Alex Gurrutxaga / 2014-04-20 / 444 hitz
- Izenburua: Hobe konttzen ez badidazu
- Apailatzailea: Aritz Galarraga
- Itzultzailea: Gerardo Markuleta
- Argitaletxea: Pasazaite
Antologiek badute izaera polemiko bat per se, edozein delarik ere egileak hautatzen duen generoa. Berehala ulertzen da zergatik…». Lourdes Otaegi adituaren hitzak dira (artikulua Erlea-n). Antologia are polemikoagoa izaten ohi da literatura garaikideari badagokio, baita norberarena ez den literatur sistema baterako egina izan bada ere, eta are gehiago hautaketa egiteko testutik kanpo dauden irizpideak ezartzen badira, hala nola idazlearen generoa, adina, jatorria, erlijioa edo sistemaren baitan duen kokagunea. Azken batean, zergatik daude batzuk eta ez besteak?
Aritz Galarragak esan du ipuin onak aukeratu dituela; onenen antologia genuke, beraz. Aitortu du, gainera, behin Quim Monzo-ren ipuinak hautatuta, ez zaiola erraza egin maila horri eusten dioten lanak aurkitzea —bidenabar, bere hitzaurrea Monzoren 2007ko Frankfurteko hitzaldi-ipuinaren «bertsioa» da—. Eskertzeko aitorpena da, ausarta ere bai, akaso, Monzoren zentralitatea kontuan izanda, eta erakusten du antologoak kalitateari begiratu nahi izan diola nagusiki. Hala ere, ezin ukatu politikoki nahiko zuzena «atera» zaiola: idazle zaharrena 1952koa da eta gazteena 1972koa, bost idazletik bi dira emakumeak eta hiru gizonak, eta denen artean katalanaren lurraren izkina (Seres Aragoiko Saidikoa da sortzez) zein hiriburua irudikatzen dituzte.
Hamalau ipuin dira, ia denak XXI. mendekoak, eta, guztietan ezer nabarmentzekotan, errealismoa aipatu beharko genuke. Beharbada, Sergi Pamiesen literatura da errealismoaren kontzepzio ohikotik gehien urruntzen dena; absurdoa, surrealismoa eta fantasia agertzen dira haren ipuinetan, eta literaturaren ludikotasuna azaleratzen da.
Monzoren ipuinek pertsona bere miserablean erretratatzen dute. Oso ongi ikusten da hori ipuinotan: Gure anaia (El meu germà jatorrizkoan) ipuineko egiantzekotasunaren haustura eta fantasia, Batzordea-ko absurdoa, eta Beneset jauna-ko tonuaren hoztasuna sakoneko errealismo kritikorako hiru bide paregabe dira. Ipuinon atzetik, dezenteko tonu aldaketa dakarte Inma Monsorenek: ez hain leherkorrak, luzeago eta barnekoiagoak dira; bildumari titulua ematen diona nabarmentzen da, minbizia hartzen duena biziminaz eta bakardadeaz, beldurraz eta heriotzaz mintzatzeko ardatz gisa.
Empar Moliner eta Francesc Seresen ipuinak izan daitezke errealismo sozialera gehien hurbiltzen direnak. Seresek periferiako mundu bat dakarkigu, «jende ohikoena», maila apaleko klasearen bizimodua. Molinerrek, berriz, tragedia garaikideak birsortzen ditu bere ipuinetan; halaxe, esaterako, abortuari buruzko Melodie Nakachian ipuin gogorrean.
Lehendik poesia katalan antologia bat bageneukan, hura ere Gerardo Markuletaren itzulpenekin osatua, eta dagoeneko ezinbestekotzat jo genezakeena. Denbora beharko dugu —literaturak iraupen (pittin bat) luzeagoa baitu hedabideen aparrak eskaintzen duen istanta baino— egiaztatzeko antologia honen errepresentazioa zenbateraino den zehatza egungo ipuingintza katalanari dagokionez.
Antologoak kalitatea bilatu du eta, inondik ere, ipuinok badute. Inork esango du balio estetikoa subjektiboa (ere) badela, eta hala da, baina Otaegik dioena ere egia da: «Literaturazale guztiok dakigu testuen kalitatea eztabaidagarria izan daitekeela, eta hautatzen duenaren begietan dagoen irizpide kritikoaren araberako edertasuna duela. Baina badakigu gisa berean antologoa nekez erratzen dela funtsezkoan, eta ez dela gehiegi aldentzen bere garaiko balorazioetatik».