Aitor Aretxaga / 2014-01-22 / 158 hitz
Donkey Kongen upelak maldan behera saihesten, edo Mario eta Luigi anaiekin batera perretxikoak batzen. Bi dimentsioko bideo jokoetan jolasten ziren 1980 eta 1990eko hamarkada arteko belaunaldiak. Erronka handiagoen bila, haien maila propioak paperean marraztu eta bideo jokoak sortzearekin amesten zuenik ere bazen, tarteka.
Belaunaldi horietako haurrak zein oraingoak, amesteari utzita, bi dimentsioko bideo jokoen mailak diseina ditzakete eta haietan jolas daitezke orain. Merkatuan parekorik ez duen ideia da Pixel Press Floors, telefonoetarako, tabletetarako eta webetarako aplikazioa.
Nahikoa izango dituzte gailu gutxi batzuk eta irudimena: arkatza, papera, inprimagailua eta telefono edo tableta bat. Haien atarian deskargatu behar da, eta inprimatu; ondoren, txantiloi batean laukitutako eremua bete; amaitzean, kamerarekin argazkia atera, eta bideo jokoa egingo da. Pantailak igo eta lagunekin parteka daitezke, baita besteek egindakoetan jolastu ere.
Finantzaketa kolektiboari esker, egia bihurtu dute, hasierako eskabidea aspaldi beteta. Baina oraindik ez dago eskuragarri. iOS plataformarentzat martxorako iragarri dute, eta Androidentzat, berriz, ekainerako. Bideoak ikusteko, txantiloia jaitsi behar da. Informazio gehiagorako:
http://projectpixelpress.com/.