Aitor Aretxaga Agirre / 2014-02-12 / 414 hitz
Pantaila edo monitore berri bat erostean, ez da samurra izaten ordenagailura konektatzeko kablea aukeratzea; norbere gailuaren erretenarekin bateragarria den bat bilatu behar da. Gainontzean, egokigailu bat eros daiteke.
Bideo txartelak du ordenagailutik bideo seinalea igortzeko ardura. Pantaila konektatzeko erretenak izaten dira haren bistako osagarri bakarrak. Mahai gaineko ordenagailuan, atzean egoten dira, eta, eramangarrian, berriz, aldamenean. Erreten horietan txertatzeko bideo kableak etengabe joan dira berrituz eta garatuz: VGA, DVI, HDMI… Garai digitalean sartutakoak dira, eta bereizmen eta eskaera berrietara moldatu behar izan dute. VGA konexio klasikoa da, hain zuzen, pantaila berdeak zituzten aurreneko ordenagailuetatik gaur egun mantentzen den bakarra.
VGA
Konexio hedatuena da egun ere. Gezurra dirudien arren, azken belaunaldiko telebistek eta pantailek konexio hori dute oraindik ere, baina kalitate arazo larriak ditu jada.
Video Graphics Array (Bideo-grafikoen egokigailua) 1988an agertu zen, IBMren eskutik. Hamabost hagin dauzka, eta erabat analogikoa da. Duen arazo nagusia da digitaletik analogikora bihurtzean informazioa eta kalitatea galtzen direla. Pantailan kolore gutxi onartzen ditu, eta ezin dezake jasan bereizmen handirik. Hala eta guztiz ere, egungo estandarra VGA da. Formatu horretara bihurtzeko osagarriak garesti saltzen dituzte.
DVI
1999an agertu zen Digital Visual Interface (Interfaze digital bisuala). Guztiz digitala zen konexio bat izatea zuen helburu. Trabak eragiten zituzten zarata eta irudien distortsioa desagerrarazi zuen aurrenekoz. Edo hasieratik ondo ikusten da, edo ez da ezer ikusten.
Seinale analogikoak ere garraia ditzake, eta 24 eta 29 hagin bitartean ditu. Itxuraz VGAren berdina denez, nahasmena sor dezake. Batetik bestera pasatzeko egokigailuak badira; merke, gainera. Bereizmen handiarekin bateragarria da, eta bideo edo eskaneatu progresiboa onartzen du. Hori erabilgarri duten telebistek PAL sistemaren oker nagusia leuntzen dute. Sistema horretan, irudia berriztatzen den moduaren ondorioz kliskatu edo eten egiten dela esaten da.
HDMIren berbera eskaintzen du DVIk. Baina, hala ere, hura nagusitu zaio. Marka batzuen interesek eta iragarki kanpaina handiek lagundu diote horretan.
HDMI
Txikia da, erosoa, erabilerraza. Bideoaz gain, soinua ere garraiatzen du. Azken belaunaldiko bideo jokoek eta Blu-ray sistemek ireki diote bidea, eta, orain, nagusi da bereizmen handiko esparruan. High-Definition Media Interface 2002an agertu zen. Sektorearen babes handia izan zuen. Sony, Philips, Hitachi eta Panasonic etxeak izan ziren babestu zutenetako batzuk. Ez da librea, eta jabetza intelektuala babesteko teknologia daraman kable bakarra da. HDCP izeneko sistema martxan jarriz gero, kopien kontrako babes neurriak ezarri ahal zaizkio kablea garraiatzen ari den edukiari; kalitatea gutxituz, adibidez.
Bertsio desberdinak dauzka, eta ez dira elkarrekin bateragarriak. Adibidez, 4K bereizmeneko bideoa egin nahi bada ordenagailuan, HDMI 2.0 bertsioko kablea beharko da; eta, noski, ordenagailuaren bideo txartelak hori onartu ahal izan beharko du.