Izenik gabe, itzalak sortzen dira

Imanol Mercero / 2014-04-20 / 396 hitz

  • Izenburua: Gerrak ez du izenik
  • Idazlea: Leire Bilbao
  • Ilustratzailea: Maite Mutuberria
  • Argitaletxea: Pamiela

Euskarazko album ilustratuei urtero banatzen zaien Etxepare sariaren zazpigarrena Leire Bilbao (Ondarroa, Bizkaia, 1978) idazleak eta Maite Mutuberria (Eltzaburu, Nafarroa, 1985) ilustratzaileak eskuratu zuten, Durangoko bonbardaketari buruzko obra urragarri honekin.

Dituen 36 orrialdeetan, Gerra eta gerrak eragiten duen saminaz hitz egiten zaigu, bai narrazio lehor eta hainbatetan sinboliko den testuarekin, bai garaiko argazkiez baliatzen den ordenagailu bidezko ilustrazioarekin ere.

Kontakizuna 1937ko martxoan gertatzen da, eta bonbardaketaren aurreko egunak eta bonbardaketa eguna bera hartzen ditu, fokua herritar zibilengan jarrita, neskato baten bizipenen bidez.

Idatzizko elementu guztiak, izenburutik hasi (Gerrak ez du izenik) eta narrazioaren muineraino, protagonistaren amamaren ahotik irtendako «izenak izana dakar» esaeraren hausnarketatik eratortzen dira. Amonaren baieztapena gerrak sortzen dituen kalamitateei aurre egiteko bitarteko gisara aurkezten da, zeren eta «Tristura ez badugu izendatzen, ez gara triste egongo…», edota «Gosea ez badugu izendatzen, ez dugu goserik izango, inurri tropel bat baino ez, dantzan, gure sabelean». Agian, horixe da protagonista mutututa ibiltzearen arrazoia, aspaldiko hilabeteetan ez baitu hitzik esan; agian, horregatik, Durangoko herritarrak mututuz joango dira gerrak aurrera egin ahala… Baina, azkenerako aitortuko zaigu ezarritako hitzak ezin direla ezabatu: «Beldurra, samina, gerra… ikusten hasi da. Gris eta gordin. Amamak esan bezala, izenak izana ekarri du Mirentxuren begietara».

Mirentxurekin egindako hautuaren aurka, ematen du anonimotasunak indarra emango liokeela testuak aldarrikatzen duen mezuari, bereziki gerra-xedea herritar zibila denean, Durangokoan izan zen bezala.

Hausnarketa horren aldeko da, nire ustez, ilustratzaileak Gerediaga elkarteari esker eskuratutako argazkiekin garatu duen lana. Azalak berak —zazpi haur anonimoren argazkia— erakusten digu jendarte anonimoaren irudiaren beharra gerrak esan nahi duen hilketa kolektiboaren ideia azaltzeko. Berdin gertatzen da 12-13. orrialdeetako argazkiarekin: dozena bat lagun gerritik behera, erdigune baten inguruan. Horra herritarrak euren plazan, horra biktimak.

Are gordinagoa da ankerkeria airez hartutako argazkietan. Hor jada ez dago ñabardurarako tartetik, helduak zein gazteak, titikoak zein agureak, teilatupe horietan dagoen edonor da gerra-xede.

Argazki horiekin batera, marraztuta ageri dira protagonista, Mirentxu, haren amama eta ama. Haiekin, haur-marrazkitxo batzuk, eta mordoxka bat inurri, kilker eta intsektu, belar sorta batzuk, eta arbolaren bat… Haizea, giro itogarri honetan.

Orain arte esandakoak agerian uzten du haurrentzako izendatutako literaturak dituen mugak. Nekez eskain liteke album hau haur bati, duen adina duela, heldu baten bitartekaritza lanik gabe.

Obra honen gaiak eta zehaztasun historikoaren beharrak ohiko parametroetatik irtenarazten du. Gure erabakia da euren ondoan jartzea, baina ez ezazue haurra gerraren aurrean bakarrik utzi, arren.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.