Hiru ipuin, EHUko ikasleek aztertuta

Erredakzioa / 2014-04-17 / 278 hitz

Alberdi, Apalategi eta Zalduaren bilduma bana da aztergai ‘Euskal prosa aztertuz. Kritiko berrien ahotsa II’ obran.

Iban Zalduaren Etorkizuna (Erein, 2005), Uxue Alberdiren Aulki bat elurretan (Elkar, 2007) eta Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak (Susa, 2010) ipuin liburuak aztertu dituzte EHUko Letren Fakultateko hainbat ikaslek, Jon Kortazarrek Eunate Gurrutxaga laguntzaile duela koordinaturik, Euskal prosa aztertuz. Kritiko berrien ahotsa II liburuan (Euskal Herriko Unibertsitatea).

Zalduaren Etorkizuna-ren azterketa Oihane Callejerok, Eunate Gurrutxagak eta Alazne Landetak egin dute; Alberdiren Aulki bat elurretan Mikel Mujikak, Iñigo Otsoak eta Julio Sotok aztertu dute; Apalategiren Fikzioaren izterrak, Iñaki Beristainek, Ageda Galarragak eta Amaia Elortegik. Azken atalean, Bideojokoen narratiba aztertu du Ander Gezuragak.

Duela bi urte kaleratu zen Euskal prosa aztertuz. Kritiko berrien ahotsa liburua, hura ere Jon Kortazarrek koordinatua. Liburu hura, sail bereko bigarrena ez bezala, Utriusque Vasconiae argitaletxeak kaleratu zuen.

«Sakonean Euskal prosa aztertuz. Kritiko berrien ahotsa II hau aurrekoaren jarraipena da, eta haren helburu bera du», azaldu du Kortazarrek hitzaurrean. «Irakaskuntzan, eta batez ere literaturen irakaskuntzan, ari garenok badakigu, jakin, gure ikasleen trebezia handia dela, eta adi egon behar dugula, nekatu gabe, ikasleen irakurketak eta haiei buruz dituzten iritziak haiengandik entzun eta jasotzeko, haiekiko elkarrizketak aberasten baikaitu. Prentsan elkarrizketa bat egiten didaten bakoitzean, ikasleengandik gaurko literaturaz asko ikasten dudala aitortzen dut».

Bi adibide argigarri ere aipatzen ditu Kortazarrek: «Ezin dut ahaztu Xabier Montoiaren Gasteizko hondartzak (1997) liburuaren balioa ikasle batek erakutsi zidala, eta ondoren Euskadi sarian aipatu nuela lana, eta akzesita lortu zuela; ikaslea, berriz, euskal ipuingintza modernoaren ikertzaile saiatua bihurtu zaigu, Alvaro Rabelli; edo beste ikasle batek seinalatu zidala Lourdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion (1999): liburuak egin duen ibilbidea harrigarria izan da, zorionez; orduan ere ikaslea bikaina zen, Iratxe Retolaza».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.