Piztiak bizi diren artean

Ion Olano Carlos / 2013-12-15 / 683 hitz

Maurice Sendak idazle eta ilustratzaileak 1963an plazaratu zuen ‘Piztiak bizi diren lekuan’ album ilustratua. Mende erdia igarota, ia 20 milioi ale saldu ondoren ere, oraindik ere ez dio utzi mundu osoko haur eta helduak liluratzeari.

Gau batez otso-larrua jantzi zuen Maxek». Hitz horiekin hasten da Piztiak bizi diren lekuan liburua—aditu askoren ustez, XX. mendeko lanik garrantzitsuena Haur eta Gazte Literaturan (HGL)—. Kontakizunak 38 orrialde baino ez ditu hartzen, marrazkiak barne; izatez, testuak 300 hitz inguru ditu, soilik. Alabaina, hitzen eta irudien uztarketa magikoa tarteko, milioika irakurle harrapatuta geratu dira Maurice Sendak (1928-2012) egile estatubatuarraren lan horrekin.

«Ez da ene lanik kuttunena, baina oso maite dut, eta zinez harro nago liburu horretaz. Konforme nago, lan horregatik oroitua banaiz». Hala adierazi zion Leonard Marcus historialariari Sendakek berak, 1988ko elkarrizketa batean. Ordurako, mende laurdena betea zuen Piztiak bizi diren lekuan lanak; halere, artean, bide luzea zuen egiteko. Izan ere, hogeita bost urte geroago, bero-bero dirau Sendaken lanak.

Egun, adituek aho batez aitortzen diote maisutasuna album ilustratu horri. Hasieran, ordea, haurrak izutu nahi izatea egotzi zioten egileari kritikari batzuek. Sendaken helburua, berez, kontrakoa zen: haurren irudimena serioski landuz, lagundu nahi zien beren beldurrak ezagutzen eta menderatzen. Ezin baita saihestu beldurrekin bizitzea; bai, ordea, beldurrez bizitzea.

Bikaintasun eredu

Imanol Mercero BERRIAko kritikariaren ustez, «aparteko dohainak» ditu Piztiak bizi diren lekuan lanak, bi arrazoirengatik: «Batetik, argitaratu zen urteetan ezohikoa zelako haurren psikologiaren halako erretratuak egitea literaturan, haurrentzat zein helduentzat. Haur baten pultsioak eta emozioak diren bezala agertzea, filtrorik edo juzkurik gabe, ezohikoa zen eta, tamalez, oraindik ere ezohikoa da. Bigarrenik, kalitate narratiboa nabarmentzen zaio; halako adinetarako obren gidoiak ahulak eta errepikakorrak izan ohi dira, originaltasun gutxikoak. Sendaken lanak, ordea, lortzen du ilustrazioen bikaintasun estetikoaren adinako bikaintasun narratiboa». Era berean, Mercerok azpimarratzen du «guztiaren uztarketan» lortzen duela bikaintasuna.

Alde horretatik, Mikel Ayerbe literatura irakasle eta Galtzagorriko kideak «uztarketa hori lortzeko erabiltzen diren baliabideak» goraipatzen ditu. Ayerberen esanetan, «hitzak ematen dio hasiera ipuinari, hasiera iradokitzaile, bikain eta erakargarri horrekin»; ilustrazioak eta hitzak bereizita ageri dira hasieran, baina pixkanaka, «hitzek ere beren bidea egiten dute, istorioa harilkatuz eta ilustrazioekin bat eginez». Liburuaren erdialdean, «hitzak desagertu, eta irudiek hartzen dute erabateko leku eta protagonismoa»; apurka-apurka, hitzek lekua hartzen dute ostera, Maxen bidaia bukatu, eta albuma «zuritasun erabatekoan» amaitu arte.

Haur literaturaren historian 1970eko hamarkadara artekoa eta ostekoa bereizteko ohitura dago, Merceroren esanetan. «Ordura arteko haur literaturari leporatzen zaio laua eta pedagogikoa dela, eta faltsuki iradokitzen duela haurren mundua ideala eta amaigabea dela». 70eko hamarkadatik aurrera, HGLn ikusmolde errealistagoa garatzen hasi zela dio Mercerok, eta joera horren aitzindari izan ziren zenbait egile aipatzen ditu: Leo Lionni, Tommi Ungerer eta Roald Dahl, besteren artean. Egile horien lanetan «giza harremanen konplexutasuna eta barne gatazkak» ageri dira, «gai-taburik gabe, munduaren gazi-gozoak erakutsiz».

Ayerberen iritzian, «haurrek zein helduek ditugun sentimendu monstruosoak ulergarri bihurtzen laguntzen» du Piztiak bizi diren lekuan lanak. Era berean, uste du bere horretan laburbiltzen duela «album ilustratu perfektu batek» izan beharko lituzkeen osagai guzti-guztiak. «Hori horrela, ulertzekoa da Sendaken albumak bereganaturiko arrakasta eta sona HGL eremuan».

Egokitzapenak

Hogeita hamabi hizkuntzatan irakur daiteke Where the Wild Things Are; zorionez, baita euskaraz ere, Kalandraka argitaletxearen eskutik, Koldo Izagirreren itzulpenean. Max umearen istorioak, berriz, beste euskarri batzuetara ere egin izan du jauzi. 1974an, Sendaken lanean oinarrituta, animazioko film laburra zuzendu zuen Gene Deitch ilustratzaileak. Bestalde, 80ko hamarkadan, haurrentzako opera konposatu zuen Oliver Knussen eskoziarrak, baita nazioartean taularatu ere.

Orain dela 30 urte, 1983an, ordenagailu bidezko animazio proba batzuk egin zituzten Walt Disney estudioetan, gerora Pixar estudioetako buru izan zen John Lasseter gidari zela. Hain zuzen, Piztiak bizi diren lekuan liburuko ilustrazioak erabili zituzten proba horiek egiteko. Nolanahi ere, egokitzapen entzutetsuena 2009an heldu zen zinema aretoetara: alegia, Spike Jonze zuzendariaren film luzea, Where the Wild Things Are.

Askoren harridurarako, film hura ez zen animaziokoa, baizik eta hezur-haragizko aktoreekin egina. Liburuko piztiak irudikatzeko, panpinak eta ordenagailu bidezko animazioak uztartu zituzten. Emaitza ikusgarria eta bikaina lortu zuen Jonzek, album ilustratuaren estiloa fidelki errespetatuz, eta Max umearen istorioari sakontasun errealista emanez. Aipatu beharra dago, halaber, Maurice Sendak bera izan zela filmaren produktoreetako bat. Edonola, irakurketak irakurketa eta egokitzapenak egokitzapen, argi dago lan horrek bero-bero iraungo duela, piztiok bizi garen artean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.