiera duena, Magris eta Ara-k idatzi zutenez), eta narratzaileak dioen bezala, «aberririk gabeen aberri».
Hitz batean, nobela ona da. Eta beste kontu garrantzitsu bat: estiloa du. Ez ote gaitu ba estiloak salbatuko?